2023ko urriaren 7az geroztik, asteartean bozkatu dute lehen aldiz Israelen; funtsean, Netanyahu bai ala ez, horixe erabaki behar zuten. Bozken gehiengoa zenbatuta –eta emaitza aldatzeko aukera gutxirekin–, Netanyahuk hauteskundeak irabazi bai, baina ez du behar beste babes izango gobernua osatzeko. Datozen egunetan alderdi arabiarrak izango dira gakoa, diputatu kopurua nabarmen irabazita, oposizioko alderdiei babesa eskaini eta gobernua eratu baitezakete. Palestinan eta Israelgo palestinarren artean tentsio handiz bizi izan dute asteartea, “inoizko egoerarik okerrenean” izaki, hauteskundeak “azken aukera” gisa hartu baitituzte. Ramallah-n (Zisjordania) bizi da Antxon Barroso (Izarra, Araba, 1997) EHUko ekonomia ikerlaria; behin-betiko emaitzen esperoan, hauteskunde gauaren irakurketa egin digu.
Emaitza gazi-gozoa Netanyahurentzat: hauteskundeak irabazi, baina ezingo du gobernurik eratu. Sorpresaz harrapatu zaitu?
Oraingo emaitzak ikusita, inkestek esaten zutenaren oso antzerakoa da: Netanyahuk galdu du bere blokearen gehiengoa, hori da titular handia. Egia da espero zena baino gutxiago jaitsi dela, eta hori bere meritua da, berak lortu baitu emaitzei eustea; botoak galdu dituztenak eskuin muturreko alderdiak dira. Deigarria da, eta bi arrazoi izan daitezke: edo ez dute lortu euren hautesleria mobilizatzea, edo, ziur aski, kontrakoa, alegia, besteak gehiago mobilizatu direla.
Emaitza argiena parte-hartzea da, izugarria izan da [%80 ingurukoa], eta batez ere bi sektoretan ikusi da: sektore arabiarrean –biztanleriaren %20–, eta hautesleria liberalean. Horiek normalean Israelgo gehiengo isila izaten dira, bozkatzera ere joaten ez direnak, baina oraingoan bai, eta Netanyahuren ezkerrera dauden alderdiei ematen diete bozka. Gainera, lortu dute atzerritik jende asko etortzea bozkatzera, Israelen ezin baita korreoz bozkatu. Normalean ez dira etortzen eta ez dute bozkatzen, baina oraingoan bai, eta ikusi da. Horregatik galdu du Netanyahuk gehiengoa; are, ez dago gehiengorik, oposizioak ere ez dauka. Hor dago zalantza.
Zein aukera egon daitezke orain?
Gutxiengo gobernua osatzea ezinezkoa da ia, eta ematen du nolabaiteko akordio batera iritsiko direla alderdi arabiarrekin, baina ez koaliziozko gobernu batean, dena baitago oso polarizatuta. Akordiora heltzea da aukera bakarra, bestela, hauteskundeak berriro: 2019tik 2022ra bost hauteskunde izan ziren Israelen, ez litzateke ezohikoa izango.
"Netanyahuk ordaindu du, baina ez Gazako genozidioa edo Libanon edo Sirian egiten ari dena; garesti ordaindu duena da urriaren 7ko informazioa izatea eta ezer egin ez izana"
Alderdi arabiarrak aipatuta, aurreikuspenak gainditu dituzte hemeretzi diputaturekin. Esana dute Netanyahuren oposizioko gobernu bat babestuko dutela. Hori da bigarren titularra, agian.
Zalantzarik gabe. Ez hainbeste tamainagatik, ezpada garrantziagatik: giltza izango dute hurrengo gobernuarentzat. Fenomeno hori erabat aurreikusita zegoen, Israelgo palestinarrak azken hamarkadetako egoerarik okerrenean bizi baitira, eta horrek eragin du euren politizazioa handitzea eta bozkatzera joatea. Zerrenda Arabiar Batuaren programa oso argia zen: lehenengo, bakea; gero, krimena eta mafia deuseztatzea; eta hirugarrena zen arrazakeria amaiaraztea. Jarraian zeuden inbertsioak berreskuratzea, gerraz geroztik galdutakoak, eskubide berdintasuna eta abar.
