Elkarretaratzea deitu dute ostiralerako Donostian, Israelek Global Dance Open finaletan parte hartzearen aurka

  • Donostia Palestina eragileak eta BDZ mugimenduak ekitaldia ez babesteko exijitu diete erakundeei, baita antolatzaileei Israelgo Estatuaren ordezkaritza "lotsagarria" erretiratzeko ere. LAB sindikatuak, bere aldetik, Donostia Kulturako zuzendaritzari gogorarazi dio konpromisoa hartu zuela Palestinako genozidioa publikoki salatzen ez duen enpresa edo artista israeldarrik ez kontratatzeko, eta neurriak hartzea exijitu dio. Elkarretaratzea deitu du Palestinaren Elkartasunak ostiralerako 19:00etan Kursaal aurrean.


2026ko uztailaren 16an - 10:11
Azken eguneraketa: 17:09
Israel Global Dance Open txapelketan parte hartzen. Donostia Palestina
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Uztailaren 14tik 19ra bitarte Global Dance Open txapelketako finalak jokatzen ari dira Donostian, eta 30 herrialde baino gehiagotako dantzariak ari dira parte hartzen. Herrialde horietako bat Israel da, Donostia Palestinak eta BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak mugimenduak asteazken honetan salatu dutenez. Inaugurazio galan, gainera, Israelgo dantzariek lehen saria jaso dutela adierazi du Donostia Palestinak. Dantza txapelketa hori Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten dute. Kursaal Eszenak antolatzen du lehiaketa, eta froga batzuk Victoria Eugenia antzokian eginen dituzte.

Donostia Palestinak komunikatu bidez erran du Israelen parte hartzea "lotsagarria" dela, eta Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die ez dezatela babestu Israelen parte hartzea onartzen duen ekitaldi bat: "Jarrera aldatzeko eskatzen diegu, eta Israel lehiatik erretiratzeko".

Era berean, Donostia Palestinak kritikatu egin ditu "Israelgo Estatu genozidarekin harreman kultural eta ekonomikoak haustearen alde agertu arren, gero saritzen eta babesten dituzten administrazioak". Herritarrei azalpenak ematea exijitu die Kursaal Ezenari eta udalari: "Interes ekonomikoen gainetik giza eskubideak daude". BDZk, bere aldetik, "boikot kulturala" egitera deitu du.

Palestinarekin Elkartasunak elkarretaratzea deitu du Israeli boikota egin behar zaiola aldarrikatzeko, eta talde honen presentzia salatzeko.

LAB, zuzendaritzarekin kritiko

Naiz.eus hedabideak jaso duenez, LAB eta ELA sindikatuek Donostia Kulturako zuzendaritzari eskatu diote "Donostia Kulturako langileak eta baliabideak ez jartzeko Israel defendatzen duten jardueretarako".  Ohar bidez, LABek bere “harridura eta haserrea” adierazi du Global Dance Open txapelketaren baitan gertatutako egoera "larrien" aitzinean. Sindikatuak salatu duenez, uztailaren 14an Israelgo bandera bat erakutsi zuten oholtza gainean, "estatu sionistari zilegitasun osoa emanez".

LABek erran du joan den maiatzaren 15ean Donostia Kulturako zuzendaritzari eskatu ziola Palestinako genozidioa argi eta publikoki salatu ez duen enpresa, ekoizle, sustatzaile edo artista israeldarrik ez kontratatzea. Sindikatuaren erranetan,  zuzendaritzak konpromiso hori "espresuki" hartu zuen. Hori dela eta, gertatzen ari dena “onartezina” dela salatu du, eta horrelakorik berriro gerta ez dadin neurriak eskatu ditu.

Txapelketari buruzko bertze bi kritika ere helarazi nahi izan dizkio zuzendaritzari. Batetik, egotzi dio Victoria Eugenia Antzokiaren irudiaren erabilera”gehiegizkoa eta desegokia” egitea, eta, bertzetik, nabarmendu du eskatutako hizkuntza irizpideak urratzen ari direla, “gure hizkuntzarekiko inolako errespeturik erakutsi gabe”.

 


Israeli boikota kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...