Israelek Beirut bonbardatu du eta, bestalde, hil egin du Gazarako Hamasen negoziatzaile nagusiaren semea

  • Apirilaren 17an su-etena adostu zutenetik lehen aldiz, Israelek Beirut bonbardatu du; eta Libano hegoaldean gerra egoerak ez du etenik. Bestalde, Gazako zerrendaren etorkizunari buruz egiten ari diren elkarrizketetan ziharduen Hamasen negoziatzaile nagusia hil du Israelek. Gainera, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak Israeli leporatu dio muturreko desnutrizioa eragitea Gazan. Bitartean, Trumpek esan du bake aurreakordioa lortu dutela AEBek Iranekin eta Ormuz irekitzea lortuko dutela. Iran ez da AEBen proposamenaz fio, eta Trumpek mehatxu egin du. 


2026ko maiatzaren 7an - 12:03
Azken eguneraketa: 22:36
Beiruteko bonbardaketaren ondorena.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ez da berria Israelek ez errespetatzea su etenak. Asteazkenean, atal berri bat ezagutu dugu. Libanoko Albiste Agentzia Nazionalak jakitera eman du Israelek asteazkenean Beirut hegoaldeko Ghobeiri auzoa bonbardatu duela, Hezbollah-ren gotorleku historikoa. Libanoko hiriburuaren aurkako lehen erasoa da, duela hiru aste bi herrialdeen arteko su-etena indarrean sartu zenetik.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak ohar bidez adierazi dute helburua Hezbollah talde xiitako buruzagi bat hiltzea zela. Zehazki, Radwan eliteko indarren komandantea zuten helburu, Israel borrokatzen duen Iranen talde armatu aliatuaren burua. Momentuz, ez da jakina eraso horretan hildakorik izan den ala ez. 
 
Beirut hiriburuan su etena ostegunera arte indarrean bazegoen ere, Libano hegoaldea gerra eremua da, bertan ez baita inongo momentutan su etenik izan. Zeina Khodr Al Jazeera-ren berriemaileak dioenez, aire erasoak “gupidagabeak” izan dira azken egunotan, gizarte zibila ari baita prezio handia ordaintzen. Soilik asteazkenean 30 aire eraso baino gehiago izan ziren, 24 ordu baino gutxiagoan, eta Israelek ebakuazio behartuko aginduak ematen jarraitzen du.

Khodrek azaldu du, ordea, Israel ez dela bere helburua lortzen ari, hots, Hezbollahren suziriak eta tripulaziorik gabeko hegazkinekin egindako erasoak geldiaraztea. Hala, Hezbollahk Israelgo tropei eraso egiten jarraitzen du Libano hegoaldean. Martxoaren 2tik, Israelek Libanoren aurka egindako erasoek gutxienez 2.715 pertsona hil, beste 8.353 zauritu eta 1,6 milioi baino gehiago desplazatu eragin dituzte, biztanleriaren bosten bat inguru, azken zifra ofizialen arabera.

AEB eta Iran: esperantza, mehatxu eta iseka artean

Bitartean, AEBek eta Iranek bere horretan jarraitzen dute. Donald Trump AEBko presidenteak Iranekin akordioa lortzeko itxaropena agertu du, elkarrizketak "oso onak" izan direla eta gerra "azkar" amaituko dela esanez. Are gehiago, Trumpek iragarri du Iranek eta AEBk bakerako atariko akordioa lortu dutela. Aldi berean, baina, AEBetako presidenteak intentsitate handiko erasoekin mehatxu egin dio Irani, ustezko ituna ez betetzea erabakiz gero.

Hurrengo mezua zabaldu du sare sozialetan: "Iranek erabakitakoa onartzen badu (hori, agian, uste handia izango da), Amorru Epikoa operazioa amaitutzat emango dugu, eta Ormuzeko itsasartean ezarri dugun blokeo oso eraginkorra denentzat utziko dugu bertan behera, baita Iranentzat ere. Onartzen ez badute, bonbardaketak hasiko dira, eta, zoritxarrez, lehen baino askoz handiagoak izango dira".

La Vanguardia-k zabaldu duenez, Pakistango –bitartekari lanetan dabilen herrialdeko– iturri batek Reuters agentziari adierazi dio gatazka formalki amaituko duen orrialde bateko memorandum bati buruzko akordioa lortzear daudela bi aldeak. Horrek aukera irekiko luke Ormuzko itsasartean zehar itsas trafikoa desblokeatzeko, AEBek Irani ezarritako zigorrak kentzeko eta Irango programa nuklearrari buruzko elkarrizketak abiatzeko.

Hala ere, Iran bake proposamen hori berrikusten ari da, eta lehen erreakzioek ez dute esperantza handirik piztu. Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko bozeramaile Ebrahim Rezaeik esan du AEBen eskakizun sorta “desio zerrenda” besterik ez dela. Eta Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Khalibafek iseka egin die sare sozialetan Teheranen aurka egindako maniobra militarrei. Izan ere, Khalibafen ustez, Trumpen iragarpena AEBetako propaganda da, Ormuzko itsasartean blokeatutako ontziak igarotzea erraztu behar zuen operazio militarrean porrot egin ondoren datorrena.

Gaza, azken ordukoa

Israelgo aire eraso batek Hamaseko negoziatzaile nagusiaren semea hil du, Reuters agentziak ostegunean jakitera eman duenez. Negoziatzaile hori AEBek Gazako zerrendaren etorkizunari buruz egiten ari diren elkarrizketetan parte hartzen zuen. Azzam Al-Hayya, Khalil Al-Hayyaren semeak ezin izan du biziraun Israelek asteazken gauean egin zion erasoari. Erbesteratuta dagoen Gazako buruzagiari Israelek hiltzen dion laugarren semea da.

Bestalde, kaleratu berri duen txosten batean, MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Gazan janaria eta laguntza nahita murriztea leporatu dio Israeli, "desnutrizio krisi manufakturatua" sortuz. Aipatu dute eragin “bereziki suntsitzailea” izan duela jaioberri eta emakume haurdunengan. Gazako zerrendan jarduten duten lau osasun-zentroetan egin dute analisia, eta aurkitu dute elikadura gabeziak dituzten amen haurtxoek goiztiartasun- eta hilkortasun-maila nabarmen handiagoak dituztela. Berezko abortuetan ere inoizko zifra altuenak topatu dituzte. Erakundeak emaitza horiek lotu ditu Israelek funtsezko ondasunak blokeatzearekin eta azpiegitura zibilaren aurkako erasoekin, osasun zentroak barne.
 


Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.