1960ko hamarkadan sexu erasoak pairatu zituzten lau ikasle ohik egin dute salaketa. Azaldu dute beste zenbait eliza kongregaziok sexu erasoengatik ordaindutako kalte ordainen “herenera ere” ez dela heltzen.
Iruñeko maristen ikastetxeetan izandako sexu erasoen lau biktimak agerraldia egin dute ostegunean, 1960ko hamarkadan pairatutako “izugarrikeriak” salatzeko, eta kongregazioaren partetik jasotako erantzun zakarra argitara emateko. Izatez, zazpi urteko prozesua izan da, baina aste honetara arte ez dute kongregazioaren erantzunik izan. Prentsa aurrera aterako zirela jakinarazitakoan, ordea, kongregazioa beraiekin jarri da harremanetan, eta kalte ordainak jakinarazi dizkie. Jasoko duten diruak ez du konponduko egindako kaltea, “Ez dago dirurik egin ziguten izugarrikeria ordaintzeko”, adierazi dute lau kaltetuek; baina, salatu dute, jaso duten kopurua “lotsagarria” dela, egoera bertsuan egon diren beste kongregazioen “herenera ere” heltzen ez dena.
Koldo Eslaba, Joaquin Galar, Patxi Goñi eta Marcos Leiun atera dira ostegunean prentsa aurrera. Azken horrek, Nafarroako Erakunde Erlijiosoetako Pederastia Biktimen Elkarteko presidentea ere badenak, hartu du hitza eta orain arte bizi izandako prozesua azaldu du. Aipatu du zazpi urtean “isiltasuna” izan dela nagusi, maristen aldetik ez dutela inolako informaziorik jaso, ezta eskatutakoa ere. Baina informazio hori, izan badute maristek, horrela adierazi du Leiunek. Izan ere, PRIVA planean, Eliza katolikoan izandako adin txikikoen aurkako erasoak aztertzea dagokionak, hamalau espediente aurkeztu zituzten maristek, kaltetuek prestatutako informazioa baino gehiago. Hain zuzen ere, plan hori izan da kalte ordain “lotsagarriak” ordaindu dizkienak.
Edozelan ere, esperantzarako tartea aurreikusi dute kaltetuek, Espainiako Gobernuak eta Apezpiku Konferentziak urtarrilaren 8an sinatutako ituna dela eta; kasuak berriz aztertuko baitira. “Prozesua oso luzea” izango dela ohartarazi du Leiunek, eta azaldu du Arartekoari dagokiola prozesu hori gidatzea eta kalte ordainak berrikustea. Aldarria argia izan da: “Estatuak zentimo bakarra jartzea saihestu behar da, ez baitauka ezein erantzukizun guk jasandako sexu erasoekiko”. Gogorarazi dute Eliza dela ordainketa horien erantzulea, eta “dirua sobera” duela horretarako.