Israelek haurrak hiltzea du helburu: Palestinaren aurkako genozidioaren NBEren azken froga

  • Palestinar herriaren existentzia eta etorkizuna deuseztatzeko, Israelgo Indar Armatuak "deliberatuki" haur palestinarrak erasotzen eta hiltzen aritu direla baieztatzen duten frogak daude, Nazio Batuen Erakundeko ikerketa batzorde independentearen azken txostenak dioenez.


2026ko ekainaren 24an - 11:14
Azken eguneraketa: 13:20
pxhere.com
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Aurrez ere esana du NBEk: Israel Palestinan egiten ari dena genozidioa da. Berdina adierazia dute giza eskubideen inguruko mundu osoko erakunde eta aditu ugarik ere (tartean Amnesty International eta Human Rights Watch elkarteek). Gero eta froga gehiagok berresten dute genozidioa, eta orain, NBEren azken ikerketa independenteak frogatu du haurren aurkako patroi sistematiko bat jarraitu duela Israelek, palestinar herria epe luzera ahultzeko eta suntsitzeko estrategia gisa, herriaren etorkizuna eta existentzia bera deuseztatu asmoz. Genozidio salaketaren larritasuna indartzera dator txostena, haurrak babes-taldea izanik genozidioaren gaineko ardura legala are handiagoa baita.

Bai Gazan, bai Zisjordanian, Palestinako haurrei eraso egin diete, eta deliberatuki hil dituzte. Israelgo Indar Armatuek hildako biztanleen %30 inguru haurrak direla dio txostenak. Biztanleria askoko eremuetan potentzia handiko armak erabili dituzte, haurren heriotzak hazten ikusi arren, eta kolono israeldarrek tortura eta sexu gehiegikeriak egin dizkiete umeei. Osasun eta erditze zentroei eraso eginez, haurrei eraso egin zaiela ere gehitzen du txostenak, eta Gazako kasik haur guztiek laguntza psikologikoa behar izan dutela.

Haurren aurkako patroi sistematiko bat jarraitu du Israelek, palestinar herria epe luzera ahultzeko eta suntsitzeko estrategia gisa, herriaren etorkizuna eta existentzia bera deuseztatu asmoz

2025eko urrian adosturiko su etenaren ostean ere, Israelek umeak propio erasotzen eta hiltzen jarraitu zuela ondorioztatu du ikerketak, eta Israel oraindik ere Palestinaren aurkako genozidioa egiten ari dela oroitu du, nazioarteko krimenik larriena.

Israelgo Gobernuak, aurrez egin duen moduan, ukatu egin du halakorik eta “difamazio fartsa” gisa baloratu ditu ikerketaren ondorioak. Aliatu dituen AEB eta Britainia Handiaren babes diplomatikoa du. Hagako Auzitegiak, baina, gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik atxilotze agindua ezarria du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren kontra.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...