Israelgo armadak glifosato herbizida barreiatu du Libano hegoaldeko aire-erasoetan

  • Laborantzarako baliaturiko dosiak baino 30-50 aldiz handiagoa da analizaturiko laginetako herbizida kantitatea. Orotara 540 hektarea ditu pozoituta utzi otsailaren 1ean bideraturiko aire-erasoak. Aste batzuk lehenago produktu toxikoak zabaldu zituen Tsahal Israelgo armadak Siria hegoaldean, eta baliteke hor ere glifosatoa izatea.


2026ko otsailaren 12an - 07:00
Israelgo armada Libano hegoaldeko lurretan glifosatoa zabaltzen ari. Greensoutherners
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Glifosato herbizida zabalduta eraso egin dio Libanori Israelgo armadak. Aire-eraso hori jaso duten lurretan harturiko laginen analisiek argi utzi dute produktu toxikoaren erabilpena: nekazaritzan baliaturiko dosia baino 30-50 aldiz handiagoa da bertan topatu kantitatea. Zehazki, Libano hegoaldeko Aïta al-Chaab eta Marwahin herrien inguruei eraso egin die Tsahalek otsailaren 1ean, orotara 540 hektarea pozoituta.

"Eraso horiek kalte handiak sor ditzakete, batez ere hain kontzentrazio handietan: gure olibondoak, baratzeak, eta haritzak lehortu eta hil daitezke berrogeita zortzi ordutan", salatu zuen Libanoko Nekazaritza ministro Nizar Hanik erasoaren berri ukan bezain laster. Hortik ordu batzuetara hori gertatu zitzaien, guztia kiskalita agertu zitzaielako. "Ingurumenaren eta osasunaren kontrako krimentzat" jo du Israelen erasoa Libanoko presidente Joseph Aounek.

Libano hegoaldean zebiltzan Nazio Batuen bitarteko indarreko soldaduei bertatik lekutzeko abisua bideratua zien Israelgo armadak. Ez, ordea, lekuko biztanleei. Erasoari buruzko ikerketa gehiago eskatu arren, ondokoa adierazi du NBEko giza eskubideen goi-komisariak: "Arrisku humanitario larria" litzateke zibilentzat.  Libanoko Nazio Batuen bitarteko indarrak, bere aldetik, argiki salatu du erasoa: "Onartezina da eta [Israel eta Libanoren arteko gatazkaren bukaera xede duen] NBEaren 1701 ebazpenaren kontra doa".

2024ko azaroaren 24ko Israelen eta Hezbollahren arteko su-etenaz geroztik, Libano hegoaldeko eremuek hutsik segitzen dute neurri handi batean, eta Israelek aireko erasoak egiten segitzen du. Arriskurik hartu gabe nekez bertaratu daiteke, eta horregatik ere zaie zaila glifosato jaurtiketak eragindako desmasien neurketa. Libanoko armadak eta Libanoko Nazio Batuen bitarteko indarrak hartu ahal izan dituzte toxikotasuna neurtzeko laginak.

Segur aski, Sirian ere

Ez da Israelek bideraturiko gisa bereko lehen erasoa. Urtarrila hondarrean eta otsaila hastapenean, Siria hegoaldeko Quneitra eskualdeko laborantza lurrak zituen Israelgo armadak "produktu toxiko batez" suntsitu. Gutxienez hiru aldiz bota zien oraingoz zehazki identifikatu gabeko produktua.

Golango ez ezik, Siria hegoaldeko eremuak ere legez kanpo okupatzen ditu Israelgo armadak, 2024ko abenduan Siriako matxinoek Baxar al-Assad agintetik erorarazi zutenaz geroztik. Hor ere laborarien kontrako erasoak anitzak dira: produktu toxikoen jaurtiketaz gain, kabalen lapurretak, etxaldeen suntsiketak zein uzten desegiteak pairatu behar izaten dituzte.

Dela Libanoko zein Siriako eraso toxikoen harira, Israelen "gerra krimenak" salatu ditu Giza Eskubideen Behatoki Euromediterraneoak.

 


Irakurri gehiago: Libano Nazioartea Asia Israel
Libano kanalean gehiago
2025eko uztailaren 17
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

2025eko urtarrilaren 16
Izan zitekeen

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.