Iran, sutan dagoen munduaren enegarren joko-eremua

  • Iranen eta Ekialdeko Kurdistanen herritarrak kalera ateratzen hasi ziren abenduaren 28an, hasiera batean, bizi kostuaren gorakadak ekarritako haserreak eraginda. Inflazioak abenduan goia jo zuen, eta monetaren balioa  izugarri jaitsi da iaz geroztik. Mendebaldetik diote “usteltzen ari den Irango Gobernuaren aurkako protesta jendetsuak” direla, eta “Erregimen Islamiarrak ehundaka manifestari atxilotu, torturatu eta hil” dituela, Irango Gobernuko iturri baten arabera, hildakoak 2.000 inguru dira jada. Gainera, protesten eta errepresioaren irudiak ez zabaltzeko internet zerbitzuak moztea egotzi diote hainbat GKEek Irango Gobernuari. 


2026ko urtarrilaren 13an - 07:00
Azken eguneraketa: 13:38
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Reuters komunikazio agentzaren arabera, egunen joanarekin, bertako agintarien aurkako nazio mailako protestak bihurtu dira, eta gobernuarentzat, kontrolpean mantendu beharreko erronka handia. Izan ere, 2022az geroztik izandako manifestaziorik jendetsuenak izaten ari dira. Orduan, Irango Moralaren Poliziak 22 urteko Mahsa Amini atxilotu zuen, beloa “gaizki jarrita” eramateagatik, eta hurrengo egunean, gaztea hilik zegoela jakinarazi zuten. 

Irango gobernua hainbat aurpegi erakusten ari da egunotan. Alde batetik, Masud Pezexkian presidenteak dei egin zuen “moderazioz” jokatzeko eta manifestarien eskaerak entzuteko prest zegoela adierazi zuen; bestetik, Abbas Araghchi Irango Kanpo Harremanetarako ministroak argudiatu duenez, protestak "bortitzak eta odoltsuak bihurtu ziren" Donald Trump AEBko presidenteari herrialdean militarki esku hartzeko "aitzakia" emateko. 

Mehran Kamrava Irango analistak Al Jazeerari adierazi dio Irango Gobernuak aurre egin behar izan dion “krisirik larrienetako bat” dela hau. “Egiten ari direna egoera desaktibatzea da, publikoak babesten dituela erakustea, baina baita AEBei mezu bat bidaltzea ere".

Irangpo Gobernuak kaleetan babesa duela erakutsi nahi izan du. Astelehenean milaka irandar mobilizatu ziren Teherango Enghelab Plazan, baita herrialdeko beste hiri nagusietan ere, gobernuari babesa adierazteko. Ali Jamenei Irango lider gorenak adierazi zuen "erabakitasunez betetako" kontzentrazio handi horiek, "atzerriko etsaien konplota zapuztu" dutela.

Iran eta AEBen arteko tentsioa gora

Estatu mailako arazo izateaz harago, nazioarteko dimentsio eztabaidaezina du auziak, Iran sutan dagoen munduaren enegarren joko-eremua bilakatuz. Izan ere, Trumpek adierazi du Irango oposizioko buruzagiekin harremanetan dagoela, eta bertan esku hartzeko aukeren artean eraso militarrak daudela: "Horri begira dago armada, eta oso aukera indartsuak ikusten ari gara", esan zien Trumpek Air Force One hegazkinean zihoazen kazetariei igande gauean.

Lubakiaren beste aldetik Araghchik adierazi du gertatzen ari dena ez dela “protesta”, “herrialdearen aurkako gerra terrorista” baizik. Gaineratu du frogak dituztela AEBek hauspotutako “interbentzio terrorista” dela erakusten dutenak, besteak beste, “elementu terroristek jasotako ahots-mezuen audio-grabazioak, zibilen eta segurtasun-indarren aurka tiro egiteko agintzen dietenak". Hari beretik, Iranek esan du AEBek herrialdean zuzenean esku hartuz gero, “Israelek okupatutako lurraldeak eta bertan dauden AEBen base militarrak helburu militar” bilakatuko direla.

