Irailaren 11ko erasoen ondoren New Yorkeko agintariek aire kalitatea arriskutsua zela ezkutatu zuten

  • Egungo alkate Zohran Mamdanik garai hartako 170.000 dokumentu desklasifikatu ditu, eta frogatuta geratu da New Yorkeko agintariak kezkatuta zeudela atentatuen ondoren hirian zegoen aire kalitateaz, herritarrei ohartarazi ez zieten arren. Hainbat ikerketek diote jende gehiago hil dela erasoen ondoriozko osasun gaixotasunengatik, atentatuen ondorio zuzenagatik baino.


2026ko irailaren 9an - 12:16
Azken eguneraketa: 14:26
Irailaren 11ko atentatuak gertatu ziren lekua, New Yorken. Pablo F. J. (CC BY 2.0)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostiral honetan 25 urte beteko dira Irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenetik: Al-Qaeda talde jihadistako kideek lau hegazkin bahitu eta horietako bik New Yorkeko (AEBak) Dorre Bikiak jo zutenetik. Eraso horren ondorioz 3.000 pertsona inguru hil ziren ofizialki, baina Zohran Mamdani New Yorkeko egungo alkateak adierazi du are gehiago hil direla gerora, atentatuak eragindako kalteen ondorioz edukitako gaixotasunengatik.

Zehazki, Dorre Bikiak erortzean gertatu zen amianto isuriaz mintzatu da New Yorkeko alkatea asteartean eginiko agerraldian. Izan ere, hiriko administrazioak Irailaren 11ko atentatuen inguruko 170.000 dokumentu desklasifikatu ditu, frogatzen dutenak orduko New Yorkeko administrazioa kezkatuta zegoela hiriko aire kalitateaz. Halere, herritarrei aire hori "egokia" eta arnasteko "segurua" zela adierazi zuen orduko alkate Rudy Giulianik.

Mamdaniren esanetan, Dorre Biak zeuden eremuan amiantoa "leku guztietan" aurkitu zuten: "Herritarrak gaixotu egin ziren agintariek gezurra esan zietelako: aire toxikoa arriskurik gabe arnastu zezaketela". 

44.000 minbizi

Amiantoan aditua den Michelle Whitmerrek argitaratutako ikerketa baten arabera, Dorre Bikiak suntsitu zirenean 400 tona inguru material toxiko isuri zen, tartean amiantoa. 410.000 eta 550.000 herritar artean egon ziren isurketa toxiko horien eraginpean, eta guztira 44.000 pertsonari diagnostikatu diete minbizia atentatuen ondorioekin lotuta –ohikoena biriketakoa izanik–.


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.