Larunbatean dira hastekoak bake negoziazioak Islamabaden (Pakistan), baina Iranek iragarri du ez dela AEBekin eseriko Libanon su-etena bete arte. Bitartean, Trumpek Irani leporatu dio Ormuzko itsasartea ez duela ireki. Bestalde, Israelek iragarri du Libanorekin hitz egiteko prest dagoela, hari eraso egiten segitzen duen bitartean.
Euskal Herrian goizeko zazpiak inguruan zirenean iritsi da berria. Fars eta Tasnim komunikazio agentziek, biak Irango Guardia Iraultzailearekin lotutakoak, jakinarazi dute Iranek ez duela AEBrekin negoziatuko Libanon su-etena aplikatu arte. Bake akordio iraunkor bati begirako elkarrizketak larunbat goizerako daude aurreikusita Islamabaden (Pakistan), eta bi herrialdeetako ordezkariak jada bertan badaude ere, negoziazioak kolokan daude.
Masoud Pezeshkian Irango presidenteak adierazi du negoziazioek etenda jarraitzen dutela “AEBek su-etenarekin dituzten konpromisoak bete arte". Pezeshkianek gaineratu du, halaber, Iranek ez duela Libano “alde batera utziko”. Izan ere, asteazken goizaldean, su-etenaren lehen egunean, Israelek Libanoren kontrako eraso bortitzena egin zuen, gutxienez 254 pertsona hil eta beste 1.165 zauritu eraginda.
Aldi berean, Donald Trumpek ere Irani leporatu dio su-etena ezartzeko bere konpromisoa ez duela bete, hots, Ormuzko itsasartea berriro irekitzea. Eta oraingoz, pasabidea itxita mantentzen du Iranek.
Bestalde, Israelek Libanori eraso egiten jarraitzen dion aldi berean, Netanyahuk ohar bidez adierazi du prest dagoela Libanorekin elkarrizketan hasteko, betiere “Hezbollah armagabetzearen” baldintzapean. AEBetako funtzionario batek jakinarazi duenez, Israel eta Libanoren arteko elkarrizketak Washingtonen (AEB) hasi daitezke, datorren ostegunean. Hala ere, Eyal Zamir Israelgo Armadako Estatu Nagusiko buruak ostiral honetan adierazi duenez, Israelgo Defentsa Indarrek Libano hegoaldea erasotzen jarraitzen dute, euren esanetan Hezbollah milizia xiita libanoarrarekin "ez baitago su-etenik".
Hitzez haraindi, ekintzek ere hori bera diote. Al Jazeera-ren arabera, Hezbollah-k Israelgo Kiryat Shmona, Metula eta Misgav Am kokaguneei kohetez eraso egin die. Taldeak zabaldu duen oharrean dio erasoekin jarraituko duela "Israelen eta AEBren aurkako erasoa amaitu arte". Aldi berean, Israelek Beirut (Libano) inguruan aireko erasoak egin bitartean, lurretik ere herrialdeko hegoaldean hedatzen ari da. Ejertzito israeldarra Libano hegoaldeko Bint Jbeil hiria inguratzeko ahaleginean ari da, 30.000 biztanle dituena.
Txina, Islamabadeko negoziazioen giltza
ElDiario.es hedabideak jaso duenez, Pakistanen aurreikusita dauden negoziaketei begira, Txina da segurtasunaren bermatzaile gisa jardungo lukeena. Pakistanek bitartekari lanak egin baditu ere, badirudi ez direla gai izan bermea eskaintzeko. Txinatarrek eskainitako bermeen artean zegoen inork ez zituela Irango buruzagiak hilko negoziazioetarako bidaiatzen bazuten. Gainera, AEBek akordioa errespetatuko zutela eta Islamabadeko elkarrizketak ondo joango zirela agindu zuten. Are, Iran negoziatzeko konbentzitu zuela adierazi zuen Trumpek elkarrizketa batean.