Irakurmena hobetzeko Jaurlaritzaren neurria astean gutxienez hiru saio dituzten ikasgaietan ezarriko da

  • PISAren emaitza txarren aurrean, ikasleen irakurmen-gaitasuna hobetzeko neurria iragarri zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak: eskolan egunero ordubetez irakurtzea. Praktikara hori nola eramango den jakin nahi izan du oposizioak, baina neurria gauzatzeko ez pautarik ez baliabide edo argibide berririk ez du eman sailburuak.

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko urriaren 28a - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ikoitz Arrese EH Bilduko eta Muriel Larrea PPko legebiltzarkideen galderei erantzun die Pedrosak. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan neurria gauzatu ahal izateko, ikasgairen bat kenduko da? Eskola-ordutegia luzatuko da? Ezetz adierazi du sailburuak, astean gutxienez hiru saio dituzten arlo edo gaietan aplikatuko dela, ikasgaiaren orduaren barruan: “Saio horietako batean, irakasle bakoitzak nahita landuko du dagokion programazio didaktikoan aurreikusitako edukiekin, helburuekin eta jarduerekin zuzenean lotutako testuak irakurtzea eta ulertzea”. Curriculumari eragingo al dion ere galdetu diote, alegia curriculumeko edukiak murriztuko al diren, irakurmenari leku egiteko. Honetan ere, ezezkoa, kontua ez baita, dio sailburuak, curriculumetik kanpoko edo aparteko jarduera bat txertatzea, “baizik eta irakurketa-lana modu planifikatu eta sistematikoan integratzea ohiko ordutegiaren eta ikasgai bakoitzaren ohiko garapenaren parte diren saioetako batean”. Are, irakurketa ikasgai guztien curriculumaren parte dela azaldu du Pedrosak.

Eskola-liburutegietako baliabideak aberasteko asmorik ba al dago? Irakurketa saioen dinamizazioa, zuzenketak eta zailtasunak dituztenen diagnostikoa bermatzeko laguntza gehigarririk izango al dute irakasleek? Ezetz, berriro ere. “Irakurtzeko gaitasuna garatzea irakasle guztien ohiko erantzukizun pedagogikoa da, eta, berez, ez da beharrezkoa irakastordu edo irakaskuntza-espezialitate berririk sortzea –adierazi du–. Ikastetxeek, gainera, Hezkuntza Sailak bultzatutako programak, hezkuntza-baliabideak eta laguntza-neurriak dituzte, besteak beste, Elibrum”. Premia handienak dituzten ikasleentzat errefortzuak aurreikusten al diren galdetuta, baiezkoa erantzun du sailburuak, Indartuz eta Hezi+ programak aipatuta.

"Ikastetxeek, Hezkuntza Sailak bultzatutako programak, hezkuntza-baliabideak eta laguntza-neurriak dituzte, besteak beste, Elibrum"

Ikastetxeei neurria nola jakinaraziko zaie eta zein dekretuk arautuko du? Jada indarrean dagoen arau-esparruan irakurmena garatzeko betebeharra ageri dela esan du, eta ikastetxeek dagoeneko badituztela “curriculum-erreferentziak, orientabide pedagogikoak eta plangintza-dokumentuak, irakurtzeko gaitasunaren garapena jasotzen dutenak”.

Derrigorrezko neurria izanik, jarraipena nola egingo da? Hezkuntza Ikuskaritza aipatu du Pedrosak, baina zehaztu du ez dela kontrolerako aparteko mekanismorik ezarriko, “helburua baita irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetzen laguntzea”, eta horretarako gainbegiratzea, aholkatzea eta laguntzea izango dute eginkizun ikuskariek.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.