Israelen Global Sumud Flotillaren aurkako operazio berria, lau euskal herritar daude bahituen artean

  • Israelgo itsas armadako ontziak Global Sumud Flotilla atzematen ari dira nazioarteko uretan, Zipreko erreskate-eremuaren barruan. Itsasoan diren sei euskal herritarretatik lau bahitu dituzte soldadu sionistek, eta Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu astelehen arratsalderako. Gazako blokeoa hausteko misio zibil humanitarioko 58 ontziak Palestinako kostaldetik 260 itsas miliatara daude. Esteka honetan Flotillaren zuzeneko irudiak ikus daitezke.

Flotillarekin eta Palestinarekin elkartasunez kontzentrazioak egin dituzte. Irudian, Donostiakoa. Lander Arbelaitz / ARGIA CC-BY-SA

2026ko maiatzaren 18an - 10:21
Azken eguneraketa: 2026-05-19 11:29
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gazaren gaineko blokeoa hautsi nahi duen misio zibilaren kontra egin du Israelek beste behin. Astelehenean, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak Global Sumud Flotillari ohartarazi dio “berehala buelta emateko” eta esan du ez duela “probokaziorik” onartuko. Are, Israelgo itsas indarren ‘zodiac’-ek Furleto ontzia geldiarazi dute. Israelgo komunikabideek jakinarazi dutenez, Flotillako ontzien kontrako operazioak ordu batzuk beharko ditu, eta bihar arte luzatu daiteke. Momentuotan operazioak aurrera jarraitzen du.

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Israelgo Gobernuak zalantzan jarri ditu Flotillako ontzien asmo zibil eta humanitarioak, eta adierazi du “probokazio horren helburua Hamas indartzea” dela. Horrez gain, Israelek Flotillari leporatu dio Trumpek Gazarako prest duen "bake-planean aurrera egitea oztopatzea".

Global Sumud Flotillako kideek bide segurua eskatu dute misio humanitario legala aurrera eramateko. Adierazi dute, halaber, gobernuek "lehenbailen" jardun behar dutela Israelen legez kanpoko ekintza horiek geldiarazteko, eta ohartarazi dute "okupazioaren indarkeriaren normalizazioa" mehatxua dela guztiontzat.

Israelgo militarrak flotillako ontzietako batean. GSF

Apirilaren 30ean Israelgo armadak Flotillako 55 itsasontzi geldiarazi zituen Greziako kostaldea inguratzen ari zirela, eta 175 pertsona atxilotu zituen. Hala ere, joan den ostiralean, 170 parte-hartzaile eta hamabost ontzi gehitu zitzaizkion misioari Turkian. Orain, ontzidiak 500 bat ekintzaile eta tripulatzaile ditu.

Apirilaren 30eko intertzeptazioaren ondoren, flotillak koordinazio akatsak zuzendu eta estrategia birdiseinatu zuen. Hala, ontzi multzo deszentralizatuetan nabigatzen ari dira, ontzi bakar baten harrapaketak gainerakoei eragin ez diezaion. Estrategia horren baitan, Flotillaren ideia paraleloan nabigatzea da, hamahiru taldetan banatuta eta Gazako kostaldearen parean lerro batean hedatuta, Israelgo armadako ontziei atzemate operazioa zailtzeko.

Bahitutako euskal herritarren mezua

Sei euskal herritar ari dira Global Sumud Flotillan parte hartzen itsasotik –zazpigarren bat lurretik–, eta horietariko lau bahitu dituzte soldadu sionistek. Israelgo armada beren itsasontzia abordatu baino lehen mezuak bidali dituzte José Javier Oses Carrasco Jotas eta Karim El Khamlichi Mohamed-ek. Hegoa Bengoa eta Amarga dira bahitutako beste bi euskal herritarrak.

Palestinako espetxeetan “10.000 preso” daudela gogorarazi du Jotasek, eta Israelek heriotza zigorra legeztatu duela berriki: “Gure atxiloketak baliatu behar ditugu egoera hori salatzeko”. Kalean mobilizatzera deitu du, “determinazio handiagoarekin” eta “Palestinaren eta herri guztien eskubideak defendatzera”.

Flotillari berriz ere eraso eginez Israelek bere inpunitatea agerian uzten duela salatu du Jotasek, eta horrekin amaitu beharra azpimarratu: “Kalean erakutsi behar diegu inpunitate hori amaitu zaiela. Bereziki gure herrian sionismoaren konplize diren horiei erakutsi behar diegu gure herrian ez dutela lekurik”. El Khamlichik azpimarratu du berriz ere nazioarteko uretan egiten ari dela eraso Israel: “Hor datoz egiazko terroristak, ez dute nazioarteko legedia ere errespetatzen”.

Mobilizazioak herriz herri

Global Sumud Euskal Herriak mobilizazioak antolatu ditu astelehen arratsalderako, 19:00etan, Begi guztiak Palestinan. Flotilla ez da ukitzen lelopean. Informazio hau osatzeko orduan hauek dira publiko egin diren deialdiak: Urruñan, plaza nagusian; Sakanan, Altsasuko Udaletxearen aurrean; Gasteizen Artium museoaren plazan; Gorbeialdean Izarrako Plaza Berrian; Donostian Kontxako hondartzan; Iruñean Merindades plazan; eta Bilbon Arenalean.

Antolakuntzatik ARGIAri adierazi diote gehiago ere izango direla eta herritarrei adi egoteko eskatu diete.


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

2026ko maiatzaren 26
Global Sumud Euskal Herriaren mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean
“Gezur hutsa da Ertzaintza probokatu genuela, eta munduak hori badaki”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.