Esanak esan, protestak odola eragiten ari dira, hildako eta zuritutako manifestarien kopurua egiaztatzea ezinezkoa den arren, modu independentean behintzat. Mendebaldeko GKE eta komunikabideak hildako manifestarien zifrak ematen ari diren bitartean, Irango gobernuak hiru eguneko dolu nazionala ezarri du, besteak beste, protestetan hildako segurtasun indarretako kide "martiriengatik".

Bestalde, Al Jazeerak jakinarazi du lau egun daramatela irandarrek interneterako sarbiderik gabe, gobernuak moztu duelako. Erresuma Batuan egoitza duen Amnesty Internationalek ekintza hori kritikatu du, "manifestarien aurkako errepresio hilgarriaren gorakadaren urraketak" ezkutatzeko modu gisa.

Mendebaldeko bertsioa, zalantzan

Beste iturri batzuek diote, hala nola egoera geopolitikoari jarraipen zorrotz eta kritikoa egiten dion Moon of Alabama atariak, AEBetako CIAk eta Israelgo Mossadek hauspotutako protestak direla, Iranen gobernu aldaketa eragiten saiatzeko aldiro egiten dituen saiakera berri bat. Azken saiakera 2022ko irailean izan zen, Irango Moralaren Poliziak Mahsa Amini atxilotu zuen, beloa “gaizki jarrita” eramateagatik. Gaineratu du zabaltzen ari diren irudi asko –hiriak sutan erakusten dituztenak– beste leku eta garai batekoak direla, edo adimen artifizialarekin sortutako irudi faltsuak. Adibidez, azpiko txio honek milaka ikustaldi dauzka, baina protesta ez zen Iranen gertatu, baizik eta Atenasen gertatu zen duela hamar aste.

Bertsio horrek Trumpen administrazioak azkenaldian hartu duen norabide esplizituki inperialistarekin bat egin dezake, are, jakinda manifestari asko Reza Pahlavi babesten ari direla, 1979ko iraultzan boteretik kendu zuten Irango sagaren semea, eta Israelgo hedabideek hauspotu duten figura. Pahlaviren babesak aurreko urteetan Iranen izandako protestak baino kutsu nazionalista kontserbadoreagoa ematen dio matxinada honi. 

Moon of Alabamaren arabera, protestariak ez dira “horrenbeste” –erregimenak babes sozial zabala duelako–. Haren esanetan, milaka gazteak dira gauez suak pizten dituztenak Irango hainbat hiritako automobil, meskita, denda eta polizia-bulegoetan. Gainera, gazte armatu horiek “poliziak hiltzen” ari dira, eta “zelula terrorista horiek guztiak Interneteko konexioen bidez koordinatuta” daude. Gaineratu du, “normalean, astebete edo bi” behar izaten dituela Irango Gobernak mehatxu diren lotura horiek aurkitu eta itxi arte, baina prozesu horrek denbora gehiago beharko duela oraingoan, talde horietako batzuk Starlink terminalez hornituak izan direlako –Elon Musken interneteko sistema– eta gobernuak ezin dituelako detektatu. Bien bitartean, “Errusiak Starlink terminalak airetik detektatzeko aukera ematen duten ekipoak garatu ditu, Iranek dagoeneko jaso ditu kopiak, eta laster sortuko ditu bere hiriak estaltzeko adina”, Moon of Alabamaren arabera.

Bere aldetik, Txinako Kanpo Harremanetarako Ministerioak, Irango buruzagien aldeko adierazpen batean, beste herrialdeetako barne arazoetan atzerriko interferentziaren aurka dagoela esanez komunikatua argitaratu du.


Irakurri gehiago: Nazioartea Iran Asia Israel AEB Amerika
Nazioartea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 2
Libertà

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin