Iruñea eta Nafarroa norentzat eredu?


2026ko urriaren 8a - 10:09
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nafarroa eredu? Lehengo batean, hara zer zioen ETBn EH Bilduko diputatu batek:
“Iruñeko eta Nafarroako itunak beste erakunde batzuetan egin daitekeenaren adibide praktikoak dira” edota “Nafarroako ereduak Euskal Herriko beste lurralde batzuetarako balio diezaguke”. Jakitun ote da Nafarroan eta Iruñean euskararen auzian gertatzen ari denaz? Aspaldidanik Iruñean bizi den nafar euskalduna naizelarik, ez nago batere ados EAEko diputatu horrek esandakoekin. Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek osatua eta EH Bilduk babestua) euskarari jarritako oztopoak etengabeak izan dira. Izan hezkuntzan izan administrazioan, oro har. Ikaragarria da gertatzen ari dena eta PSN egiten ari dena “nafar guztien berdintasunaren” eta “errealitate soziolinguistikoaren” izenean, hori bai. Eta partidu abertzaleak isil?

PSNk, UPN, PP eta Voxekin bat egin ohi du euskararen (aurkako) auzi guzietan, nafar euskaldunon hizkuntz eskubideen kaltetan. “Eskuintzarrak” bezala, PSNk ere nafar euskaldunon hizkuntz eskubideak eremuka antolatzen ditu. Labur-labur, euskaldunok “euskal eremuko” zerbitzu publikoetan euskarazko arreta jaso dezakegu (nahiz anitzetan ez), baina Iruñerrian oso nekez, eta “eremu erdalduna” delakoan inola ere ez. Bestela esanda, nafar euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara Nafarroako bi herenetan, baita gobernu “aurrerakoi” delako honekin ere. Aurrerakoi, euskaldunok baztertuz? Gobernu honek burututako erasorik larrienetako bat Merituen Dekretua izan da (97/2024 Foru Dekretua). Horren eraginez, “eremu mistoko” udaletako lanpostu publikoak eskuratzeko lehiaketetan euskara gehienez ere %2 murritz batekin saritu ahalko da. Komeni da azpimarratzea Nafarroako lan-eskaintza publiko gehienak oposizio edo azterketa hutsez ebazten direla, eta ez dela inongo meriturik aintzat hartzen, ezta Nafarroako berezko hizkuntza den euskararentzat ere.

Euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzearen alde omen dauden Geroa Baik eta EH Bilduk, lehenik eta behin, badute garaia euskaldunok baztertzen gaituzten eragile eta gobernuen bazkide edo bidelagun izateari uzteko

Iruñeko udaleko kasuak arreta berezia merezi du. Iruñeko Udalean EH Bildukoa da alkatea, baina gehiengoa biltzeko PSOE behar du, eta horrek eragin zuzena du udalaren hizkuntz politikan. Iruñeko Udaleko 2026ko plantilla organikoan lanpostu elebidunak %0 dira Hirigintza Gerentzian, eta %4,8 udaleko gainontzeko arloetan.

Euskara meritu gisa puntuatzeko orduan inoiz baino okerrago jokatzen ari da Iruñeko Udala, orain arteko agintaldirik okerrena bihurtzeraino. Izan ere, euskara ia sistematikoi ez da puntuatu ere egiten. Udal honek lau lan deialditan besterik ez du puntuatu euskara: behin %0’5 puntu emanez, bitan %1 eta beste behin %1’65. Hutsaren hurrengoa, beraz, eta hori Poliziaren Lege bereziak behartuta.

Hirurogeita hamasei lan deialditan ez du euskara aintzat hartu Iruñeko Udalak agintaldi honetan. Beste modu batez esanik, Iruñeko Udalak ia Tuterakoak (UPN) bezala jokatzen du hizkuntzaren auzian, administrazio elebidun bihurtzeko bidea zeharo blokeatuta du, eta iruindar euskaldunon hizkuntz eskubideak zokoratuak.

Bukaera eta eskaera

Eta burutzeko, zer esan, Espainiako Parlamentuan gertatu denaz eta amaieran den agintaldi honetaz? Zertarako balio izan digute Espainiako Parlamentuan ditugun botoek? EAJren bostak eta EH Bilduren seiak PSOEk nahitaezko zituenak?

Euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzearen alde omen dauden Geroa Baik eta EH Bilduk, lehenik eta behin, badute garaia hitza bete, fikziozko ipuin baikorrak zabaltzeari utzi eta euskaldunok baztertzen gaituzten eragile eta gobernuen bazkide edo bidelagun izateari uzteko. 

Jon Aleman Astitz, Euskaltzaleen Foroko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.