“Irtenbidea ez da beldurrera eta kontrolera itzultzea, baizik eta plazerean zaintza integratzea”

  • Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, 15 eta 18 urte bitartekoen artean  %21 jaitsi da preserbatiboaren erabilera harreman koitaletan. Lorea Gurutxarrik, Sare elkarteko teknikariak, dio alarmistak izan beharrean, osotasunean aztertu behar direla datuak.


2026ko otsailaren 6an - 06:25
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

15-18 urte arteko nerabeen zenbait praktika sexual jaso ditu Espainiako Osasun Ministerioak. Ikerketak soilik harreman koitalak aztertzen ditu. Batez ere, preserbatiboaren erabilerara mugatzen da. Ikerketaren arabera, 2002tik 2022ra %21 jaitsi da preserbatiboaren erabilera. Horrek esan nahi du soilik %65,5ek erabiltzen dutela preserbatiboa. “Oso alarmistak gara, eta ez dugu gertatzen dena bere osotasunean ikusten”, esan du Lorea Gurutxarrik, Sare elkarteko teknikariak. Gaineratu du lagina “oso mugatua” dela, adin tartea txikia delako, ez duelako LGTBIAQ+ begiradarik eta ez dituelako beste faktore asko kontuan hartzen: “Ez gaude nerabe arduragabeen edo gaizki informatutako nerabeen aurrean. Nerabe gehienek badakite zein arrisku dauden, baina erabakiak hartzeko testuinguru psikologikoa, soziala eta harremanen testuingurua aldatu egin da”.

Horrez gain, uste du ezin direla faktore fisiologikoak ahaztu. Izan ere, nerabezaroan orokorrean arrisku praktikak “ohikoagoak” direla dio: “Haien identitatearen bila dabiltza,  hormonak kontrolik gabe daude eta kortex prefrontala ez dago garatuta. Horrek planifikazioan, erabakietan, erregulazio emozionalean, arretan eta jokabide sozialaren kontrolean eragina dauka”. Gainera, uste du kontuan hartu behar dela ez direnez helduak, ez dutela helduek bezala arrazoitzen eta hitz egiten.

"Haien identitatearen bila dabiltza,  hormonak kontrolik gabe daude eta kortex prefrontala ez dago garatuta"

Datuen arabera, neskek mutilek baino gutxiago erabiltzen dute preserbatiboa eta gehiagotan aipatzen dute kanpoan hustea. Gurutxarrik azaldu duenez, nesken autonomia sexuala handitu den arren, presioak oraindik nabarmenak dira: “Neska askok badakite preserbatiboa erabili beharko luketela, baina emozionalki sentitu dezakete errefusa eragin dezaketela, intentsua bezala etiketatzeko arriskua dagoela eta posizio deserosoan egon daitezkeela. Horrek barne disonantzia eragin dezake; hau da, badakit nire burua zaindu behar dudala, baina aldi berean, ez dut momentu honetan harreman kostua ordaindu nahi”. Azpimarratu du preserbatiboa erabiltzearen atzean gauza asko daudela, hala nola hitz egitea, negoziatzea, unea etetea eta zaurgarritasuna onartzea.

Mutilei dagokienez, mezu “kontraesankorrak” jasotzen dituztela dio. Alde batetik, zaindu eta errespetatu behar dutela esaten diete. Bestetik, sexu ereduek horrelako arriskuak saltzen dituzte. “Orokorrean gazteek argi dute biek nahi badute ongi dagoela, baina ez dute argi, biek nahi badute nola zaindu beren burua”, esan du.

Prekarietate ekonomikoa, arrisku faktorea

Ikerketak dioenez, erosteko ahalmen baxuagoa duten familietako nerabeek gutxiagotan erabiltzen dute preserbatiboa. Gurutxarriren ustez, prekarietate ekonomikoa oso faktore garrantzitsua da: “Etorkizuna zenbat eta zalantzazkoagoa izan, orduan eta garrantzi txikiagoa dute epe luzeko arriskuek”. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, lan prekarioek, bizitza proiektuak atzeratu behar izateak eta horrelako faktoreek etorkizunari baino orainaldiari garrantzi gehiago ematea eragiten dutela dio. “Arrisku datuek indar emozionala galtzen dute. Ez da arduragabekeria, ziurgabetasunerako egokitzapen psikologikoa da”, esan du haserre.

Hortaz, horrelako datuak “alarmistak” iruditzen zaizkio, eta geroz eta inpaktu “txikiagoa” dutela nerabeengan: “Ohartarazpenez gainezka daude, eta ohituta daude askotariko arriskuetara; adibidez, klima, ekonomia, osasun mentala eta indarkeria. Orduan, garunean zein da emaitza? Hau arrisku bat gehiago da zerrenda amaigabean”. Ikuspegia zabaldu beharko litzatekeela uste du. Esate baterako, aztertu nola sentitzen diren preserbatiboa ateratzeko unean, zergatik egiten duten gauza bat edo beste, ea eroso dauden komunikatzeko eta zein kezka dituzten. “Oraindik asko zentratzen gara preserbatiboan eta ez horrenbeste plazerean, desiran eta elkar banatzean. Egungo nerabeek eta betikoek gozatu, konektatu, aske sentitu eta onartuak izan nahi dute”.

Nerabeez ari da, baina gizartean orokorrean kontuan hartu beharreko neurriak direla dio. Akats indibidual bezala ikusi beharrean, enpatizatu eta ikuspegi globala eman behar zaiola esan du: “Irtenbidea ez da beldurrera eta kontrolera itzultzea, baizik eta plazerean zaintza integratzea”. Desira eta komunikazio emozionala lotzearen garrantziaz ere mintzatu da: “Komunikazio emozionalak ez du desira hozten, bizigarri egiten du”.


Irakurri gehiago: Sexualitatea Gizartea Osasuna
Sexualitatea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...