Irailaren 19an Hazparnen hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

  • Finala abenduaren 20an jokatuko da Iruñean. Sarrera guztiak ekainaren 17an jarriko dituzte eskuragai; finalekoak astebetez izango dituzte erreserbatuta bazkideek. Hainbat nobedaderekin heldu da 2026ko txapelketa, eta izena berrituta: Bertsolari Txapelketa Nagusitik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara.

Herrialdeetako eta Euskal Herriko bertsozale elkarteetako ordezkariak Bilboko Kafe Antzokian, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako aurkezpenean. Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC-BY-SA

2026ko ekainaren 9an - 12:04
Azken eguneraketa: 17:19
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Asteartean aurkeztu dute 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Bilboko Kafe Antzokian. Berritasun dezenterekin dator aurtengo edizioa: batetik, izena aldatu diote, jada ez da Bertsolari Txapelketa Nagusia izango; bestetik, saio bat gehitu diote lehen fasean, eta horrela, zazpi saio jokatuko dira lehen fasean, lurralde bakoitzean bana. Irailaren 19an hasiko da txapelketa, Hazparnen (Lapurdi), eta hamabost saioren ostean Iruñean jokatuko da, aurten ere, finala, 12.000 bertsozaleren aurrean. Sarrerak datorren asteazkenean, ekainaren 17ko 10:00etan, jarriko dituzte salgai bertsosarrerak.eus atarian; finalekoak astebetez izango dituzte erreserbatuta bazkideek.

Lurraldetasunaren soka luzeari jarraiki heldu da 2026ko txapelketa. Gipuzkoa izan zen lehenengo, 2024an; gerora heldu ziren Nafarroakoa, Bizkaikoa, Xilaba Bertsolari Txapelketa, eta azkenik Arabakoa. Sailkapen guztiak jokatuta, osatu da lau urteko zikloa eta itzuli da Euskal Herrikoa. Eta, hain zuzen ere, aurrerantzean izena horixe hartuko du, lurraldetasunari keinu eginez, gainontzeko txapelketa guztien izenaren logika berbera jarraituko baitu. Aurkezpenean bertan ere, lurralde guztietako elkarteetako ordezkariak izan dira, lurraldetasunaren garrantziaren erakusgarri. Horrekin batera, feminismoa eta belaunaldi artekotasuna ere baditu oinarri eta zehar lerro txapelketak zein elkarteak. Hori nabarmena da partaideen artean, bertsolari gazteenak 21 urte baititu (Eki Mateorena), eta nagusienak 51 (Aitor Mendiluze); parte-hartzaileen batez besteko profila 34 urtekoa da.

Parte-hartzaileen artean ere bada nobedaderik. Arabako, Nafarroako eta Xilabako txapelketetatik bi bertsolari gehiago sailkatu dira aurtengo edizioan, eta, horrela, sei bertsolari gehiago egongo dira aurreko urteekin alderatuta: 50, guztira. Udane Mugerza txapelketako arduradunak azpimarratu du txapelketarako txartela lortu duten guztiek eman dutela izena.

Faseak eta sailkapena

Hamabost saio izango dira guztira aurtengo edizioan. Lehen fasean, esan moduan, zazpi saio izango dira: irailaren 19an Hazparnen, irailaren 26an Altsasun (Nafarroa), irailaren 27an Lekeition (Bizkaia), urriaren 3an Donapaleun (Nafarroa Beherea), urriaren 4an Tolosan (Gipuzkoa), urriaren 10ean Gotaine-Iribarnen (Zuberoa) eta urriaren 11n Agurainen (Araba). Lehen fase horretan 42 bertsolarik kantatuko dute, lurraldeetako txapelketetatik sailkatu direnek. Lehen fasetik finalaurrekoetara 17 bertsolari pasatuko dira, eta han izango dituzte zain 2022ko finalista guztiak, txapelduna izan ezik (Maialen Lujanbio zuzenean sailkatu baita finalera). 

Zazpi saiotan banatuko dira finalaurrekoak, bi itzulitan. Hori horrela, 24 bertsolarietatik 18 sailkatuko dira finalaurrekoen bigarren itzulira. Urriaren 24an hasiko da finalaurrekoen lehen itzulia Larraun-Lekunberri (Nafarroa), urriaren 31n Eibarren (Gipuzkoa) jokatuko da hurrengo saioa, azaroaren 7an Gernika-Lumon (Bizkaia) eta azaroaren 14an Miarritzen (Lapurdi). Hortik sailkatutako 18 bertsolariek azken itzulia jokatuko dute finalaren aurretik: azaroaren 21ean Donostian, azaroaren 28an Gasteizen eta abenduaren 5ean Bilbon. Abenduaren 20an izango da finala, zazpi bertsolarik izango dute txartela lortzeko tartea; zortzigarrena, dagoeneko, jakina da.

Lurrikara eta sumendia

Bertsozale Elkarteak 11. txapelketa du aurtengoa, eta ondo jakitun da ekimenak sortzen duen oihartzunaz, “sumendiaz”. Bere eragina transmisiorako gako dela aitortu du Ainhoa Urien lehendakaritza taldeko kideak, “bertsozaletzeko amu eta atxikimendurako tresna”. Horri lotuta, Oier Iurramendi elkarteko koordinatzaileak gehitu du bertsoak “dena” zeharkatzen duela, pertsonak zeharkatzen dituenari buruz diharduela bertsolariak: “Gizarteak premia du kulturatik eta euskaraz guri buruz kantatzeko”. Eta bere indarra eta eraldaketarako gaitasuna ere azpimarratu ditu koordinatzaileak: “Bertsoa tradizioa eta ondarea da, baina batez ere abangoardia”.

Txapelketak bertsolaritza ekosistema osoan du eragina, horrela nabarmendu dute; “agente desberdinen bilgune” gisa definitu du Urienek. Baina gogorarazi dute bertso plazen ehuneko txiki bat baino ez dela, eta bertso ekosistema txapelketa baino gehiago dela.

ARGIAk jarraipen berezia egingo dio

Herrialdeetako azken txapelketetan finalen jarraipena eta txapeldunari biharamuneko elkarrizketa eskaini ditu ARGIAk. Euskal Herrikoari ere jarraipen zabala egingo dio, paperean zein ikus-entzunezkoetan. Finalaurrekoetatik aurrera, saio bakoitzaren jarraipena egongo da ARGIAren euskarrietan.


Bertsolaritza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 27
Maria Jesus Berrotaran. Artzu baserritik mundura.
"Alardea publikoa izan zen Borja Jauregi alkateak saldu zuen arte"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...