Irakasleen C2 euskara maila

  • Euskadiko Eskola Kontseiluak adierazi du irakasleek C2 euskara maila izatea funtsezkoa dela. Horrek izua erein du gaztelaniaren nagusitasuna ardatz duen estatus linguistikoaren zaindarien artean.


2026ko urriaren 30 - 07:00
Azken eguneraketa: 09:34
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Lehen-lehenik, asmo zital horren burugabekeria eta bideraezintasuna nabarmendu dute, datuen gordina bere horretan azalpenik gabe plazaratuta: Euskadin 10.707 lagun bakarrik dira euskarako C2 maila ofizialaren jabe; hezkuntza-sistemak, ordea, sare publikoaren eta itunpekoaren artean, 40.000 irakasle inguru ditu. Gaur egun, irakasleen %90ek baino gehiagok C1 maila dauka egiaztatuta. Zertarako maila handiagoa? Ez al da nahikoa egungoa? Zer premia dago horretarako? Hauteskunde atari honetan, irakasleen botoak galtzeko mehatxua eta beldurra astinduta, euskararen aurrerabidearen oztopatzaile eta mugatzaile jokatu nahi dute. Baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen: 1976-77an, Euskal Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren sektore publikoan, irakasleen %5 bakarrik zen euskalduna eta, jakina, euskararen jabe zirenetatik inork ez zuen C1 maila egiaztatuta. Ezina ekinez egina leloa ere euskarazko irakaskuntzaren hasiera hartako egoera zail hartatik datorkigu.

Ildo beretik, gure hezkuntza-sistemaren porrot linguistikoa ikusarazteko ahaleginean dabiltza, beste behin ere: Euskadiko Hezkuntza Legeak DBH amaitzean euskarako B2 maila izatea eskatzen du. Hala ere, lau ikasletik bakarrak lortzen du maila hori, eta eremu erdaldunetako euskarazko murgiltze ereduan (D ereduan) ikasleen %40k oinarrizko maila besterik ez du lortzen Bigarren Hezkuntzaren amaieran. Lehenik eta behin, esan beharra dago datu horiek etengabeko gorabidean ditugula. EAEn, 20 urtetik beherakoen artean, %85 baino gehiago dira euskaldunak 2021eko VII. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, eta duela 40 urte ez ziren %20ra iristen. Lorpen horretan eskolak zerikusi handia du.

Hori azpimarratuta, hauxe aitor dezagun: D ereduko eremu erdaldunetako ikasleen %40k lortzen duen oinarrizko maila hori komunikazio beterako oztopatzaile bihurtzen da, eta ikasle horiek gaztelania lehenesteko joera eta jokaera dute. Ikasle horiek, hezkuntza-sistemaren baitako beste guztiek bezalaxe, irakasleak dituzte hizkuntza eredu. Horregatik, irakasleak kalitatezko eta erregistro aberatseko eredua izatea funtsezkoa da ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko, batez ere eremu erdaldunenetan eskolaz kanpoko euskararen ezerezean bizi diren ikasle horientzat. Eskolarekin bakarrik ez dugu lortuko, baina eskolarik gabe inola ere ez. Eskolaren araberakoa izango dugu euskararen geroa: hiztun bikainenak behar ditugu eskolan irakasle, ahalik eta hiztun hoberenak lortzeko, eta hiztun bikain horiek, inon aurkitzekotan, C2 mailan aurkituko ditugu.

Eskolaren araberakoa izango dugu euskararen geroa: hiztun bikainenak behar ditugu eskolan irakasle, ahalik eta hiztun hoberenak lortzeko, eta hiztun bikain horiek, inon aurkitzekotan, C2 mailan aurkituko ditugu

Europan barrena ere, herrialde gehienetan, arau orokorra da tokian tokiko irakaskuntzako hizkuntza ofizialean C2 gaitasun maila eskatzea irakasleei. Frantzia, Alemania, Italia, herrialde nordikoak, Grezia edo Katalunia bera hartzen baditugu adibide, eskolak emango dituen irakasleari bertako hezkuntza-sistemaren hizkuntza ofizialaren C2 maila legez bermatzea eskatzen zaio, baita sarbide-proba eta unibertsitate-tituluen bidez ere. Alemanian eta Italian, adibide baterako, estatu-azterketa oso gogorrak jartzen dituzte irakasle izateko (Staatsexamen Alemanian, edo Concorso Scuola Italian). Katalunian, esate baterako, C2 eskatzeko araua indarrean dagoen arren, Kataluniako Hezkuntza Sailak moratoria edo behin-behineko atzerapenak ezarri behar izan ditu ordezkapenak egiteko irakasle faltagatik. Beraz, C2 maila eskatzen da, baina tituludun nahikorik ez dagoen bitartean, C1 duten irakasleak ere onartzen dituzte behin-behineko irakasle moduan lan egiteko, ez, ordea, behin betiko funtzionario bihurtzeko.

Datozen asteetan Euskadiko Eskola Kontseiluaren Osoko Bilkurak onartu behar du formalki irakasleei C2 maila eskatu behar zaiela dioen txostenaren zirriborroa. Txostena onartzearen aurkakoak zera azpimarratzen ari dira: dokumentua ez dela indarrean jarri beharrekoa (ez dela loteslea), beraz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez duela eskaera hori bere gain hartzeko legezko betebeharrik. Ildo beretik, azpimarratzen dutenez, 2023ko abenduko Hezkuntza Legearen izapidetzean eztabaidatu zen eskakizun hori handitzea, baina azkenean, 17/2023 legearen testuak C2 mailara hurbiltzeko "irakasleen prestakuntza sustatuko dela" besterik ez zuen jaso, derrigorrezko baldintza gisa ezarri gabe. Eskola Kontseiluaren txostenaren aurkako indarrak pozik leudeke oraingo honetan ere Eusko Jaurlaritzak jarrera epel berarekin jokatuko balu. Hezkuntza sailburuak egin berri dituen adierazpenei erreparatuz gero, badirudi oraingoan ere euskararen aurrerabidean urrats bat aitzina egiteko aukerari ihes egiten utziko diotela (Naiz irratia, 2026-10-14): "Irakasleei C2 maila egiaztatzeko eskatzea ez dago mahai gainean. Bai, ordea, prestakuntza berriak eskaintzea maila horretara hurbiltzeko".

Beraz, momentuz, gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko statu quo linguistikoaren jagoleak bultzatzen ari direna eztabaida teorikoa eta estrategikoa baino ez da, baina horrek, aldi berean, euskarazko hezkuntza-ereduaren etorkizunari buruzko partida non jokatzen ari den guztiz agerian uzten du. Euskararen aurkako sektore politiko eta mediatikotik esaerak dioen bezala jokatzen ari dira: "Gero egon ez dadin negarrik, egin dezagun lehenik". Eta buru-belarri ari dira ekinean, euskararen aurrerabidea handik eta hemendik oztopatzeko.

Patxi Saez Beloki, soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.