Libre geratu dira Bilboko eta Algortako bi militante internazionalistak

  • Asteartean Bilbo eta Algortan atxilotutako bi militante internazionalistak ostiral goizean izan dira Espainiako Auzitegi Nazionalean eta deklaratu ostean aske utzi ditu epaileak. Iranekin Bat plataformak elkarretaratzea egin du Bilbon, plataformako bi kideei babesa helarazi eta "jasandako jazarpena" salatzeko.
Atxilotuak libre geratu ostean Madrilen. Aske antolakundea

2026ko ekainaren 19an - 15:01
Azken eguneraketa: 17:56
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Asteartean Espainiako Poliziak plataformako bi kide atxilotu zituen, Hezbollah milizia xiitarekin lotura izatea egotzita. Ostiral goizean pasa dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren epailearen aurretik, 72 ordu atxilotuta izan eta gero. Epailearen aurrean deklaratu ostean, libre utzi dituzte eta Euskal Herrira bidean jarri dira Madrilen harrera egiteko bildu diren lagunekin batera.

Atxilotuak aske geratu ostean Madrilen. Aske antolakundea

"Elkartasuna, internazionalismoa eta amnistia totala". Labur baina argi ahoskatu du Iranekin Bat plataformak bere aldarria. Ostiral arratsaldean Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean esan ditu hitz horiek, astearteko atxiloketak gaitzetsi eta jasatako jazarpena salatzeko egin duten elkarretaratzean.

Arratsaldean elkarretaratzean egon dira, beste hamarnaka pertsonarekin batera.  "Publikoki salatu nahi dugu azken asteotan jasandako errepresio eta jazarpen bortitza". Azaldu dute Espainiako Auzitegi Gorenetik bideratutako operazioa eta atxiloketak Irango enbaxadoreak maiatzean Euskal Herriko herri batzuetan emandako hitzaldiekin abiatu zela. "Plataformak enbaxadorea gonbidatu zuen asteburu batean hitzaldi batzuk ematera, zeinak adierazpen askatasunaren parte diren". 

Atxiloketen aurrean, hainbat hedabideren sentsazionalismoa salatu dute: "Plataformaren aurkako artikuluak idatzi dituzte, ustezko prentsa librea bi atxilotuen militantzia politikoari zilegitasuna kentzeaz arduratu da". Adierazi dute hedabide horiek Espainiako Estatuko "lobby sionistaren lan zikina" egin dutela, errepresio kanpaina abiatzeko epaientzat eta polizientzat "testuinguru perfektua" eraikita.

Astearteko bi atxilotuei eta haien familiei babesa helarazteaz gain, Loiuko aireportuan gertaturikoak gogoratu dituzte. "[Ertzaintzak] Ondo frogatu zuen pilotak, ukabilkadak, ukondoak eta belaunak besterik ez dituela inolako interesik gabe Palestinaren alde gorputza jartzen dutenentzat". Ertzaintzak izandako jarrera gaitzetsi eta elkartasuna adierazi diete Loiun zein asteartean Algortan atxiloketaren unean kolpeak jaso zituztenei. 

Gaitzespena kazetari, epaile zein poliziei

Kazetariak, epaileak, politikariak eta segurtasun gorputzak seinalatu dituzte: "Eskubideekin betetzen duzue ahoa eta errepresioa besterik ez duzue eskaintzeko. Zuek zarete Israelen eta nazioarteko inperialismoaren markoa zilegi egiten duzuenak, haiek Iran, Libano, Yemen, Irak eta Palestina kolpatzen jarrai dezaten". Hitz gutxitan erantzun die plataformak: "Aurrean izango gaituzue".

Eskerrak eman dizkiete bi atxiloketen aurrean babesa adierazi dietenei, baita "gau eta egun inolako interesik gabe sionismoaren eta inperialismoaren aurka" borrokatzen jarraitzen dutenei. Borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute, "sionismoa, inperialismoa, errepresioa eta autodefentsarako eta herrien erresistentzia eskubidea" defendatzeko. "Amnistia totala, internazionalismoa eta elkartasuna ez dira delituak". 


Internazionalismoa kanalean gehiago
2025eko abenduaren 4
Ez da eten

2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...