Iraultza Txikien Akanpada egingo dute irailaren 18tik 20ra, Bardeetako tiro eremuaren inguruan

  • Pitillasen (Nafarroa) izango da laugarren edizioa, eta tiro eremuari baimena berritzeko arriskua eta NATOren eta Europako Batasunaren militarizazioa salatuko dituzte, besteak beste. Antolatzaileek azpimarratu dute Euskal Herriko Herri Mugimenduaren topaketak "inoiz baino beharrezkoagoak" direla. 

Iraultza Txikien Akanpadaren 2021eko edizioa. Dani Blanco / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko irailaren 7an - 15:01
Azken eguneraketa: 2026-09-08 12:05
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

"Iraultza Txikien Kanpaldia ekologismoaren, feminismoaren, antimilitarismoaren eta internazionalismoaren inguruan behetik topo egiteko, eztabaidatzeko, ikasteko, antolatzeko eta alternatibak eraikitzeko gunea da", esan dute antolatzaileek. 2018an egin zuten kanpaldia lehen aldiz, Zubietan (Gipuzkoa), eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.

Ez da kasualitatea laugarren edizioaren leku gisa Bardeak aukeratu izana: izan ere, Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak tiro eremua alokatzeko duen kontratua 2028an amaituko zaio, eta orduan erabaki beharko du berritu ala ez. Antolatzaileek nabarmendu dute topaketak "sareak ehuntzeko, konplizitateak sortzeko eta borroka partekatuak bultzatzeko lekua" izango direla.

Hiru eguneko egitaraua

Ostiraletik igandera egitarau oparoa osatu dute herri mugimenduetako kideek: ostiralak arratsaldean izango diren harrera ekitaldia eta Bardeen inguruko hitzaldia edukiko ditu erdigunean, azken hau Bardea Aske taldearen eskutik. Horrez gain, hitzaldi sortak –zehazki, klima aldaketaren, etxebizitza problematikaren eta gorakada erreakzionarioaren inguruan– eta bertso afaria ere izango dituzte.

Larunbatean, berriz, aktualitateko auzi nagusien inguruko hitzaldiak eta mahai inguruak nagusituko dira. Orotara, bederatzi eskainiko dituzte, hirunaka aldi berean –hiru goizean eta beste seiak arratsaldean–, eta honako gai hauek landuko dituzte: Palestinako genozidioa, elikadura burujabetza, errepresioa, arrazakeria, sare libreak, euskara, transfobia eta gerraren negozioa. Eguna amaitzeko, Abby Martin estatubatuarrak eginiko Lurraren etsairik handiena dokumentala eskainiko dute gauean herriko plazan, baita Los Kaguetas taldearen kontzertua ere.

Topaketetako azken egunean, igandean, Bardeetara martxa egingo dute, eta herri bazkaria ondoren. Azkenik, Skabidean talde ezagunak kontzertua eskainiko du. Gainera, azken egun horretan sorpresa gehiago izango direla iragarri dute antolatzaileek.

Izena emateko epea, zabalik

Irekita dago hiru eguneko egitarauean izango diren ekintzetan izena emateko epea, esteka honen bidez. 

 


Herri mugimendua kanalean gehiago
2026ko urriaren 7
Joxemi Zumalabe eta Bizilur ('Herri Mugimendua(k): eraginkorra(k) ote?' gogoeta):
“Herri mugimenduen eraginkortasun politikoa handitzeko xedea izan du bi urteko gogoeta prozesu honek”

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.