Al Jazeera-k ondutako ikerketaren arabera, bonba horiek 3.500 gradutik gorako tenperaturak sortzen dituzte, eta gorpuak momentuan bertan erraustu, lurrundu eta desagerrarazten dituzte. Herritar zibilen kontra eta eremu “seguruetan” jaurti dituzte, nazioarteko zuzenbide oro bortxatuta.
Israelen krudelkeriaren enegarren adibidearen berri izan dugu egunotan: Israelek 3.500 gradutik gorako tenperaturak sortzen dituzten bonba termikoak eta termobarikoak erabili ditu Gazako zerrendan, Al Jazeera-k egin duen ikerketaren arabera. AEBek ekoitzi eta Israelek erabiltzen dituen arma termobariko horiek su-bola handi bat eta huts-efektua sortzen duten erregai-hodei bat sakabanatzen dute. Horrek, besteak beste, birikak lehertzea eta gorputzeko ehunak erraustea eragiten du, eta gorpuak momentuan bertan lurrundu eta desagerrarazten dituzte. Ikerketaren arabera, 2023ko urriaren 7tik Israelek 3.000 palestinar inguru desagerrarazi ditu modu horretan.
Ikerketan erabili dituzten datuak Gazako Defentsa Zibilak bildutakoak dira, batez ere bizirik atera diren senideek kontatu eta lehergailu horiek erori ziren lekuetan behaketak egin ostean. Arma horiek gorpuak desagerrarazi badituzte ere, hildakoen berri ematen dutenek odol-laginak aurkitu dituzte inguruan. Al Jazeera-k azaldu du, halaber, arma horien erabilera eta jatorria frogatzen duten ebidentzia materialak daudela, hala nola, bonben karkasak. Horietako bat behintzat Al-Mawasi "eremu seguruan" aurkitu dute, eta beste bat, eskola batean. Hain zuzen, eskolak urriaren 7tik bonbardaketetatik ihes egiten duten errefuxiatuak babesteko erabili dira.
Nazioarteko zuzenbide humanitarioak debekatu egiten ditu horrelako armak herritar zibilen aurka erabiltzea. Baina nazioarteko komunitateak ez ditu alarmak piztu, eta kasu batzuetan konplizitatea ere erakutsi du. Aste honetan bertan, adibidez, Australian bilera egin dute Isaac Herzog Israelgo presidenteak eta erakunde sionistarekin armak salerosten dituzten zenbait eragilek. Al Jazeera-ren ikerketan bertan, Diana Buttu abokatu eta Georgetowngo Unibertsitateko irakasleak argi adierazi du genozidioa "globala" dela, "munduak badakielako Israelek arma debekatu horiek badituela eta erabiltzen dituela".