Israelgo palestinarrek azken urteetan subjektu politiko izaera berreskuratu dute; oso garrantzitsua da bozkatzea, hemen daudela aldarrikatzeko. Israelen oso ahaztuta daude, sektore ikusezinetan egiten dute lan, ez daukate garrantzirik esfera publikoan. Eta hauteskunde hauek garaipena izan dira eurentzat, aukera eman baitie fokuan egoteko. Emaitza historikoak dira zentzu horretan.
Kostaldeko hiri mistoetan berdin. Hiri horietako biztanleek tradizionalki ez dute askorik bozkatu, eta oraingoan kaleak kartelez beteta zeuden eta hauteskundeak guztien ahotan. Berdin hegoaldean, beduinoek askotan ez dute bozkatu izan, batez ere emakumeek, eta asteartean hauteslekuetan ikusi ditugu. Beraz, oso albiste ona dela uste dut. Espero dut balio izatea Israelgo palestinarren egoerari poliki-poliki buelta emateko, muturrekoa baita oraintxe bertan.
Baina, edonola ere, Netanyahuk hauteskundeak irabazi, irabazi egin ditu. Nolabait, ez du israeldarren gaitzespenik jaso.
Egia da, neurri batean. Baina uste dut beherakada nabarmena dela, eta Israelgo gizartea nola dagoen ikusita, uste dut beste testuinguru batean gehiengo absolutua lortuko lukeela. Beraz, ordaindu du, baina ez du garesti ordaindu Gazako genozidioa edo Libanon edo Sirian egiten ari dena, baizik eta urriaren 7ko erasoaz informazioa izatea eta ezer egin ez izana. Horrelako albisteek desgastatu dute Netanyahuren figura. Hau da, Israelek aurrera daramatzan genozidioa eta gerrak ia-ia estatu politika dira, hori ez da nabarmen aldatuko. Aldatu daitezkeen gauzak dira kolonoei Zisjordanian ematen dieten babesa, edo Gazako setioaren bortizkeria. Baina beste guztiak estatu politikak dira. Oraindik jende askok Netanyahu lider gisa ikusten du, eta bada: hogei urtez gobernatu du. Oposizio gogorra izan du, eta hala ere, eutsi dio, horregatik dio oposizioak hau dela aukera bakarra Netanyahu kentzeko, bestela betirako izango dute indarrean.
Netanyahuk zein oposizioak, guztiek bozkatu izan dute palestinarren aurkako neurrien alde: UNRWA debekatzearen, Palestinako estatua terroristatzat jotzearen eta Zisjordania anexionatzearen alde. Beraz, palestinarren hobekuntzarik espero daiteke errealki?
Baietz esan behar dut. Egia da esandakoa, Israelgo stablishment-aren lidergoa, zalantzarik gabe, indar armatuek baitute, Israelen aita eta ama dira. Eurek agintzen dute, eta eurek erabakitzen dute zeintzuk izango diren estatu politikak. Eta orokorrean, inork ez ditu zalantzan jartzen indar armatuak. Baina azken egunetan inoiz ikusi gabekoa ikusi dugu, desadostasunak hasi dira: indar armatuen eta Netanyahuren arteko zatiketa, azken horrek Iranen aurkako gerra nahi zuelako.
Espero liteke hobekuntzarik? Oraintxe inoizko egoerarik txarrenean gaude, eta uste dut zaila dela okerrera joatea, palestinarrek ere horrela uste dute. Espero da oposizioaren gobernu batekin behintzat kolonoen bortizkeria jaistea; erabateko inpunitatea amaitzea espero dute, lasaitasun aire apur bat lortzea. Jendea gose da toki askotan, muturreko egoera ekonomikoan gaude. Eta hori bai aldatu daiteke, Israeli, ikuspegi ekonomiko-liberaletik, ondo baitatorkio mugak altxatzea eta palestinarrak Israelera lanera joatea.
"Israelek aurrera daramatzan genozidioa eta gerrak ia-ia estatu politika dira, hori ez da nabarmen aldatuko. Aldatu daitezkeen gauzak dira kolonoei Zisjordanian ematen dieten babesa, edo Gazako setioaren bortizkeria"
Palestinar herria guztiz zatitua dago: Gaza setiopean, Zisjordania okupatuta, Jerusalemgo palestinarrak bozka eskubiderik gabe, eta milaka errefuxiatu eta diasporako kide. Horien denen etorkizuna, Israelgo palestinarren bozkaren esku. Ez da proiektu palestinarraren aurkako pauso moduko bat? Non da Palestina bateratuaren proiektua?
Realpolitik apur bat jartzen badugu mahai gainean, eguneroko baldintza materialak apur bat hobetzeaz ari gara hitz egiten. Gehiengo palestinarra duten hirietan mafiarekin dagoen egoera jasanezina da, izugarrizko krimena dago eta erabateko inpunitatea du. Israelgo palestinarrek badakite bozkatu dezaketen bakarrak direla, eta ardura hori dute. Agian, ikuspuntu estrategikotik, epe luzera akatsa da, baina ez bozkatzea ez zen aukera bat egoera honetan.
Aipatu izan dugu gure artean, Zisjordaniako egoera ikusita, ea beste Intifada bat egiteko baldintzak dauden. Eta bai, baldintzak badaude, egoera ekonomikoa hain da txarra jendeak gero eta gutxiago duela galtzeko. Baina desesperazioarekin ez da nahikoa, antolakuntza behar da, eta nik ikusten dudanez, Zisjordanian hori ez dago; neurri handi batean, Israelgo presioa jasanezina delako, dena entzuten duelako. Hau ez da Gaza, han antolatzen dira, hemen ezinezkoa da. Epe luzeko proiektu palestinarretik oso urrun gaude.
"Osloko akordioaren emaitza nagusia izan da, ikuspuntu ekonomikotik, eredu ekonomiko neoliberala ezartzea Zisjordanian; lortu dute eredu erabat asistentzial eta ustela ezartzea"
Inork ez du espero, gainera, Osloko akordioetan sinatutakoa betetzerik, bi estatu sortzerik.
Lehengo egunean Tel Aviveko unibertsitateko irakasle batek esan zidan: edo bi estatu, eta Palestinari autodeterminazio eskubidea onartu; edo ibaitik itsasora Palestina aske izango da. Horientzat ere hauteskunde hauek azken aukera ziren, horregatik mobilizatu dira hainbeste. Ikusten dute orain arte ezagutu duten estatua arriskuan dagoela dagoen arrazismoagatik, nazioarteko isolamendutik, eta Hegoafrika bezala, paria estatu bat bihurtzetik gertu dagoela. Beraz, onartu behar dute beste partea. Baina estatu politikak ez doaz horra, bi estatuen aurkako politikaren kontra doaz.
Osloko akordioa hilda dago, jakina, baina bere lana egin du. Bi estatuen irtenbidea hondoratzeaz gain, emaitza nagusia izan da, ikuspuntu ekonomikotik, eredu ekonomiko neoliberala ezartzea Zisjordanian. Palestina betirako aldatu da horrela. Askotan ez da ikusten, baina Palestinan, beste edozein gizartetan moduan, barne dinamikak daude: politikoak, instituzionalak eta klase dinamikak. Eta gainera, inoiz baino polarizatuago dago dena. Klase dinamika oso bortitz batzuk daude, eredu neoliberal horrek ekarritakoak: gizarte kanibalismoa, sekulako desberdinkeriak, eta landa-hiri dikotomia bortitza.
Zisjordanian dagoen ereduari buelta ematea oso zaila da, neurri batean galdu da borroka hori, lortu baitute Osloko akordioekin eredu erabat asistentzial eta ustela ezartzea. Hori porrota da palestinarrentzat, eta ez da askotan ikusten kanpotik, Palestina biktima perfektu gisa pintatzen baita: nekazariak olibondoei eusten. Hori Palestina bat da, baina hemen Palestina asko daude, eta euren arteko talkak gero eta bortitzagoak dira, ekonomikoki gero eta estuago egon, gero eta okerrago. Migrazioa, pobrezia, hazten ari dira, jendea ez doa unibertsitatera bi lan egin behar dituelako. Eta hori txarra da politizazioarentzat.