Irakasle oiartzuarraren kontrako epaiketa hasi da, ikasleei diru truke sexua proposatzea leporatuta

  • Irungo (Gipuzkoa) institutu bateko gertakariengatik epaituko duten arren, beste ikastetxe batzuetan ere arazoak izan ditu irakasleak, tartean diziplina-espediente bat jaso zuen. Hezkuntza Sailak informazio guztia Fiskaltzara bideratu ostean dator auzia; irakasleak dio administraziotik jaso duen jazarpenaren eta zurrumurruen biktima dela eta ikasleak eurak direla berari sexua proposatu diotenak.

Auziaren bezperan, elkarretaratzea egin dute Oiartzunen, Feministen Asanbladak deituta. Oiartzungo Feministen Asanblada

2026ko martxoaren 24an - 05:00
Azken eguneraketa: 2026-03-26 10:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Astearte eta asteazken honetan epaituko dute Donostian 53 urteko irakasle oiartzuarra eta 22 urteko espetxe zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Irakasleari egotzi dio, besteak beste, 2023-2024 ikasturtean Irungo institutu batean 13 eta 15 urteko hiru neska ikasleri diru edo opari truke sexu praktikak proposatzea, Internet bidez adin txikikoengana gerturatzea, sexualki exhibitzea eta mehatxuak egitea. Fiskaltzaren arabera, ikasturte bukaerako bidaian, biak bakarrik egon ahal izateko logela bat lortuko zuela adierazi zion nerabe bati, biluzik agertzen zen bideo bat bidalita; Gabonetako oporrak elkarrekin igarotzea proposatu zion beste bati; eta Instagramen kontu faltsua ireki ostean, 13 eta 15 urteko hiru ikaslerekin harremanetan jarri zen eta esan zien bere sugar baby-ak izan zitezkeela, eta bera haien sugar daddy-a (alegia, diru edo opari truke sexua izan zezaketela).

Hezkuntza Sailak urteak zeramatzan irakasleari gertuko jarraipena egiten, Oarsoaldean eta inguruko ikastetxeetan izandako jokabide desegokien susmoak eraginda. Hain justu, Errenteriako ikastetxe batean diziplina-espediente bat ireki zion Hezkuntza Sailak 2018an eta epe batez lan egiteari utzi zion. El Diario Vasco egunkariaren arabera, 15 urteko ikasle baten mugikorrean bideo bat aurkitu zuten: irakasle hau biluzik bere burua masturbatzen.

Hezkuntza Sailak ARGIAri azaldu dionez, espedientea ireki ostean irakaslea berriro lanean hasi zelarik, “balizko delitu izan zitezkeen gertakari berriak ezagutu zirenean, irakaskuntza-jardueratik aldendu zen berriro, eta informazioa Fiskaltzari helarazi zitzaion”. Alegia, Hezkuntza Sailak bideratuta iritsi da afera auzitegira; ARGIArekin hitz egin duen beste iturri baten arabera, familiak beldur dira eta ez dira ausartzen salaketa jartzera.

"Behin baino gehiagotan, hainbat ikastetxe eta hainbat esparrutan gauzatu ditu akusatuak horrelako jokabide desegokiak"

“Gogorrak dira jaso ditugun testigantzak”

Oiartzungo Feministen Asanbladak komunikatua atera du eta salatu du Irungo institutuko kasua ez dela kasu isolatua, “urtetan zehar errepikatutako jokaera” baizik, “eta emakumeen zein adin txikikoen testigantzek agerian utzi dute hori”. Hain justu, pertsona ugari asanbladara hurbildu direla adierazi dute, gizon honengandik jasotako erasoen testigantzak kontatzera: “Behin baino gehiagotan, hainbat ikastetxe eta hainbat esparrutan gauzatu ditu akusatuak horrelako jokabide desegokiak. Gogorrak dira jaso ditugun testigantzak”. Oiartzunen elkarretaratzea egin dute astelehenez eta Donostiako epaitegi aurrean ere elkartuko dira, auziak iraun bitartean.

Asanbladatik kritikatu dute, baita ere, “erasotzaileari komunikabideetan bere burua sinesgaitzak diren aitzakiekin justifikatzeko tartea eman izana”. El Diario Vascon, irakasleak kontatu du ikasleak eurak zirela sexu praktikak berari eskatzen zizkiotenak, diru truke, eta hori "nahiko ohikoa” zela “hainbat ikastetxetan". Gipuzkoako Hezkuntza Delegaritzatik urte luzez jasandako jazarpenari leporatzen dizkio akusazioak; dio Errenteriako diziplina-espedientea ez zegoela sexu proposamenei lotuta; eta ez dagoela adin txikikoren bati irudi edo bideo intimorik bidalitako frogarik. Instagramen kontu faltsua ireki izana bai onartu du, baina kontatu du ez zuela inongo ikasle neskarik bere kontaktuetan, eta egunetara ikasleen gonbidapenak jaso zituela, komentario sexualak eginez eta irudi edo bideo intimoak eskatuz.

"Ikasle neskek borroka egiten zuten euren artean, niregandik gertuen zein jarriko, zein eseriko nire magalean"

Liburu oso bat gertakariei (bere ikuspuntutik) eskainia

Jon Perurena Mitxelena da epaituko duten irakasle oiartzuarra eta liburua argitaratua du: Stalking Stalker's: Método para entender y salir con éxito del acoso laboral (Erasotsailea jazartzen: Laneko jazarpena ulertzeko eta bertatik arrakastatsu ateratzeko metodoa). Ikuskaritzatik eta Hezkuntza Sailetik urtetan jazarpena jasan duela dio liburuan, zurrumurruengatik eta testuingurutik ateratako hitz eta ekintzengatik izan dela espedientatua, eta ikasle neskekin duen harremana kontatzeko “fan kluben” fenomenoaz hitz egiten du. Alegia, sarri gertatzen omen zaiola, ikastetxe berri batera heltzen delarik, ikasleen artean arrakasta izatea. Adibiderako, hona liburuaren pasarte bat: "Ikasle neskek borroka egiten zuten euren artean, niregandik gertuen zein jarriko, zein eseriko nire magalean (…) sentsazio kontraesankorrak eta deserosoak nituen, batetik poz emozionala, maitatua eta are, desiratua sentitzeagatik, eta bestetik deserotasun sentsazioa, egoeraren surrealismoagatik”. Eta beste bat: "Lider isolatua [nesken artean sorturiko bi banda aipatzen ditu eta banda horietako baten liderraz ari da] hainbatetan egon zen nirekin jolas-garai orduan (…) Astebetera ikastetxeko zurrumurrua zen lider isolatuak sexu harremanak izan zituela nirekin. 13 urte zituen”.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.