Horrela hiltzen ditu Israelek adin txikikoak Gazan

  • The Guardian egunkariak asteartean Gaza hirian gertatutakoa azaldu du inguruan zeuden hainbat lekukoren adierazpenen bidez. Mohammad Abdul Zinati 15 urteko gazatarra Salah Khalaf kalearen erdian zaurituta zegoen mediku bati laguntzera joan zen, eta orduan drone batek hil egin zuen. Israelgo armadak adierazi du "ahalegin guztiak" egiten dituela erasoen albo kalteak murrizteko.

     


2026ko irailaren 18an - 11:15
Azken eguneraketa: 2026-09-21 08:00
Mohammad Abdul Zinatiren aita, semearen gorpuaren ondoan. Dawoud Abu Alkas / Reuters
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Irailaren 15ean, astearte arratsaldean, eskolatik itzultzen ari zen Mohammad Abdul Zinati 15 urteko gazatarra, 2023ko urriaz geroztik zerrendan nagusi den hautsak inguratuta. Bat batean, Salah Khalaf kalean –Gaza hiriaren iparraldean– leherketa baten hotsa entzun zuen, eta hara gerturatu. Gizon bat kalearen erdian ikusi zuen, lurrean, larriki zaurituta. Laguntza eske ari zen gizona oihuka, eta halaxe egin zuen adin txikikoak; ez zuen entzun, ordea, metro gutxira lehengusua egiten ari zitzaion ohartarazpena: "Korrika egin! Alde egin!".

Lehengusuak Israelgo armadaren drone bat ikusi zuen kalearen beste aldean, segundo gutxiren bueltan zauritutako medikua eta ondoan zuen adin txikikoa hil zituen dronea gidatzen zuen soldaduak. "Mohammed segituan hil zen. Ezin izan zuen ezer egin hura salbatzeko", adierazi dio Erresuma Batuko egunkariari adin txikikoaren lehengusu Mohammed Rajeh Zinatik. "'Mohammad, gelditu!' oihukatu nion, baina ez zidan entzun eta gizonari laguntzera joan zen", gehitu du.

"Jatorra, errespetu handikoa eta laguntzailea zen", mintzatu da Zinati haren lehengusuaren inguruan. Dronetan aditua den Trevor Ballen arabera, 15 urteko gazatarra eta medikua hil zituen lehergailua Mikholit izenekoa da: "Kalitate handiko kamerak daramatzate beraiekin gisa horietako dronek, zaurituarengana zihoan adin txikikoa erraz identifikatu zezaketeenak". 

Israelgo armadaren adierazpenak

Zinatiren batera hildakoa Sharif Shadi Labad medikua da; Israelgo armadaren arabera, Hamas erakunde palestinarreko kidea eta 2023ko urriaren 7ko erasoaldietan Israelgo lur okupatuetan sartu zen milizianoetako bat. "Terrorista hauek suposatzen zuten mehatxua dela eta hil ditugu", adierazi zuten X bidez. 15 urteko gaztearen hilketari dagokionez, berriz, Israelgo armadak esan zuen "ahalegin posible guztiak" egiten dituela erasoen albo kalteak murrizteko.


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.