Hezkuntza da askatasun zein emantzipazioaren tresna, are gehiago emakumearena. XX. mende hasierako Espainiako Estatuko hezkuntza politikek guztiz eragin zien emakumearen hezkuntza hastapenen printzen lekuko izan zirenei. Emakumeek beraiek frogatu zuten bizitza autonomo eta betea eraikitzeko gaitasun osoa dugula, ezkontzaren eta amatasunaren agindu tradizionalak gaindituz. Hezkuntzak zein Giza eta Gizarte Zientziek hezkuntzan duten gaitasuna azpimarratze bidean, ezagutza mahai gaineratzearen eginkizunaz hausnartu beharrean gaude, irakasleriak hauekiko duen eta izan behar duen posizionamenduaz.
Utzi ditu Hezkuntzak giza eta gizarte zientziak alde batera: matematikak, ingeniaritzak, natur zientziak eta teknologietatik at, mugak ezarri ditu diziplinartekotasunaren izenean. Berriz trabatu gara zauri zaharretan, hezkuntzaren ardura komunitate osoarena dela aldarrikatu da eta eduki konpetentzien arteko balantzan muturrera joan gara, gehiegi agian. Kontziente izan behar gara Giza eta Gizarte Zientzien paradigmak maiz “tutoretzarako” uzten direla, gizarte lanak, lan soziologikoak, behar psikologikoak, zaintza lanak, hiritartasuna, ongizate mentala gisako arloak irakasgai propioak izan beharko ez balute bezala. Aitzitik, planteamenduaren baitan, errealitatea erabat kontrakoa da. Tutoretzan lantzen diren gaiak dira, ikasle orori eragiten direnak direlako, oinarrizko konpetentziekin guztiz lerrotzen direlako eta aldaketarako eta zaintzarako bidean giza eta gizarte zientziak duten beharra premiazkoa delako.
2026ko Euskal Hezkuntzak herrigintzatik eta tokiko alfabetatzetik, eta are gehiago, badu irakaslearen posizionamendutik
2026. urtea hasi besterik egin ez den honetan, jazo dira Historian mugarri izango diren andana gertakizun. Bigarren Hezkuntzako irakasle banintz Irango iraultza feministaz arituko nintzateke, sistemaz baino iraultzaz eta sistemari berari egiten dion desafioaz. Repsol eta Venezuela. Groenlandiaz eta Europar Batasunaz. Ukraina eta Errusiako gerraz, dagoeneko askok ahaztuta izan dutena. Ordenagailuetan jarritako sandiak berrartu eta Palestinaz tinko mintzatuko nintzateke. Badu 2026ko Euskal Hezkuntzak herrigintzatik eta tokiko alfabetatzetik, eta are gehiago, badu irakaslearen posizionamendutik. Bigarren Hezkuntzako irakasle banintz, beraz, Zumaiako Balenciaga ontziolaren berririkieraz eta horren zergatiaz solastatuko nintzateke ikasleekin. Maskaraden hasieraz, Osakidetzako medikuen grebaz, euskal zineaz, Xilabako finalaz eta Araban Franco eta Molari ohorezko tituluak kendu izanaz mende erdi pasa ondoren.
Ikasleek gizarte honen subjektu aktibo gisara identifikatu behar dituzte euren burua eta jarduna, hezkuntza ezagutzak euren loratze prozesuan eragin behar du sikiera giza eta gizarte zientzietako irakasleen posizionamendutik, hezkuntza euskaldun batetik, feminismotik eta inklusiotik hasiaz.
Izaskun Egilegor Uranga, HUHEZIko irakasle eta ikertzailea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.