Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Goi Komisario Volker Türkek gogorki deitoratu du Israelek Zisjordanian bideratu okupazioa eta segregazioa. Asteazkenean egin ditu adierazpenak, Israelek lurralde okupatuetan egindako gehiegikeriak biltzen dituen txosten berri baten aurkezpenaren kari.
Horra zer dioen NBEko Giza Eskubideen Goi Komisario Volker Türkek Israelek Zisjordanian ezarritako okupazioaz: "Arraza-bereizkeria eta -segregazio egoera bereziki larria dago, dagoeneko ezagutu izan dugun apartheid sistemaren antza daukana". Asteazken honetan plazaratu du Zisjordaniako okupazioari buruzko bere irakurketa, Israelek bertan bideratzen dituen "diskriminazio sistematikoak" azaltzen dituen txosten berri bat esku artean duela.
Txostenean, apartheid sistemarekin konparatzen dute egoera, hain justu "Zisjordanian bizi diren kolono israeldarrak eta palestinarrak bi lege eta politika erregimen bereziren menpe jartzen dituztelako, eta horrek tratu desberdina eragiten dielako hainbat arlo erabakigarritan". Zisjordaniako palestinarren bizitzako osagai bakoitza "Israelen lege, politika eta praktika diskriminatzaileen bidez kontrolatuta eta murriztuta" daukatela salatzen dute txostenean. Nola ez, etxe eta lurren desjabetze ilegalak ere dituzte deitoratzen.
Lehen aldia da NBEko Giza Eskubideen Goi Komisario batek apartheid sistema konparatzen duela Israelek Zisjordanian bideraturikoarekin.
"Giza eskubideen urraketa geroz eta bortitzagoa" ere salatzen dute txostenean: "Indarkeria ilegala", "atxiloketa arbitrarioak", "torturak", "jendarte zibilaren kontrako errepresioa", "prentsa askatasunaren tinkotzea", "ia erabateko inpunitatean egindako palestinarren hilketak" ala beste, Israelek Zisjordanian bideraturiko gehiegikerien zerrenda argia irakurri daiteke NBEko Giza Eskubideen Goi Komisarioak aurkezturiko dokumentuan.
2023ko urriaren 7az geroztik, mila palestinar baino gehiago hil ditu Israelek Zisjordanian. Sionistek 1967az geroztik ilegalki okupatzen dute Zisjordania eta gaur egun 500.000 kolono baino gehiago dira bertan kokatuta. Kolonizazioarekin aitzina egiteko asmo argia plazaratuta du gaur egungo gobernuak. Azkenik, abenduaren 21ean jakitera eman zuen beste hemeretzi kolonia berri eraikitzeko baimena, beti ere "estatu palestinar terrorista baten sorrera blokeatzeko xedez".