Euskarari boterea ematearena nonbait ongi ulertu badute, hori Iruñean izan da. Hiri buruzagiaren bihotzean, Gazteluko plazan, ateak ireki zizkioten 2025eko irailean euskaraz arnasteko txoko berri bati. Laba proiektuaren lokalaren paretaren beste aldean, behinola Iñaki Amunarrizen bitxi-denda zenak, bide eman dio Irauli egitasmoari. Bertan, Iruñerriko euskal harreman sarea zabaltzen eta trinkotzen dabiltza aisialdiaren bitartez, eta dagoeneko espazioa euskararen gotorleku bilakatu dute. Egitasmoaren sortzaileetakoa den Erkuden de Andresek kontatu dizkigu nondik norakoak.
Behar zehatzetatik abiatutako proiektua da Irauli. Hiruzpalau laguneko taldetxo batek jarri zuen martxan, gehienak gurasoak, eta sentitzen zuten euskararekin korapiloak bizi zituztela: batek alabari euskaraz egin eta hark erdaraz erantzun, besteak hizkuntza gaitasunik ez duela sentitu,... Korapilo anitzak eta ezberdinak, Iruñerriko familiak diren bezalaxe: "Gurasoetako bat euskalduna eta bestea etorkina dena, ama-bakar zaragozarra eta haurra D ereduan,...", De Andresek esan digunez.
Badakite, halaber, Nafarroan D ereduko eskoletan ez direla haur eta gazteen %50a baino gehiago. Are, eremu akademikotik at falta zuten euskara, eta hor jarri zuten begirada. Orduz geroztik, modu indibidualean askatu ezin diren korapiloak kolektiboki askatzen dabiltza. “Zer egingo dugu? Kexatu eta kexatu? Edo komunitatea sortzen, saretzen eta trinkotzen hasi?”. Esan eta egin. Bidea ireki zuten, eta orain, aurrera begira eta ilusioz beteta ari dira oinez.
Eskaintza zabala
Euren webgunean sartu besterik ez da egin behar iragarrita duten agenda zabala ikusteko: psikomotrizitatea, irakurketa eta sormen tailerrak, jolasak, yoga, zientzia dibulgazioa... De Andresek azaldu digunez, hasiera batean soilik familiei zuzendutako kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak antolatzen zituzten. Baina zabaldu zuten abanikoa, eta euskaldun guztientzako espazio bihurtu da Irauli. Horren erakusgarri da sortu duten Berbetan zikloa. Euskal profesionalak eramaten dituzte lokalera, euren jakintzak eta zerbitzuak partekatzera: izan pantaila adikzioetan edo haur literaturan adituak. Beraiekin izan dituzte, besteak beste, Paula Kasares, Mikel Cerezo, Jon Bujanda, eta Nerea Anso.
Hala, azpiegitura sozial oso bat bilakatu dira, bertan elkartzen direlako familiak, eragileak, erakunde edo elkarteak... "denentzako lekua da". Iraulik espazioa eskaintzen du, eta edozein euskal profesional gertura daiteke bertara bere zerbitzuak eskaintzera. “Guk espazioa eskaini eta beraiek praktika hartu”, dio De Andresek.
Trena martxan mantentzeko, baina, betiko leloaren betiko leloa: irabazi asmorik gabeko elkartea da, baina proiektuak bideragarri izateko diru iturri bat behar du. Kontatu digutenez, tailer asko ez dituzte kobratzen, jendea joango ez denaren beldur-edo... baina eragileak ordaindu behar dira. Proiektua mantendu ahal izateko abian jarri dute bazkidetza aukera.
Hala ere, zerbaitek ezaugarritzen baditu Irauliko kideak, aurrerako begirada da. Buruan dute 65 urtetik gorako pertsonei zerbitzuak eskaintzea astean zehar: irakurle taldea, edo yoga taldea kasu. Nerabeak ere buruan dituzte, esan digutenez, euskarak garai horretan presente egon behar duelako, haur izatetik heldu izatera igarotzeko trantsizioan. Hori guztiaz gain, lokaleko lau paretetatik irten eta plaza hartu nahi dute. Horretarako antolatuko dituzte larunbat goizetan euskal dantza ikastaroak familientzat.