argia.eus
INPRIMATU
Irainik ez eskola kirolean: publikoari txartela ateratzeko aukera eta norgehiagoka bertan behera uzteko irizpideak
  • Eskola kiroletik irainak ezabatzeko asmoz, protokoloa abiatu dute Araban: besteak beste, ikus-entzuleei txartela aterako zaie; lehenengo irainarekin norgehiagoka gelditu eta hirugarrenarekin bertan behera utziko da; eta arbitroa ez da ardura hori duen bakarra. "Indarkeriaren lehenengo txinpartari horma jarri nahi zaio, harmailetatik etorri ohi den irain eta errespetu faltari”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 23a
\"Gurasoek harmailetatik 20 urteko arbitroari edo seme-alaben aurkarietako bati edo entrenatzaileari irain egitea normalizatzen dugunean hasten da indarkeria\". Argazkia: Freepik

“Gurasoek harmailetatik 20 urteko arbitroari irain egitea, edo seme-alaben aurkarietako bati, edo haurrari minutu gehiago eman ez dizkiolako entrenatzailea bera iraintzea normalizatzen dugunean hasten da indarkeria”, eta errespetu falta horiek kiroletik, batez ere eskola kiroletik, desagerrarazteko abiatu du “Irainik ez, kitto!” ekimena Arabako Foru Aldundiak.

Helburua da, batetik, jokalariak, arbitraje-taldea eta publikoa bera (“gehiengoak ez du iraintzen”) ahalduntzea, denen artean irain eta errespetu faltei aurre egiteko; eta bestetik, pedagogia egitea, lehiaren gainetik umeek kirolaz goza dezaten eta baloreetan hezi daitezen. “Tamalez, gertakari lotsagarriak bizitzen ditugu maiz”.

Iraintzeak ondorioak ditu

Martxan jarri duten protokoloaren arabera, lehen irainarekin norgehiagoka gelditu eta errespetu faltaren egileari adieraziko zaio ez errepikatzeko; bigarren irainarekin partidua gelditu eta taldeei esango zaie errepikatuz gero bertan bera utziko dela lehia; hirugarren iraina entzundakoan, norgehiagoka bukatu eta aldageletara joan beharko dute jokalariek.

Protokoloak ere badio arbitroak ez direla norgehiagoka bertan behera utzi dezaketen bakarrak. Instalazio edo zelaiko delegatuak, babes ordezkariak eta entrenatzaileek ere ardura hori har dezakete.

"Animatu kirolari guztiak, trebetasun maila edozein dela"

Protokoloaz gain, dekalogo bat ere argitaratu dute, kirol eragile eta instalazioetara zabalduko den kanpaina betean:

"Errespetatu entrenatzaileen eta kirolarien erabakiak, eta ez eskurik sartu haien lanean.

Animatu kirolari guztiak, haien gaitasun eta trebetasun maila edozein izanda ere.

Lagun dezazun eta goza dezazun nahi dugu. Ahal dela, ez egin oihu, eta aitortu taldeen zein kirolarien ahalegina.

Errespetatu epaileak. Lan zaila da, baina funtsezkoa, eta errespetatzen badituzu, erraztu egiten diezu lan hori.

Izan jarrera positiboa eta laguntzailea harmailetan eta parte-hartzaileekin.

Lagundu talde lana sustatzen. Nahi duten bakarra gozatzea eta dibertitzea da.

Ez kritikatu eta ez iritzirik eman arrazoirik gabe… Animatu, besterik ez!

Kirolaren helburu nagusia dibertitzea eta ikastea da.

Sustatu kirol legea, joko garbia eta ikusleen arteko errespetua.

Bultzatu ahalegintzeko eta hobetzen segitzeko balioak".