“Israelek krimenak ezin ditu bakarrik egin, CAF laguntzen ari zaio okupaziorako azpiegiturak hornituta”

  • Apirilean Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako Estatuko eta Palestinako hainbat erakundek osatutako koalizio batek CAF konpainiaren aurkako kereila aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beasaingo enpresak Palestinako kolonizazioaren azpiegituren eraikuntzan duen esku-hartzea da arrazoia. Fiskaltzak auzia onartu eta ikerketa jarri zuela abian jakitera eman zuten ondoko elkarteek: NOVACT, Comunitat Palestina de Catalunya, Comité de Solidaridad con la Causa Árabe, ODESCA, Paz con Dignidad eta SUDS erakundeek, Guernica 37 Zentroak ordezkatuta. Giza-eskubideen aldeko ekintzailea da Alys Samson, NOVACT elkarteko bozeramalea, eta auzi legal honetan aritu den pertsonetako bat. CAFeko akziodunen urteroko Batzar Nagusiaren atarian izan dugu harekin hitz egiteko parada.

Iván Jiménez Costa

2026ko ekainaren 11n - 07:00
Azken eguneraketa: 2026-06-12 10:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ez da oso ohikoa gizarte zibileko elkarteek auzitegietara jotzea. Zerk bultzatu zaituzte eta zer espero duzue kereila honetatik?

Legez kanpoko koloniak hornitzen dituen proiektutik CAF erretirarazteko kanpaina jarri zen martxan kontratu hori esleitu baino lehenago. Orduan, sindikatuek eta enpresako langileen batzordeak CAFeko zuzendaritzari Israelgo proiektu horretatik atera zedin eskatu zioten. Horien atzetik, Euskal Herriko gizarte-eragile asko batu ziren eskakizun horretara, eta gerora baita Espainiako Estatukoak ere. Sei urte geroago, kanpaina hori nazioarte mailakoa bilakatu da, eta mundu osoko erakundeek, Palestinakoek barne, bat egin dute aldarri horrekin, eta galdegin diote CAFi apartheidaren trenetik erretira dadila.

Hala ere, CAFek berriz ere entzungorrarena egin eta Israelekiko negozioak handitzearen aldeko apustua egin du. Gauzak horrela, gizarte zibileko sei erakundek auzitara jotzeko beharra ikusi dugu, enpresa horri dagokion erantzukizun penala eskatzeko, eta munduari mezu argi bat bidaltzeko: inpunitatea ez da aukera bat. Izan ere, Israelek krimen guztiak ezin ditu bakarrik egin, eta CAF laguntzen ari zaio horretan, okupaziorako ezinbestekoa den azpiegituraz hornitzen ari baita Israelgo erregimena. Hori konplizitatea da, eta ezin dute jarraitu inpunitatez egiten.

Jerusalemgo Tren Arinaren Linea Gorriko inaugurazio ekitaldia 2025eko martxoaren 9an. Netanyahuren atzean dago Mickey Rsviv, CAFeko delegatua Israelen.

Irizpide etikoak gorabehera, ba al dago oinarri legal sendorik CAFeko zuzendaritza auzitara eramateko?

Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren legedian eta Espainiako Zigor Kodean dago oinarrituta CAFeko Administrazio Kontseiluko kideen kontra aurkeztutako kereila.

CAF ez da edozein eragile, ezinbesteko papera jokatzen ari da Jerusalemgo tren arinaren eraikuntzan eta mantenuan. Azpiegitura horrek Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuko koloniak mendebaldeko Jerusalemekin lotzen ditu, eta kolonoentzako asentamendu horiek legez kanpokoak dira nazioarteko legediaren ikuspegitik. Gure salaketak azpimarratzen du azpiegitura horrek babesten duela Jerusalem Ekialdeko anexio ilegala, koloniak egonkortu eta hedatzen laguntzen duelako, baita palestinarraren aurkako bazterkeria-politikak ere. Hortaz, salaketaren funtsa Espainiako Zigor Kodearen hiru arautan oinarritzen dugu. Hiru arau horiek lotuta daude gatazka armatuen testuinguruan babestu beharreko pertsonen eta ondareen aurkako delituekin.

Artikuluetako bat 611.5 da, eta indar okupatzailetik eremu okupatura populazio-transferentziari erreferentzia egiten dio; beste bat 611.6 da, arrazakeria-irizpidetan oinarritutako jokabide baztertzaileei buruzkoa; eta hirugarrena 614 artikulua da, Genevako IV. Itunaren aurkako ekintzen ingurukoa. Gure kereilan argudiatzen dugu Espainiako auzitegiek eskumena daukatela delitu horiek epaitzeko, CAFek Espainiako Estatuan daukalako egoitza, eta hor hartzen direlako erabaki korporatiboak. Espainiako Estatuak bermatu behar du bere jurisdikziopeko enpresek nazioarteko legedia ez dutela urratzen.

 

Erantzukizun-katea luzea da, euskal administraziotik hasi, Kutxabank bezalako inbertitzaileetatik pasa, eta enpresaren akzioen zati esanguratsua duten langileetaraino. Zein da eragile horietako bakoitzaren erantzukizun-maila?

Fiskaltzaren aurrean aurkeztu dugun salaketa CAFeko Administrazio Kontseiluko kideen kontra dago zehazki zuzenduta, ulertzen dugulako haiexek hartu dituztela Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuan parte hartzeari buruzko erabaki korporatiboak. Nolanahi ere, auzi honek eztabaida zabalagoa planteatzen du horrelako proiektuak ahalbidetzen eta babesten dituen eragile bakoitzaren erantzukizunaren inguruan.

