Israelgo armadak tiro egin dio Global Sumud Flotillari, eta astelehenean bahitutako ekintzaileak Israelera daramatza

  • Astearte eguerdian antolakuntzak jakinarazi duenez, bidean jarraitzen zuten hamar itsasontzietatik hiru behintzat atzeman dituzte sionisten txalupa azkarrek. "Indarkeria intertzeptaziotik eraso armatura igo da. Hildakoak izateko berehalako arriskua dago", salatu dute ordu batzuetara. Itsasoan jarraitzen zuten bi euskal herritarretatik ere bahitu dituzte.

GSF

2026ko maiatzaren 19an - 14:54
Azken eguneraketa: 2026-05-20 07:10
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hau da Global Sumud Flotillako antolakuntzak Euskal Herriko 13:30ean bidali duen alerta oharra: “Israelgo itsas armadako txalupa azkarrak Global Sumud Flotilla atzematen ari dira nazioarteko uretan, Gazatik 100 itsas milia baino gutxiagora; atzo atzeman ez zituzten hamar ontzietatik gutxienez hiru atzematen ari dira”. Hirurak pasata, ohar berria helarazi dute, gutxienez sei itsasontzik su-armen tiroak jaso dituztela salatzeko. "Indarkeria intertzeptaziotik eraso armatura igo da. Hildakoak izateko berehalako arriskua dago", adierazi dute. Lotura honetan ikusi daitezke itsasontzien zuzeneko irudiak.

Egun bat lehenago, astelehen goizean, beste eraso bat burutu zuen Israelgo armadak nazioarteko uretan, flotillan zihoazen 58 ontzien aurka. Bahitutako dozenaka ekintzaileren artean lau euskal herritar zeuden, eta beste bik jarraitzen zuten uretan. Global Sumud Euskal Herriatik ARGIAri azaldu diotenez, astearteko erasoan bi horiek ere, Lino eta Luka, bahitu dituzte. Beste euskal herritar bat lur bidezko Global Sumuden parte hartzen ari da, baina lurretik doan konboia ere geldiarazi dutela jakinarazi du plataformak; Sirtetik gertu, Libian.

Jotas, Karim, Hegoa eta Amarga dira astelehenean bahitutako lau euskal herritarrak. Laurak gose greban daude atxiloketaz geroztik, eta El Khamlichi baita egarri greban ere.

Astelehenean bahitutakoak Palestina okupatura

Global Sumud Flotillak ohar berria helarazi du eguerdiko 14:30ean, jakinarazteko astelehenean bahitutako “ehunka” ekintzaileak “Palestina okupatuko portu batera” eramaten ari dela Israelgo armada. “Bahitutako gure parte-hartzaileak daramatzan itsasontzia –medikuak, kazetariak eta 40 nazio baino gehiagoko giza eskubideen defendatzaileak barne– bi ordu inguruko epean porturatzea aurreikusita dago”.

Apirilaren 29an egin zion eraso Israelgo armadak lehenbizikoz flotillari, eta hainbat ekintzailek torturak, tratu txarrak eta sexu-abusuak salatu zituzten. Hori gogoan, “kezka larria” adierazi du Global Sumud Flotillak, "legez kanpo atxilotutako pertsona guztien segurtasun fisikoagatik eta ongizateagatik”.

Flotillak bahitu guztiak “berehala eta baldintzarik gabe askatzea” eskatu du, “bidegabeki atxilotutako 9.000 preso politiko palestinarrekin batera”. Nazioarteko buruzagi politikoei zuzendu zaie ere, presio egin dezaten “ flotillan parte hartzen ari direnak askatzeko, preso eta bahitu politiko palestinarrak askatzeko eta genozidioa eta Gazako blokeoa amaitzeko”.

Amaitzeko, “kazetariei, nazioarteko begiraleei eta elkartasun-sareei” eskatu die mobilizatzeko eta bahituen inguruko berriei adi egoteko.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Asteleheneko erasoa gaitzesteko mobilizazioak antolatu zituen Global Summud Euskal Herriak hainbat herri eta hiritan egun bereko arratsaldean. Protesta gehiago ere iragarri dituzte dituzte: Eusko Legebiltzarraren parean kontzentrazioa egingo dute egunero, lau euskal herritarrak bahituta jarraitzen duten bitartean, goizeko 8:30etik 14:00ak artean.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.