argia.eus
INPRIMATU
Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua
  • Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

     

     

     

Olaia L. Garaialde 2024ko otsailaren 22a
Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileeetako kideak, Laban egindako agerraldian.

Hizkuntza gutxituak “biziberritzeko” modu bakarra murgiltze eredua dela esan dute Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileek. Horregatik, Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu diote udalari: “Murgiltze sistemari buruz egin diren ikerketek argi erakusten dute hizkuntza gutxituan murgilduta egoteak ikasleen elebitasuna edo eleaniztasuna bermatzen duela”. AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen, HE Gurasoak eta AET elkarteak, eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hartu zuten parte, atzo, otsailaren 21ean, Laba elkartean egindako agerraldian. 

Euskalgintzako kideek salatu dute duela 35 urteko egoera berean daudela. Izan ere, Iruñeko hamazazpi haur eskoletatik bakarrak dauka murgiltze eredua. Yolanda Barcinaren garaian bi haur eskola zeuden, eta 2015. urtean Joseba Asironek lau haur eskoletan ezarri zuen murgiltze eredua: Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian. 2019. urtean UPN itzuli zenean udal gobernura poliki-poliki eskaintza txikitzen joan zen murgiltze eredu bakarra ezarri arte. 

Murgiltze eredu bakarra egon arren, haur eskola batzuetan eredu mistoa dago, eta euskara erdararekin edota ingelesarekin nahasten dute. Hala ere, behin baino gehiagotan salatu dute horrelako ereduetan euskara “zapalduta” eta “zokoratuta” geratzen dela. Horrekin batera, kontziliaziorako arazoak ere izan ohi dituzte beste auzo batzuetara joan behar izaten direlako. 

Eskaeraren %80 plaza gabe iaz

Helburua lortzera bidean, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdietako kideekin mintzatu dira, eta euskarazko eskaintza zabaltzeko hiru auzo proposatu dizkiete: Mendillorri, Arrosadia eta Donibane. Horrez gain, haur eskola gehiago sortzeko “beharra” dagoela esan dute, iaz eskaeren %80 plazarik gabe geratu zirelako. 

ARGIAn egindako elkarrizketa batean Asironek esan zuen ez dutela denborarik datorren ikasturtean aldaketak egiteko. Adierazpenengatik kezka adierazi dute euskalgintzako kideek: "Ez dira berri onak". Horrekin batera, udalak esandakoa “estu” jarraituko dutela esan dute. Izan ere, Asironek esan du euskara sustatzeko neurriak hartuko dituela: “Edozein kasutan, legealdi honetako gure helburua honakoa da: Iruñeko edozein auzotan euskaraz ikasi nahi duen haurrak horretarako aukera izatea. Hori lorpen izugarria litzateke”.