CAFeko Akziodunen Batzar Nagusiaren harira, gutun irekia aurkeztu da nazioarteko ehunka erakundek sinatuta. Gutun horretan galdegiten zaio Eusko Jaurlaritzari enpresan duen partaidetza bertan behera utz dezala. CAFeko akzioen %3 euskal gobernuaren diru-funtsa publikoak dira, eta ez da bidezkoa diru publikotik euro bakar bat ere bideratzea jarduera ilegalak burutzen dituen enpresa batera.

CAFeko trenbideko lanen aurkako protesta 2022an, Israelgo BDSko ekintzaileen eskutik.

Proiektu honetan esku-hartzea daukaten eragileetako asko saiatu dira zuritzen dagokien erantzukizuna, Israelekiko harremanak askotarikoak direla esanda (ekonomia-, merkataritza-, armagintza- edota politika-arlokoak, adibidez), eta ez dela bidezkoa CAFekin bakarrik tematzea. Zergatik jarri fokoa zehazki CAFen jardunean?

Giza-eskubideen urraketa larrietan esku-hartzea duten eragileek aitzakia hori baliatu ohi dute sarritan, horrela dagokien ardura eta konplizitatea zuritzen dituztelakoan. Kereila bultzatu dugun eragileok Palestinako giza-eskubideen alde egiten dugu lan, eta eskubide horiek urratzen dituzten enpresa eta eragileak seinalatzen ditugu. Asko eta asko dirutza ateratzen ari dira Palestinako herritarren eskubideen urraketatik. NBEko Kontalari Bereziak berak, Francesca Albanesek, “Genozidioaren ekonomia” deitu dio horri, Israelek ezingo bailuke genozidioa egin eragile ekonomiko horien partaidetzarik gabe.

Guk ez dugu obsesio berezirik inongo enpresarekin, baina CAFen kasua oso-oso nabarmena da, oso argia; esku-hartze zuzena eta oso erabakigarria da kolonizazioaren proiektu gako batean. Eragile askok urteak daramatzate horretaz ohartarazten, are gehiago Euskal Herrian, hemen Palestinarekiko elkartasuna oso errotuta dagoelako.

 

CAFeko Akziodunen Batzarraren aurreko egunetan, ekintza solidarioak antolatu dira mundu osoan, CAFen aurkako Nazioarteko Ekintza Astean. Euskal Herritik harago, auzi honek mundu mailako dimentsioa hartu al du?

Bere neurrian balioetsi behar da Euskal Herriko gizarte zibilaren eta herri mugimenduaren papera afera honetan. Ia hamarkada batez era askotako mobilizazioak eta ekintzak antolatu dituzte CAFi presioa egiteko, Jerusalemgo proiektutik erretira dadin. Bereziki azpimarratu behar da Euskal Herriko BDZ mugimenduaren papera, lan nekaezina egin duelako Euskal Herrian, eta nazioarteko eragileekin zein Palestinako BDS mugimenduarekin koordinazioan, kanpaina hau nazioarte mailakoa bilakatu den arte. Lan horren emaitza da ikusten ari garena: CAFek delegaritzak dituen herri guztietan protestak antolatzen ari dira, eta kontratu publikoak esleitzeko lehiaketan parte hartzekoa den herrialdeetan boikot kanpainak antolatzen ari dira, harik eta proiektu ilegal honetatik erretiratzen den arte.

CAFeko proiektuaren aurkako protesta Bilboko tranbian. Argazkia: Hibai Agorria / ARGIA CC-BY-SA

Larunbatean, ekainak 13, manifestazio nazionala antolatu dute Beasainen, CAFeko Akziodunen Batzar Nagusiaren atarian. Zer garrantzi dauka herri-mobilizazioak Israelgo erregimenarekiko harreman ekonomiko eta komertzialak eteteko borrokan?

Ziur nago milaka lagun izango direla Beasaingo mobilizazioan. Horrek erakutsiko du, beste behin ere, Euskal Herriak konpromiso irmoa duela Palestinarekin, eta antolatuta dagoela Israelgo erregimenarekiko konplizitateak salatzeko eta eteteko. Herri mobilizazioa ezinbestekoa da. Azken hiru urteotako genozidioaren larriagotzearen inguruan antolatu diren mobilizazioek horixe erakutsi dute. Lortu diren gauzak ezinezkoak ziratekeen mobilizazioak eragindako presiorik gabe. Hortxe daukagu Sidenorren adibidea. Jakin genuenean Sidenor Israelgo armagintza-industriari altzairua saltzen ari zitzaiola eta Bartzelonan ontziratzen zutela, elkarlanean aritu ginen Katalunian eta Euskal Herrian, komunitate palestinarrarekin batera. Enpresak Israeli altzairua saltzeari utzi ziola iragarri behar izan zuen, eta hura garaipen handia izan zen.

Orain ikerketa bat dago abian, eta zuzendaritzako kideak auzipetuta daude gizateriaren aurkako krimenengatik. Espainiako Estatuan lehenbiziko aldia da horrelako zerbait gertatzen dela. Hori guztia herri-mobilizazioari esker izan da posible. Iritsiko da eguna CAFek ere Israelgo proiektutik erretiratzeko beste aukerarik izango ez duena, eta herri-mobilizazioari esker izango da.


Israeli boikota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...