Maiz entzun dugu Mendebalde politikoan Iran kolapsatzeko zorian dagoela. Baina bai 12 egunetako gerran eta bai urtarril honen lehen egunetan ikusi dugunak ez du bat egiten baieztapen horrekin. Estatuak herritarren babesa du eta irandar gehienek konstituzioarekin bat egiten dute.
Azken istiluen jatorria monetaren bat-bateko jaitsierarekin lotua dago. Bat-bateko erorketa izan zen eta atzerritik kudeatua. Beste era batera esanda, AEBek eta Mendebaldeko beren aliatuek Iranekin dibisen aldaketa maneiatzen duten lekuak presionatu zituzten. Egun batzuetan zailtasun handiak izan ziren eta, ondorioz, protestak gertatu ziren Teheranen eta beste hiri batzuetan. Ez ziren oso handiak izan, baina milaka batzuk bai mobilizatu ziren. Erantzun hauek baketsuak izan ziren. Gehienbat denda zuten merkatariak ziren, dendak itxi egin beharko ote zituzten kezkatuta. Ez zen atxiloturik edota zauriturik izan. Ez zen deus gertatu eta Poliziak ez zuen esku hartu.
Bigarren egunean protestek jarraitu egin zuten, gutxi gorabehera jende kopuru berarekin. Bat-batean pertsona talde txikiak agertu ziren, oso ongi antolatuak, eta manifestazioetan infiltratu ziren. Oso istilu bortitzak eragiten hasi ziren eta ehun polizia baino gehiago hil zituzten. Horietako batzuei lepoa moztu zieten, bizirik erre zituzten edo aurpegia eta burua txikitu zizkieten. Klinika batean zegoen erizain gazte bat bizirik erre zuten, eraikinari su emanda. Jende arrunt asko hil zuten kaleetan, 2 urteko neskato bat barne. Zauritu asko arma tiroz eragindakoa izan zen.
Gertakizun guztiak Iranen ezegonkortasuna sortzeko zeuden prestatuta, ondoren herrialdearen aurkako erasoa legitimatzeko. CIA, Mossad eta MI6 gerrarako justifikazioa sortu nahian aritu dira
Pertsona horiek eraikinak erre zituzten, autobus publikoak eta suhiltzaileen kamioiak erre zituzten, anbulantzia asko suntsitu zuten… Hiruzpalau egunetan herrialde osoan eragin zituzten kalteak izugarriak izan ziren. Mendebalde politikoan manifestariak baketsuak zirela esan dute, jendeak zabaldu dituen grabazio guztiei muzin eginez. Baina astelehenean, herrialde osoan, terrorista horien aurkako eta Irango Errepublika Islamikoa eta konstituzioa babesteko manifestazioak egin ziren. Protesta horiek herrialde osoan egin ziren eta ikaragarri handiak izan ziren. Mendebaldeko hedabideek egia ezkutatzen duten arren, milioika pertsona atera da kalera herrialde osoan Irango estatus politikoa babestera.
Manifestariek argi utzi nahi izan dute AEBek eta Mendebalde politikoak izan nahi duten nagusitasunaren aurka daudela. Atzerritarren injerentzia oso garbi dago, Mike Pompeo AEBetako Estatu Idazkari ohiak eta baita Mossadek ere hala aitortu baitute publikoki. CIA, Mossad eta MI6ak koordinatu dituzte terroristak. Horien artean talde desberdinetakoak zeuden: ISISekoak, muyahidinak, monarkikoak, Komala kurdukoak... Horiek guztiek hartu zuten parte jendea hiltzen eta klinikak, bankuak, auto eta etxe partikularrak suntsitzen.
Aski izan zen Internet erortzea den-dena erabat gelditzeko. Atzerriko beren finantzatzaileekin koordinatu ezinik geratu baitziren. Terrorista horiek sare handia zuten Iranen zehar eta oso aktiboa zen. Atxilotuetako askok armak zituzten. Manifestazioen barrutik Poliziaren eta zibilen aurka tiro egiten zuten, 2014an Maidanen egin zuten moduan. Ahalik eta heriotza gehien eragitea zen kontua.
Gertakizun guztiak Iranen ezegonkortasuna sortzeko zeuden prestatuta, ondoren herrialdearen aurkako erasoa legitimatzeko. CIA, Mossad eta MI6 gerrarako justifikazioa sortu nahian aritu dira. Baina Iran gerrarako prest dago. Jende gehien-gehiena estatuarekin dago, 12 eguneko gerran bezala. Azken egunetan Iran indartu egin da, herritarrak haserrearazi egin baitituzte, hainbeste heriotza, min eta txikizio eraginez.
Gerra abiarazten badute, “benetan gertatuko dena da Iranek estatubatuarren kontra eginen duela, hain indartsu, ezen ekonomia globala eroraraziko baitu, eta horrekin batera AEBetako ekonomia”, dio Seyed Marandi Teherango Unibertsitateko irakasleak.
Iranen gaitasunak estatubatuarren aurka daude zuzenduta. Azken hiru hamarkadetan aukera guztiak mahai gainean daudela esaten aritu baitira. Hori dela medio, Iran hiru hamarkadatan zehar AEBekin gerrarako prestatzen aritu da. Iranek base militar ugari dauka lurpean eta inguruan dagoen edozein helburu suntsitu dezake. Ekainean, Iranek AEBen funtsezko instalazioak suntsitu zituen Dohan, basera iritsi ziren sei misilekin. Hurrengoan, irandarrak indar guztiarekin inplikatuko dira.
Gerra bada, Iranek Iraken dituen aliatuek estatubatuarrak kanporatuko dituzte eta Iranen aldekoak Azerbaijanen ez dira geldirik geratuko. Gauza bera Yemenen. Hau ez da estatubatuarrek irabaz dezaketen gerra bat. Ez dute inolako aukerarik. AEBetako sionistek Israel lehenesten dute. Ez zaizkie axola AEBen interesak. Gerra nahi dute, Israelgo erregimenaren interesekoa delako. Ez zaizkie axola ondorioak, ezta Europa, AEBak eta mundu osoa suntsituko balitz ere.
OHARRA: Iranen duela aste pare bat izan ziren gertakizunen inguruko bideoak ikusi hemen.
Joan Mari Beloki Kortexarena
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.