Mugimendu feministak elkarretaratzeak egin ditu Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean astearte iluntzean Sanduzelai auzoko erailketa matxista salatzeko, Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteiz hirietan eta Euskal Herriko hainbat herritan.
Mugimendu feministak astearte iluntzean Iruñeko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin ditu Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteiz hirietan, eta Euskal Herriko zenbait herritan. Eraso matxistarik ez! Aski da! lelopean egin dute eta 2026an Euskal Herrian erailtzen duten hirugarren emakumea dela salatu dute. 136 emakume eta 13 haur hil ditu indarkeria matxistak 2003an erregistratzen hasi zirenetik. “Autodefentsaz armatuta gaude eta erantzuteko prest”, aldarrikatu dute eta emakumeen kontrako indarkeriarik onartuko ez dutela adierazi dute. Hilketa etxebizitza duinen gabeziaren eta indarkeriari ihes egiteko aukera faltaren eraginez gauzatu dela salatu dute: “Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du”.
Hilketa 04:30 aldera izan zen Iruñeko Sanduzelai auzoan. Etxebizitza berean bizi zen lekukoak 04:10 aldera emakumea atea ireki nahian entzun zuen, inputatuak irtetea eragotzi zioenean. Ondoren, sukaldean kolpe bat entzun zuen, biktima “arnasestuka” entzutearekin batera, inputatuak biktima bultzatu zuela interpretatzera bultzatu ziona. 04:30ak inguru entzun zuen kale aldetik emakumearen garrasia, etxebizitzako leihotik izarak erabiliz irten nahian zebilenean. Une horretan hirugarren solairutik jausi zen. Asteartean jakinarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gizonezkoa atxilotzeko aginduaren berri, urruntze agindua urratzea eta emakumea legez kanpo atxikitzea egotzita. Kartzeleratu egin dute asteartean.