AEBen eta Israelen arteko eraso bateratuetan 550 pertsona hil eta gero, Irango lider gorena –Ali Khamenei ayatola– barne, bateko eta bestekoen erasoek hirugarren egunez jarraitzen dute. Etengabe ari dira iristen eraso eta biktima gehiagoren inguruko albisteak, AEBek eta Israelek mehatxu nuklearraren aitzakian abiatutako bonbardaketen osteko egoera nahasiaren isla.
Etengabe ari dira albiste agentziak eta Al Jazeera moduko hedabideak Ekialde Hurbilaren egoeraz albisteak eguneratzen. Azken orduetan jakinarazi dituzte: Iranen kontra egindako erasoetan gutxienez 550 pertsona hil dituzte AEBek eta Israelek, Ilargi Gorriak emandako datuen arabera –horietatik 140 inguru neskentzako eskola batean zeuden umeak dira, Irango fiskal batek jakinarazi duenez–; Saudi Arabiak itxi egin du Ras Tanura petrolio findegia, droneek egindako erasoek sutea piztu ostean; Britania Handiko Kanpo Arazoetarako ministerioak adierazi du drone batek Txipren duen base militarraren kontra egin duela talka; AEBetako Defentsa ministerioak esan du gerra-hegazkin zenbaitek lurra jo dutela Kuwaiten –biktimarik ez da egon–; Israelek gutxienez 31 lagun hil eta 149 zauritu ditu Libanoren aurkako erasoetan; AEBek eta Israelek misilak jaurti dituzte Kataib Hezbollah talde armatuak Iraken dauzkan kokalekuen aurka; Erbilen, Irakeko Kurdistanen leherketak izan dira; baita Abu Dabin (Arabiar Emirerri Batuak) eta Dohan (Qatar) ere; milaka herritar ari dira Libanotik ihes egiten; Jean-Noel Barrot Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak adierazi du prest daudela Iranek bonbardatu dituen herrialde "aliatuak" (Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Qatar, Irak, Bahrain, Kuwait, Oman eta Jordania) defendatzeko. Eta abar luzea.
Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua, Irani eraso egiteko gertu
Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak adierazpen bateratua plazaratu dute igandean. Iranek Ekialde hurbileko hainbat herrialderen aurka egindako erasoak "indiskriminatuak eta neurrigabeak" izan direla salatu dute, eta zibilak ere arriskuan jarri dituztela. Hiru gobernuak "atsekabetuta" agertu dira, eta erasoak eteteko exijitu diote Teherani. Era berean, adierazi dute "neurriak hartuko dituztela euren eta euren aliatuen interesak defendatzeko", behar izanez gero "defentsa-ekintza proportzionalak" abiatuta, iraniar misil eta droneak "jatorrian bertan" indargabetzeko. Iragarri dute AEBekin eta beste aliatu batzuekin koordinatuko direla.
Iranen ahalmena neutralizatzeko ekintzak aipatzeak, Israelen aldeko esku-hartze handiagoa erakusten du.
Arma nuklearren aitzakian
Bien bitartean, AEBetako presidente Donald Trumpek igandean adierazi du "Irango buruzagitza berriak" esan diela prest dagoela nuklearren inguruan elkarrizketak berrabiatzeko, eta bera ere gertu dagoela hitz egiteko. Aldiz, Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkari Ali Larijanik gezurtatu egin du hori. "Ez dugu AEBekin negoziatuko", idatzi du sare sozialetan. Gaineratu du Trumpek, "bere eldarniozko fantasiekin"– Ekialde Hurbila "kaosean" murgildu duela, eta orain "beldur" dela hildakoengatik. "Bere lema, 'AEBak lehendabizi', bilakatu du 'Israel lehendabizi', eta Israelen botere-goseagatik soldadu estatubatuarrak sakrifikatu ditu", esan du Larijanik, eta gaineratu soldadu israeldarrek eta euren senideek "ordainduko" dutela prezioa. Iran bere burua defendatzen ari dela azaldu du.
Irango Gobernua eraistea du helburu Trumpek. AEBek eta Israelek Irani eraso eginda, haren programa nuklearra arreta-gune da berriro ere. Erasoak iragarri zituenean, Trumpek adierazi zuen "estatubatuar herria defendatzea" zutela helburu, "erregimen iraniar beldurgarriaren mehatxuak ezabatuz". Abisua emana zuen AEBetako presidenteak: "Akordiorik lortu ezean, gauza txarrak gertatuko dira. Iranek ezin dezake arma nuklearrik izan. Oso sinplea da, Ekialde Hurbilean ezin da bakerik lortu, Iranek arma nuklearrak baldin badauzka". Iranek, bere aldetik, berretsi du ez dela bonba nuklearra eraikitzen ari, baina hitzok ez dituzte AEB, Israel eta beste hamaika herrialde konbentzitzen.
Iran prest zegoen bonba nuklearrari uko egiteko
Omango Kanpo Arazoetarako ministroa, Badr Albusaidi, bitartekari moduan ari da AEBen eta Iranen artean, programa nuklearren inguruko negoziazioetan. CBS katean elkarrizketa egin zioten otsailaren 27an, eta adierazi zuen helburua baldin bazen Iranek bonba nuklearra sekula ez izatea, arazoa konpondurik legokeela, gaur arte lortu ez den urrats oso inportantea eman zuelako Iranek. "Urrats horren gainean eraikitzeko gai baldin bagara, akordioa gure esku dagoela uste dut", zioen. Albusaidiren hitzetan, "lorpenik handiena da Iranek bonba bat fabrikatzeko material nuklearrik sekula izango ez duela adostu izana". Akordioa gauza erabat berria zela zioen, eta "aberastearen" argudioari balioa kentzen diola, "zero biltegiratzeari" buruz hitz egiten ari zirela. "Funtsezkoa da hori, material aberastua biltegiratzerik ez badago, ez dagoelako bonba bat fabrikatzerik. Uste du, hein handi batean, hedabideek ez dutela hori aintzat hartu".
Gaur arte, Iran sekula ez da agertu material aberastua biltegiratzeari uko egiteko prest; 2015eko akordioa motz utziko luke oraingoak. AEBek, baina, Israelekin batera, Irani eraso egin dio, Albusadik elkarrizketa eskaini eta hurrengo egunean. "Erabat atsekabetuta nago", adierazi du hurrengo egunean Albusadik: "Beste behin ere, negoziazio serio eta aktiboak lurperatuak izan dira. Honek guztiak ez die ez AEBen interesei ez munduko bakearen kausari mesede egiten. Otoi egiten dut, sufrituko duten errugabeengatik".