Israelgo Defentsa ministroa: “Gazaren ia %70 suntsitu dugu”

  • Israel Katzek gaineratu du Libanoko 24 herrixka "erabat suntsitu" dituztela. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, urriaren 27ko hauteskundeetan porrot egiteko beldur, Gazako eta Zisjordaniako palestinarren lurren okupazioa bizkortzea erabaki du, eta azken egunetan erasoak areagotu dituzte bertan.

Jehad Alshrafi / Keystone

2026ko uztailaren 29an - 10:29
Azken eguneraketa: 11:38
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Nazioarteak Iranera begira jarraitzen duen bitartean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek paparra atera du herrialdeko Now 14 telebista katean, eta Gazan eta Libanon egindakoak harro-harro kontatu ditu. Defentsa ministroak ziurtatu du dagoeneko Gazaren %70 suntsitu dutela: “Gazan, lur azpian dagoena ez ezik, etxe guztiak suntsitzen ditugu. Gaur ez dago Shujaiyarik [Gazako hiriko auzorik handiena]; ez dago Jabaliarik [Gazako errefuxiatuen kanpamendurik handiena]. Gaur, Gazaren ia %70 suntsitu dugu”. Libanori dagokionez, Katzek adierazi du “ehunka urteko historia duten Libanoko 24 herrixka erabat suntsitu” dituztela, eta 15.000 eta 20.000 etxebizitza inguru eraitsi.

Al Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, azken orduetan Israelgo tropek Aqabat Jabr errefuxiatuen kanpamentua, Qalqilya hiria eta Kobar herrixka hartu dituzte. Jerusalem iparraldean dagoen Komas Aqab hirian ere sartu dira, eta Yabad, Zababdeh, Burqin, eta Faroun herrixkei eraso egin diete.  

Gainera, Palestinako Ilargi Erdi Gorriaren arabera, Israelgo soldaduak Gazako hainbat kontrol postutan anbulantziak igarotzea galarazten ari dira, ez bakarrik zaurituak artatzeko, baita gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei tratamen medikoa ematea eragozteko ere.  

2023ko urriaren 7ko erasoaren harira, palestinarren aurkako genozidioa gogortzea erabaki zuenetik Israelek 73.200 palestinar baino gehiago hil ditu, tartean, 20.000 haur baino gehiago. 2025eko urrian teorikoki hasitako su etenetik, berriz, 1.144 pertsona hil ditu Israelek.

Israelgo Defentsa ministro Israel Katz. Itzhak Harari (CC BY-SA 4.0)
Zisjordania jomugan

Kolono israeldarrek, berriz, Zisjordaniako palestinarren aurkako indarkeria azkartu dute azken egunetan. Asteburuan Zisjordaniako hainbat etxe arpilatu, autoak erre eta meskitak bandalizatu dituzte. El Salto hedabidearen arabera, hamar hildako, hogei atxilotu eta hamar zauritu izan dira. 

Agintari palestinarren arabera, 2023ko urriaren 7tik, 1.185 palestinar hil dituzte Israelgo armadak zein kolono israeldarrek okupatutako Zisjordanian. 24.000 atxiloketa arbitrario baino gehiago egin dituzte, eta 12.000 pertsona baino gehiago zauritu.

Gaza, funtsezko pieza elektorala

Azken asteetan erasoak ugaritu izana ez da kasualitate hutsa. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, urriaren 27ko hauteskundeetan porrot egiteko beldur, okupazioa bizkortzea erabaki du, jakin baitaki boto emaileen artean ospea berreskuratzeko moduetako bat dela Zisjordaniako eta Gazako palestinarren lurrak kolonizatzen jarraitzea. 

Israelen ez dago mugarik agintaldi urteei dagokienez. Netanyahu da, momentuz, herrialdeko historian agintea denbora luzeenean izan duen lehen ministroa; hala ere, ez du lortu lau urteko eperik osatzea. Israelgo Demokrazia Institutuaren arabera, israeldarrak 2,4 urtetik behin joaten dira hautetsontzietara, batez bertze; eta 2019tik 2022ra bitartean bortz aldiz bozkatu zuten. El Saltok jaso duenez, hauteskundeen aitzineko inkestek gaur egun babes argia erakusten diete oposizioko alderdiei, Naftali Bennett lehen ministro ohia buru. 


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...