Errefuxiatu palestinarrei giza laguntza emateko lan egiten duen NBEren agentziari jarduna galarazi diote. Asteartean onartu du legea Israelgo legebiltzarrak, gehiengo oso zabalarekin. 1967an sinatu zen akordioa indargabetuko du Israelek.
Israelgo Gobernuko bazkideek ez ezik, oposizioko alderdi askok ere babestu dute Gazako zerrenda barnetik are gehiago birrintzeko plana. Astelehen arratsean onartutako legeen bidez, aurrerantzean, Nazio Batuen Erakundearen parte den UNRWA agentziaren kanporatzea gauzatzen bada, soil-soilik Israelgo Estatuaren edo armadaren bidez iritsi ahal izango da laguntza humanitarioa ematera. Beste hitz batzuetan esanda: ez da iritsiko. Orain arteko nazioartean esku bakarrak, 1967tik, Palestina barnean, UNRWArenak ziren.
Joan den urteko urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak UNRWA agentziaren 232 langile hil ditu gutxienez. Nazioarteak gaitzetsi arren, Israelek ez du eraso haietaz hitz egin izan; are gehiago, ministroren batek proposatua zuen UNRWA bertatik kaleratu behar zela. Eta heldu da eguna: 120 parlamentaritik 92k bozkatu dute UNRWAren jarduna etetearen alde. Zehazki, mozio bidez onartu dute UNRWA kaleratzea Jerusalem Ekialde okupatutik, Zisjordaniatik eta Gazatik. Jarduten duen leku horietan hezkuntza, osasuna eta bestelako zerbitzuak ematen ditu UNRWAk.
60 urte dituen hitzarmena, indargabetuta
1949ko abenduan sortu zen UNRWA agentzia, NBEren eskutik, Nakban 1948an gertatu zen exodoa eta gero. Israelgo Estatuaren aldarrikapenak eta David Ben-Gurion lehen ministroaren politika zapaltzaileek alarma piztu zuten nazioartean, eta NBEren Batzar Orokorrak esku hartzea erabaki zuten.
Israelgo Gobernuak gerora, 1967an, Sei Eguneko Gerran, ordurako jada Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatuta zituela, akordioa sinatu zuen NBErekin, UNRWA agentzia arduratuko zela palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz.