Nafarroako Erriberan, ezezagutza handia dago euskararen eta euskaraz ikastearen inguruan, zer esanik ez beste herrialde eta kultura batzuetatik etorri berri badira. Familia horiei D ereduaren onurak azaltzeko lan egiten du bertako ama talde batek: “Integrazio eta kohesio hizkuntza da euskara, hala adierazten diegu”.
Castejongo eskola publikoan, D ereduko ama da Carmen Casas. Laubide Kultur Elkarteko beste guraso batzuekin batera, zeregin inportantea hartu dute beren gain: murgiltze ereduaren berri ematea beste familia batzuei. Izan ere, Nafarroako Gobernuak “ez du euskararen aldeko apusturik egiten eta ez ditu batere hobesten D eta A ereduak; ez dute inolako ahaleginik egiten familiak informatzeko”, kritikatu du Casasek.
ARGIAri kontatu dionez, matrikulazio-aurreko eta matrikulazio garaian beste herrialde batzuetatik iritsi diren familiekin bilerak antolatzen dituzte, konfiantza giroan, zeren “ezjakintasuna erabatekoa da, ez dute ideiarik ere” Castejongo ikastetxe publikoan D eredua dagoenik, ezta A eredua aukeratu dezaketenik ere –A ereduan euskara ikasgaia dago– eta beraz, zuzenean G ereduan matrikulatzen dituzte seme-alabak, alegia gaztelania hutsean. Castejonen 4.700 bat herritar bizi dira eta horietatik 1.500 inguruk (%31) atzerritar jatorria du, batez ere marokoarra.
"Seme-alabek gaztelania ikasiko ote duten, hori dute kezka batzuetan, eta esaten diegu lasai egoteko, sekulako zortea izango dutela, hiru hizkuntza jakingo dituztela euren umeek"
Bilerek interesa pizten dutela esan digu Casasek, badirela ama arabiarrak itzultzailearekin bertaratu direnak, ongi ulertzeko, seme-alabek beste hizkuntza batzuk ikastea eta Nafarroako gizartean integratzea nahi dutelako. “Seme-alabek gaztelania ikasiko ote duten, hori dute kezka batzuetan, eta esaten diegu lasai egoteko, gaztelania bai ala bai ikasiko dutela kalean, plazetan eta karriketan nagusi delako alde handiz, eta euskara eskolan ikasita, sekulako zortea izango dutela, hiru hizkuntza jakingo dituztela euren umeek”.
Kohesiorako gako
Casasek garbi du: “Euskara da kohesionatzeko eta berdintzeko gakoa. Gainera, euskarak Erriberan indarra har dezan ezinbestekoa da munduko beste lurraldeetatik etorri diren familiek ezagutzea eta ikastea. Eskola eta herria partekatzea eta denek Nafarroako hizkuntza hitz egitea integraziorako motorra da, baita Erribera eta Nafarroa osoan euskarak aurrera egin dezan ere”.
Oso pozik dago Casas: datorren ikasturtean 10 haur berri matrikulatuko dituzte D ereduan. Iaz, soilik 2
Datorren ikasturterako euskarazko matrikulek gora egin dute, tartean eurek egindako informazio zabalkuntzari esker, eta oso pozik dago Casas: 10 haur berri matrikulatuko dituzte Castejongo eskolako D ereduan, 8 A ereduan eta 29 G ereduan. Iaz, soilik 2 berri matrikulatu zituzten D ereduan eta 2 A ereduan. Argi du, dena den: "Oraindik lan asko dago egiteko".