Maiatzaren 14an ikastetxeetan mobilizatzera deitu dituzte irakasleak STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek, Hezkuntza Sailak IRALEren R ikastaroak ezabatzeko erabakiari kontra egiteko. Apirilaren 21ean asmo berarekin hamar egunetan 6.500 sinadura jaso dituen sinadura bilketa abiatu zuten, eta asteartean Eusko Jaurlaritzako Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu dute.
Asteartean sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan egin duten elkarretaratzean, STEILAS, LAB eta ELAk maiatzaren 14an ikastetxeetan mobilizatzera deitu dituzte irakasleak, IRALEk antolatzen dituen irakasleentzako murgiltze ikastaroak babesteko. 2026-2027 ikasturtean IRALEren R modalitateko formakuntza emateri uztea erabaki du Hezkuntza sailak eta horri kontra egiteko mobilizatuko dira. 6.500 sinadura jaso dituzte eta elkarretaratzean Hezkuntza Sailari aurkeztu dizkiote. Sindikatuen esanetan, sinadura bilketaren emaitzek “agerian utzi dute irakasleek murgiltze ikastaroak beharrezkotzat jotzen dituztela eta hauek mantentzearen alde daudela”.
Ondorengo eskaerak egin dizkiote Hezkuntza Sailari: “Irakasleentzako euskarazko ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean; euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan dagoen beharra aitortzea eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara; murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea; formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea; eta euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta".
Hiru sindikatuek beharrezkoa ikusi dute “euskararen ezagutzarako, soziolinguistikarako eta euskal kulturarako” prestatutako irakasleen transmisioa bermatzea eta horretarako etengabeko formakuntza behar dela adierazi dute. Euskaran oinarritutako “hezkuntza sistema burujabearen” beharra azpimarratu dute, “euskararen ezagutza eta erabilera” sustatzeko, “gizarte kohesionatu euskalduna” sortze aldera. Euskaran eta euskal kulturan oinarritutako prestakuntza da, hain zuzen ere, IRALEko R ikastaroen helburua. Horregatik, baliabideak osatu eta indartu behar direla defendatu dute, ordezkatu beharrean.
Euskaraz bizitzearen eta lan egiteko eskubidearen alde, maiatzaren 9an mobilizatzera deitu dituzte hezkuntzako langileak, eta euskararen eta euskaltzaleen kontrako kriminalizazio kanpainari aurre egiteko helburua du.
IRALEren R ikastaroaren nondik norakoak
1976-1977an Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoan euskaraz zekiten Lehen Hezkuntzako irakasleak %5 izatera ez zirela iristen zabaldu zuen Siadecok, eta egoera hobetzeko, 1981ean IRALE deituriko doako programa abiatu zuen Hezkuntza Sailak, irakasleek euskara ikas zezaten.
Bi ikastaro mota sortu zituzten: behe mailakoak eta goi mailakoak, R ikastaroak izenekoak. Behe mailakoetan, helburua ikasleak EGAren pareko hizkuntza mailara iristea da. Goi mailakoa berriz, EGA, HE2 edo C1 duten ikasleei bideratzen zaie. Bertan helburu nagusiak ondokoak dira: “Hizkuntza-gaitasunak hobetu edo sendotzea; irakasleen eta ikasleen ahozko komunikazioa hobetzeko estrategiak eta metodologiak lantzea; Curriculumean euskal dimentsioa ezagutzea eta irakasjardunean txertatzea; eta euskarazko ikasmaterial egokiak sortzen trebatzea”. Helburu bakoitzarekin loturik, askotariko ikastaroak antolatzen dituzte eta horiek dira Hezkuntza Sailak ezabatuko dituenak.