Getxoko Irurak Bat jauregiaren kasua artxibatu du epaileak, ondare historikoaren aurkako delitua baztertuta

  • Luxuzko etxeak eraikitzeko bota zuten jauregia. Hamar akusatuetatik hiru EAJko zinegotziak ziren, baina prebarikazio delitua ere baztertu du epaileak. Edozelan ere, Bizkaiko Lurralde Auzitegian errekurritu daiteke sententzia.


2026ko irailaren 4an - 12:27
Irurak Bat jauregia zegoen lekua. Hiruka
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024ko abuztuan bota zuten Getxoko Irurak Bat jauregia, 1845 urtean eraikitakoa eta zati bat legez babestua zuena; osorik bota zuten, ordea. Luxuzko hamabi etxebizitza eraikitzeko bota zuten; horietako bat ikertutako bi zinegotzik erreserbatu zuten. Edozelan ere, Marcos Amor epaileak ondare historikoaren aurkako delitua eta prebarikazioa baztertu ditu, argudiatuta jauregia Getxoko Udalaren zaintzapeko eraikin gisa zegoela izendatuta, ez Eusko Jaurlaritzako ondare erregistroan.

Marcos Amor epaileak arrazoia eman die akusatuei, horiek argudiatu baitzuten Irurak Bat jauregia ez duela kultur ondareko legeak babesten: izan ere, 2019an onartutako legea ez da automatikoa, horrela argudiatu dute, eta udalek zaindutako eraikinak ez ditu automatikoki hartzen bere gain. Alegia, Irurak Bat jauregia ez zegoen aipatu legearen erregistroan izena emanda, ezta oinarrizko babesa bermatzeko ondare kulturalenean ere, Getxoko HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko erregistroan baino ez zegoen; eta horregatik, epaileak ondorioztatu du ez zegokiola ondare kulturaleko eraikinei dagokien lege babesa. Gehitu du jauregiaren eraisketa udalerriaren legedia urbanistikoaren barruan dagoela.

Bide beretik jo du prebarikazioa ukatzean, argudiatu baitu eraisketa legezkoa bazen, ezinezkoa dela administrazioak legez kontrako jarrerak izatea horixe baimentzerako orduan.

Irregulartasunez betetako prozesua

Soka luzea izan du jauregiaren eraisketak. Eldiario.es hedabideak azaldu duenez, 2022tik datorren kontua da. Urte horretan lortu zuen baimena Biurban enpresak Irurak Bat jauregiko “eraikin osagarriak” bota eta berritzeko. Ertzaintzaren txostenak nabarmendu du baimen hori ez zela legezkoa, ez baitzuen babestutako eremua errespetatzen. Ertzaintzak gaineratu du “ziur” dagoela Getxoko Udaleko zenbait goi funtzionariok bazekitela Irurak Bat jauregiaren zati bat botako zutela: baina Argiñe Encinas udal arkitektoak egindako hiru txostenetan ez zuen horrelakorik aipatu, ezta Irurak Bat legez babestua zegoenik ere.

Aipatu behar da 2022an Biurban enpresari baimena eman zioten udal bilkuran izan zirela luxuzko etxebizitza erreserbatu zuten EAJko bi zinegotziak. Ereaga Atalaya izeneko kooperatibari bideratu zioten etxebizitza berrien eraikuntza, eta 2023 amaieran jakinarazi zien kooperatibak beren bazkideei “espero gabeko fatxadak” bota beharko zituztela. Handik hiru hilabete eskasera, 2024ko urtarrilean, jauregi “osoa” bota beharra eraman zuten Getxoko Udalera, baina horretako baimenik ez zegoela erantzun zioten. Edozelan ere, proiektuak aurrera egin eta urte horretako abuztuan bota zuten jauregia.

Udala, erantzule

Aurtengo urtarrilean abiatu da ikerketa, eta abiatu berritan El Correo egunkariak Ertzaintzaren atestatua egin du publiko: haren arabera, Getxoko udal gobernu osoa litzateke erantzule, jauregiaren eraisketa baimendu baitzuen txosten juridikorik barik. Horri gehitu dio txosten hori egon balitz, ebazpena kontrakoa litzatekeela, eraikina babestuta baitzegoen. EAJ eta PSE-EE udal gobernuko alderdiek, aldiz, ukatu egin dute El Correo-k kaleratutakoa, eta baieztatu dute “txoten guztiak aldekoak” zirela


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.