Auzitegi Nazionaleko epaile Jose Luis Castrok Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre preso politikoen baldintzapeko askatasuna baliogabetu eta berriz espetxeratzeko agindu du.
Jose Luis Castro espetxe-zaintzako epaileak Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre espetxera itzultzeko agindua eman du, 100.2 artikulua aplikatzea desegokia dela iritzita. Iparragirre martxoaren 24an atera zen Martuteneko espetxetik.
Iparragirreren kasuari dagokionez, epaileak berak aitortu du kondenen hiru laurdenak betetzeko data hurbil samar dagoela, baina "kondenatua izan zen ekintzen larritasuna" azpimarratu du. Eta Karasatorreren kasuan, argudiatu du Lakuako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren ebazpena "Zuzendaritza Zentroak bere kabuz hartutako erabakia" izan dela, "Tratamendu Batzordearen aldez aurreko proposamenik edo erabakirik gabe".
Espetxeen eskumena duen Eusko Jaurlaritzak erabakitakoarekin talka egiten du Auzitegi Nazionalaren erabakiak. Justizia eta Giza Eskubideen Sailak argudiatu zuen presoek "aldeko bilakaera" izan zutela eta "zigorraren zati handi bat betetzetik gertu" zeudela. Hala ere, Fiskaltzak helegitea jarri zion erabaki horri, "ezkutuko hirugarren gradua" zelako. Auzitegi Nazionaleko epaileak fiskaltzaren irizpide hori babestu du, eta bereziki kritikoa izan da 100.2 artikuluaren erabilerarekin. Ebazpenean ohartarazi duenez, mekanismo horrek "itxaropen faltsuak" sor ditzake presoengan, eta "ondoeza" eragin, "biktimengan eta gizartean". Castro epailea harago joan da, eta araudia erreformatzeko beharra planteatu du, antzeko egoerak saihesteko. 100.2 artikuluaren aplikazioa etetea proposatu du, errekurtsoak ebatzi bitartean.