argia.eus
INPRIMATU
Israel Eurovisionetik kanpo uzteko eskatu dute dozenaka artistak
  • Europako Irrati-telebisten Batasunari zuzendua da artisten maiatzaren 6ko agiria. Eurovisionen parte hartu izan duten 72 artistak ohartarazi dute Eurovisionek "ezin duela gizateriaren aurkako krimenak estaltzeko balio ukan".    

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko maiatzaren 08a
Eden Golan, Eurovisionerako iazko Israelen ordezkaria. AFP

"Israeli lekua eginda, [estatu sionistak Gazan bideratu] krimenen normalizazioan eta zuritzean parte hartzen du Europako Irrati-telebisten Batasunak". Hori diote Eurovision lehiaketan parte hartu izan duten 72 artistak The Independent komunikabidean plazaraturiko gutunean. Europako Irrati-telebisten Batasunari zuzendua da agiria eta Israel Eurovisionetik kanpo uzteko galdatzen diote.

Aitzineko edizioa "lehiaketaren historiako politizatuena eta desatseginena" izateaz gain, "hondamendia" izan zela ohartarazirik, aldaketa galdetzen diote. Diotenaz, Israel kanpo uzteko bidea badago, ikusirik aitzinekoetan beste herri batzuk kanpo utzi izan direla –demagun, Errusia 2022an–. Europako Irrati-telebisten Batasunak ideia horri bakarrik erantzun dio: "Gatazken arteko konparaken egitea ez da gure funtzioa".

KAN Israelgo telebista publikoa Gazako "genozidioaren konplize" dela diote gutunean. KANeko erredaktore-buru Eran Cicurel-ek onartu du hitzordu artistiko hori politikoa ere zaiela: "Eurovision aspalditik ez da musika ekitaldi soila, Israelen defentsarako ezinbesteko lekua da".

Maiatzaren 13tik 17ra eginen dute Eurovision, Suitzako Basilea hirian. Espainiako eta Esloveniako telebista publikoek Israelen parte hartzearen inguruko barne eztabaida abiatzeko eskatu diote Europako Irrati-telebisten Batasunari, eta Islandia argiki agertu da estatu sionistaren presentziaren kontra.

Soilik norberaren herriaren bandera

Aurtengoan, Eurovisionek debekatu die artistei beren herrialdekoak ez diren banderak eszenatokian erakustea. Hori horrela, dela LGBT banderak, trans komunitatearena, edota Palestinarena, gisa horretako banderak debekaturik dituzte.

Nemo aitzineko edizioko irabazleak ez-binarioen bandera astindu zuen oholtzatik.