Ikasle mugimenduen harira, "aldarriak entzuteko eta erantzun konkretuak eraikitzeko" asmoz, ostiral honetan bilduko da Hezkuntza ministro Edouard Geffray lizeotarren elkarteekin, langileen sindikatuekin eta gurasoen ordezkariekin. Lapurdiko hainbat lizeotan izan dira protestak ostegun honetan, eta gutienez hamar gazte atxilotu ditu Poliziak. Euskal Irratiek errandakoaren arabera, aurpegira flashball tiro bat egin diote 19 urteko gazte bati Baionan.
Iragan astean Paris inguruko banlieue edo langileria auzoetako lizeotatik abiaturiko ikasleen mugimendua egunez egunez zabaldu egin da inguruko lizeotara eta azken egunetan Frantziako Estatu mailara ere. Irakasle postuen murrizketen eta bestelako austeritate neurrien harira lan baldintzen txartzea nabaria da oro har lizeo guztietan, baina bilakaera are bortitzagoa dute auzo horietan.
Klasearen eta arrazaren zapalkuntza batzen zaie bertakoei eta "ahaztuak" eta "gutxietsiak" izatearen sentimendu handia dute. Jatorriz kanpotarrak direnak edota beraien ondorengoak direlako auzo horietan bizi dira, eta ekonomikoki zein sozialki ere, prekaritate handiagoan izan ohi direlako. Demagun, pobrezia tasa herrialde mailan %14,9koa baldin bada, %18,3koa da Paris inguruan, eta langabezia tasa guti gora behera %18koa da auzo horietan, %8koa delarik estatu mailan. Hastapenetik bortizkeria handiz erantzun die Poliziak eta kexua areagotu egin die horrek, Poliziaren gehiegikeriak ere bestelako auzoetan baino ohikoagoak dituztelako. Barne ministerioak asteazkenean zabalduriko zenbakiei segi, orotara 625 gazte atxilotu ditu Poliziak.
"Aldarriak entzuteko eta erantzun konkretuak eraikitzeko" asmoz, ostiral honetan bilduko da lizeotarren elkarteekin, langileen sindikatuekin eta gurasoen ordezkariekin Hezkuntza ministro Edouard Geffray. Ikasle mugimendua "kale borroka" bihurtu izana eta "diskurtsoaren erradikalizazioa" deitoratu ditu bere aldetik Sebastien Lecornu lehen ministroak.
Ipar Euskal Herrian ere izan dira protestak ostegun honetan, eta hainbat gazte atxilotu ditu Poliziak. Prokuradorearen kontaketari segi, hamar atxilotu egon dira Baiona inguruan mobilizazioaren lehen egunean. 2027rako aurrekontua aurkeztu zuen egun horretan Sebastien Lecornu lehen ministroak eta paradaz baliatu dira zerbitzu publikoen aldeko mezua eta austeritate politikaren kontrako aldarriak entzunarazteko. Horrez gain, 2018az geroztik martxan den Parcoursup sistemaren [baxoaren ondoko ikasketak hautatzeko plataforma] kontrako irakurketak ere leku handia du lizeotarren aldarrien artean.
Baionan izan dira mobilizazio gehienak, Rene Cassin, Louis de Foix, zein Seaskaren Bernat Etxepare lizeoak blokeatu dituztelako, baina halaber, Lapurdiko beste herrietan ere atera dira ikasleak karrikara (Hendaian, Angelun, Miarritzen...). Poliziak gogorki erantzun du eta atxilotuez gain, kolpatuak ere badira, besteak beste Euskal Irratiek errandakoaren arabera, aurpegira flashball tiro bat jaso duen 19 urteko gazte bat.