Nafarroako Irache Tanatorioetako langileak euren lan egoera txarra salatzen ari dira azken asteetan. Lehenengo, Iruñerriko hainbat lekutan pankartak jarri zituzten, eta gero, uztailaren 14 gauean Iruñean, “hileta-martxa” egin zuten sanferminetako Gaixoa ni ekitaldien aurretik.
Gaur egun Irache Taldeak 56 langile ditu, Iruñerriko Irache Tanatorioan eta Nafarroako beste eskualdeetan banatutako beste zortzi enpresa txikitan. Langile horietatik 35ek bost urte baino gehiago daramatzate taldean, eta gainerakoek gutxiago. Langileek salatzen dutenez, duela hamar bat urte egungo zuzendari nagusi Lorena Sánchez sartu zenetik, langileen egoerak urtetik urtera okerrera egin du. 2020tik gaurdaino, adibidez, 127 pertsonak taldea utzi dute edo kanporatuak izan dira.
Irache Tanatorioetan hemezortzi urte lanean daramatzan langileetako batek dioskunez, “egoera jasanezina bihurtu da, eta horrek eraman gaitu mobilizazio txiki hauek egitera”. Uztailaren lehenbiziko hamabostaldian pankartak jarri dituzte Iruñean, Burlatan, Antsoainen, besteak beste: eta uztailaren 14an “hileta-martxa” egin zuten Iruñeko sanferminetako Gaixoa ni ekitaldiaren bueltan.
“Horiek egin aurretik –diosku langileak–, taldeko jabeei bidali diegu idazki bat gure egoera azaldu eta zerbait egin dezaten eskatuz, baina ez digute jaramonik egin eta zuzendari nagusiarekin moldatzeko eskatu digute, hain zuzen ere arazoaren muina den pertsonarekin. Argi utzi nahi diegu gu gabe ez dagoela zerbitzurik”.
Iratxe Tanatorioak hiru ordezkari sindikal ditu, bi LABekoak eta bat independentea. Malkorrate enpresan (Sakana) ordezkari bat dute, UGTkoa. Ordezkari sindikal guztiak datoz bat egoeraren irakurketarekin. ARGIAk LABeko ordezkarietako batekin hitz egin du egoeraz eta aitortu digu, oro har, duten lan-hitzarmena ez dela txarra –ekainaren 30ean berritu zuten–, baina salatu du bereziki txarra dela Nafarroako gainerako herrietan. “Zuzendari nagusiak jarri duen presioagatik, langileak kanporatzen dituzte edo badoaz, eta horren ondorioz, gainerakoek lanordu zama handia dugu, bereziki Iruñerritik harago ari direnek. Herrietan jende gutxiago dago lanerako eta horietan zama itzela da. Denok ditugu oso puztuta gure ordutegiak, eta batzuetan 24 orduko edo 72 orduko txandak egin behar izaten ditugu”.
Langileek salatzen dute langile berriek oso soldata eskasarekin hasten direla lanean, gutxienez lehenengo edo bigarren urtean gainerakoekin parekatu arte. Diotenez, dena hasi zen zuzendari berria etorri zenean, 2016ko bueltan, harrezkero kanporaketak, presio handia eta giro txarra “eguneroko ogia dira”. Zabaldu dituzten datuen arabera, gaur egun lan-taldearen %20 bajan dago estresa medio.
Jasaten zuten egoera gogorraren aurrean, 2018an langileek salaketa jarri zuten zuzendari orokorraren aurka ISPLN Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan. Erakundeak arrazoi eman zien, eta espedientea ireki zuen gaiaz, baina harago joan gabe. “Baina ez zen ezer aldatu, zuzendariak bere ondoko bat kanporatu zuen eta listo”, diosku hitz egin dugun lehen langileak. Ordezkari sindikalaren esanetan, erakunde horretara jotzekotan daude berriz ere.
Joan den abenduan ere egin zituzten ordu erdiko bi lanuzte. Langileak Iruñeko Donibane auzoko tanatorioaren sarreran egon ziren pankarta batekin, “eguerdian, ordurik lasaienean, bezeroei ahalik eta kalte gutxien sortzeko”. Biziki deitoratu dute lan kargen ondorioz hainbatetan eskaini behar dituzten zerbitzu txarrak: “Batzuetan norbait hil dela jakinarazi eta handik bost ordura edo gehiagora joaten gara, lehenago ezin dugulako. Gezurrak asmatzen ibili behar izaten dugu egoera gogor horietan bezeroei egia ez esateko”. Iruñerriko langileek bereziki azpimarratzen dute Nafarroako beste zentroetako egoera txarra, “lan-karga handiez gain, distantzia handiak egin behar dituzte, bereziki Nafarroako hegoaldean”.
Irache Taldearen %55 Nafarroako familia batekoa da, LABeko ordezkari sindikalak azaldu digunez, eta duela bost urte saiatu ziren enpresa Memora tanatorioei saltzen. Beste %45, ordea, Parcesa tanatorioena da, eta horien iritziz, dituzten akzio kopuruak ematen die lehen eroslea izateko eskubidea. Arazoa auzitegietan da, eta oraindik ez da guztiz argitu salerosketa nola egin behar den.