Israelek Beiruten egindako erasoari erantzunez, Iranek Israel bonbardatu du, igande gauean. Astelehen goizaldean Israelek Iran bonbardatu du, nahiz eta Trumpek eskatu ez erantzuteko, eraso berri batek "kalteak" ekarriko lituzkeelako gatazkaren amaiera adosteko negoziazioei.
Ezerezean geratu dira adostutako su etenak eta Trumpen eskakizunak. Israelek igandean berriro bonbardatu du Beirut, bi hildako utziz, eta Iranek misilak jaurti ditu Israelera. Ehun egun bete berri dira Libanoren eta Israelen arteko gerra hasi zenetik, eta ez dirudi amaiera gertu dagoenik.
Joan den asteazkenean Israel eta Libano ustezko adostasun batera iritsi baziren ere, igandean Beirut hegoaldeko Dahieh auzoa bonbardatu du Israelek, bi hildako eta hogei zauritu utzita. Horri erantzunez, Iranek hamar bat misil balistiko bota ditu Israelerantz.
Aldez aurretik, Iranek esana zuen Libanori berriro eraso eginez gero, Israel ez litzatekeela "zigorgabe" geratuko. Irango buru militarrek azpimarratu dute Israelek erasoak gelditu behar dituela Libanon eta Dahieh auzoan, eta egin ezean, eraso "bortitzagoekin" mehatxu egin dute.
"Ez erasotzeko esango diot"
Komunikabideek jakinarazi dutenez, AEBtako presidenteak, aurreikusita Israelek Irani eraso egingo ziola, Netanyanhuri deitu dio, arriskuan ikusten baitzituen Washingtonen eta Teheranen arteko negoziazioak. Iranek jaurtitako misilei ez erantzuteko eskatu dio, argudiatuz kontraerasoak kalte egingo liekeela gerra amaiarazteko negoziazioei. "Netanyahuri deitu eta ez erasotzeko esango diot. Haietako bakoitzak izan du bere dibertsioa, izan dute bakoitzak bere bonbardaketa. Ez dugu beste bat behar", adierazi dio Trumpek AEBetako Axios komunikabideari.
Hasiera batean Israelek eskakizuna onartu badu ere, astelehen goizaldean Israelek Iran bonbardatu du. Israelgo armadak jakinarazi du Irango iparraldea eta erdialdea bonbardatu dituela, "helburu militarrengatik". Bestalde, Irango berri agentziek jakinarazi dute eztandak entzun direla Teheran, Isfahan eta Tabriz hirietan, eta Mahxahrreko instalazio petrokimiko bat bonbardatu dutela. Irango Guardia Iraultzaileak zabaldutako ohar batean esan du Israelek misil balistikoak erabili dituela.
Gatazka hasi zenetik, Israelek 3.600 lagun baino gehiago hil ditu Libanon, eta asteazkeneko adostasunetik, igandean bonbardatu du lehenengoz Beirut. Erasoaren aurrean, Teheranek herrialdeko mendebaldeko aire eremua itxi du, eta Mehrabad aireportuko hegaldiak bertan behera utzi ditu, Irango albiste agentzia nazionalaren arabera.
Iranen erantzuna
Beiruten aurkako Israelen erasoaren ondotik, Iranek bi aldiz egin dio eraso estatu sionistari. Hala jakinarazi du Israelgo armadak. Astelehen goizaldean Israelek Iranek herrialdera jaurtitako misilak antzeman ditu, eta beranduago alarmek jo dute Jerusalem, Tel Aviv eta Bersheeba hirian. Ez dago zauriturik oraingoz.
Halaber, Irango Guardia Iraultzaileak esan du misilak bota dituela Israelgo Haifa hiriko instalazio petrokimiko batera. "Zibilen eta petrolio instalazioen aurkako erasoak abiatu dituen horretan, etsai sionistak joku arriskutsu bat hasi du, zeinak ondorioak dituen nazioarteko ekonomian, eta horren erantzule bakarra arlo horretako piromano nagusia da: Ameriketako Estatu Batuak", esan du Irango Guardia Iraultzaileak ohar batean, Al Jazeerak argitaratu duenez.
Tentsioa Ekialde Hurbilean
Siriak eta Irakek ere haien aire eremua itxi dute; Siriak hamabi ordurako eta Irakek, berriz, 72 ordurako. Beste aldetik, Yemengo Huthiek misil bat bota dute Israelerantz, Jaffa hirirantz, milizia xiitak jakinarazi duenaren arabera. Israelgo armadak esan du eraitsi egin duela misila. Israelen aurka egiten duten lehen erasoa da, Iranerako su etena adostu zenetik.
Are gehiago, huthiek iragarri dute Bab el-Mandebeko itsasartea itxiko diotela Israeli. "Etsai israeldarrei erabat debekatuko diegu Itsaso Gorrian nabigatzea, eta edozein ekintza helburu militarra izango da gure indar armatuentzat", ohartarazi dute huthiek. Irango Mehr agentziaren arabera, Iranek ziurtatu dio Israeli Erresistentziaren Ardatzak badituela baliabideak eta gaitasuna Bab el-Mandebeko itsasartea zein Ormuzko itsasartea ixteko.
Gazako okupazioa
Bien bitartean, Gazako okupazioak bere horretan dirau. 2023ko urritik Israelek 72.970 palestinar erail ditu. Atzo bertan, beste eraso batean, lau palestinar hil ziren. "Gaur gaurkoz, Zerrendako %60a baino gehiago kontrolatzen dugu, eta laster %70a kontrolatuko dugu", esan du Israelgo Gobernuak.