argia.eus
INPRIMATU
Iragarritako sute baten kronika

Loren Loidi 2024ko otsailaren 21a

Donostiako Fermin Calbeton 15. zenbakiko bizilagunak garen aldetik, gure etxepeko sutea dela eta, haserre eta lur jota gaudela adierazi nahi dugu, iragarritako sute baten kronika baita gurea.

Parte Zaharrean ordainsari handiak ordaintzen ditugu bizilagunok: zarata, turismoaren masifikazioak eragindakoak, zikinkeria, gentrifikazioa eta aste honetakoa bezalako gertaerek auzoko bizilagunoi eragiten dizkiguten kezka eta beldurra. Non izango ote da hurrengo sutea? Seguru al gaude?

Datuak beldurgarriak dira, azken urtebetean lau sute izan dira eta atzerago egiten badugu, 2009tik hona, hamasei. Hori ez da kasualitatea, hemen arriskua etxepean dugu, auzoa bolborategi bat da.

Datuak beldurgarriak dira, azken urtebetean lau sute izan dira eta, 2009tik hona, hamasei. Hori ez da kasualitatea, hemen arriskua etxepean dugu, Donostiako Parte Zaharra bolborategi bat da

Batetik, gogorarazi nahi dugu suhiltzaileak aspaldi ari direla borrokan gu guztion segurtasuna bermatzeko eta baliabide nahikorik ez dutelako. Donostiako Udalak entzungor jarraitzen du. Noiz arte? Suhiltzaileak kamioietan protesta kartelak itsatsita daramatzatela ikusi ditugu gure etxeko sua itzaltzeko lanetan gogor ari zirela. Mila esker zuei!

Nabarmentzekoa da EH Bilduk urtarrilaren 25eko plenoan mozio bat aurkeztu zuela, udalak tabernetan ikuskaritzak egin ditzan, hilabete lehenago Abuztuaren 31 kalean gertatutako beste sute baten harira, eta Udal Gobernuak, EAJk eta PSEk, aurka bozkatu zuten aipatutako suteak ohikoak direla esanez, alegia, hemen gertatzen ari denak ez duela arreta berezirik merezi.

Zeren beldur dira? Zergatik ezin dira ikuskaritza lan horiek aurrera eraman?

200 taberna eta 60 biltegi inguru ez al da nahikoa udalak gai honi merezi duen seriotasunez heltzeko? Bizilagunok hala uste dugu eta gure etxepeko sutean denok onik atera bagara ere, zer gertatu behar da udalak arduraz jokatzeko?

Bukatzeko, alkatea bertan izan dela ikusita, espero dugu beharrezko neurriak hartzeko ausardia izango duela, bestela itxurakeriatan ari dela ulertuko dugu.

Loren Loidi, senideak eta lagunak