Proposamen sexualak adin txikiko neska ikasleei, kontu faltsua Instagramen, ezabatutako elkarrizketak, lekuz kanpoko komentario eta gonbidapenak, ezer kontatu ez dezaten ikasleei egindako ohartarazpenak… Desatsegina bezain argigarria izan da Jon Perurena irakaslearen kontrako auziaren lehen eguna.
Akusatuak eskatu du azkena izatea deklaratzen, eta, beraz, asteazkenean izango du txanda. Asteartean, adin txikiko ikasleek eman dute testigantza, ate itxiarekin, eta lekukoen deklarazioek (2023-24 ikasturtean Irungo institutuan irakasle, zuzendari eta orientatzaile zirenenak), bildutako frogek eta Ertzaintzaren azterketek bat egin dute errelatoan: institutu horretako 13 eta 15 urteko hiru neska ikaslerekin izaera sexualeko solasaldiak izan zituen Perurenak Instagram bidez; kontu faltsu bat sortu zuen, eta ikasle aukeratuei adierazten zien solasaldietan benetan zein zen. Are, ikasleren bati eskatu zion beste ikasle bati bidaltzeko profil faltsua, harekin ere hitz egin nahi zuela Instagrametik. Solasaldien edukietako batzuk: sugar daddy eta sugar baby izatearen inguruan –opari edo diru truke sexualki harremantzea–, gorputzari buruzkoak, sumisio sexualaz –ikasleak ez zuen ulertu eta irakasleak azaldu zion zein praktika mota den–… Akusatuak antzeko aurrekariak zituela azaldu du ertzainak, besteak beste bere burua masturbatzen erakusten duen bideo bat aurkitu zutela adin txikiko baten mugikorrean.
Defentsak iradoki du solasaldi horien tonua jostaria eta txantxetakoa zela, edukiari garrantzia kendu nahian, baina akusatuak ikasleei ohartarazten zien, solasaldi horiek hastearekin bat, ezin zutela ezer kontatu eta mezuak ezabatu behar zituztela, eta galdetzen zien ea gurasoek mugikorra begiratzen al zieten. Gainera, ertzainak zehaztu du ikasleren batek irakasleari adierazi ziola ez zuela hitz egiten jarraitu nahi, ez zela batere egokia.
Defentsak iradoki du solasaldi horien tonua jostaria eta txantxetakoa zela, edukiari garrantzia kendu nahian, baina akusatuak ikasleei ohartarazten zien, solasaldi horiek hastearekin bat, ezin zutela ezer kontatu
Ertzaintzak ikasleen kontuak aztertu zituenerako, edukietako batzuk ezabatuta zeuden, eta ertzainak adierazi du ziurrenik akusatuak susmoren bat zuela ordurako, bere ordenagailu eta mugikorrean ezer ez aurkitzeaz gain irakasleak aurrez emaila bidali zielako ikasleei, esanaz Instagrameko elkarrizketak ezabatu behar zituztela, legalki ondorioak izan zitzaketela bestela. “Mehatxu” hitza erabili du fiskalak. Gainera, hiru orriko gutuna ere idatzi zuen eskolarako, adieraziz ikasleak zirela berarekin Instagramen kontaktatu zutenak eta jokaldi makurra ("encerrona") egin ziotela.
Hain justu, auzitara iritsi izana urtetan ikuskarien eta Hezkuntza Sailaren aldetik jazarpena jaso izanari egozteaz gain, akusatuak esana du ikasleak eurak direla beragana hurbiltzen direnak, ikastetxe batean zein bestean, neskek borroka egiten dutela beregandik hurbil egoteko… eta bertsio hori elikatzeko saiakera egin du akusatuaren Defentsak, galderen bidez: ea ez al den Jon Perurena “bestelako profila” duen irakaslea, ikasleen oso hurbilekoa, maitatua... Horren harira, oso argigarriak izan dira Claudia Perezen hitzak, epaiketara “biktimei babesa ematera” hurbildua. Jon Perurenaren ikasle izan zen Oiartzungo Elizalde eskolan, eta auzitegi kanpoan kontatu du, akusatuari propio bizkarra emanez –bertan baitzegoen, hurbil–, 11-12 urteko ikaslea zenean iruzkin lizunak egiten zizkiela (“bularretako zein neurri duzu?”, “handitan bollito bat izango zara”), pornoa jartzen ziela ikasgelan, etxera eramateko proposamenak egiten zizkiela… “eta demagun, berak dioen moduan, gu ginela bere atzetik gindoazenak, bera zen nagusia, mugak jarri behar zituena, guk 11 urte genituen! Gainera gezurra da, errealitatetik urrun dago erabat, lotsagabe hutsa da eta urtetan eta urtetan berdin jokatu du ikastetxez ikastetxe, bazen garaia epaitegietara heltzeko”.
Irakasleei jolas-garaiaz galdetzen ere tematu da Defentsa, hala nola itaunduz ea Instagrameko solasaldiak jolas-garaian ere, denen aurrean, izaten ote zituen. Kazetari honek ulertu duenagatik, adierazi nahi izan du solasaldi horiek normalak direla irakaslearentzat, ez zutela interes jakin eta ezkutu bat, ikasle jakinekin pribatuan. Kontuak kontu, saioan entzun diren komentarioetako batzuk, irakasleak esan zituenak, berdin dira gogorrak, testuingurua testuinguru.
“Familiek zergatik ez zuten egoera salatu?”, galdetu du Defentsak, ikastetxeko zuzendariak esan ostean ikasle horien familiak kezkatuta zeudela egoerarekin. “Familiek ikastetxeari eskatu ziotelako egoeraren aurrean egin beharreko guztia egiteko”, erantzun dio zuzendariak.
Lekukoek fiskalaren bertsioa indartu dute. Hamar euroren truke musuak ematea, autora lagundu eta iruzkin desegokiak egitea, Gabonetako oporretan elkarrekin geratzeko proposatzea… Irakasleetako batek kontatu du 14-15 urteko ikasle batek adierazi ziola Jon Perurenak bazekiela bere helbidea, eta etxera joango zitzaion beldur zela. 2018an Errenteriako ikastetxean irakasleak jaso zuen diziplina-espedientea ere aipatu dute, eta biktimek profil zaurgarria dutela nabarmentzeko galderak egin ditu fiskalak.
"Demagun, berak dioen moduan, gu ginela bere atzetik gindoazenak, bera zen nagusia, mugak jarri behar zituena, guk 11 urte genituen! Gainera gezurra da"
Deserosoa eta bortitza izan da giroa, auzitegi atarian. Oiartzungo Feministen Asanbladako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute, eta kide horien artean ziren Jon Perurenaren ikasle ohiak edota aisialdi espazioak partekatu dituztenak. Hezkuntzatik baztertua izan den irakaslea aurrean jarri zaie, iraindu ere egin ditu eta hedabideoi zuzendu zaigu, esanaz salaketa jarria diela asanbladakoei; haiez gaizki esaka jardun du.
Asanbladatik arduraz jokatzeko eskatu digute hedabideoi, akusatua ez zuritzeko eta bere adierazpenei oihartzunik ez emateko, aurrez ARGIAn kontatu genuen moduan.
Akusatuak asteazkenean (martxoaren 25ean) deklaratu du, guztietan azkena, eta aurrez esandakoei eutsi die. Fiskalak 22 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzako, baina epaia ez da berehalakoan jakingo.