argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko LGBTfobiaren inguruko datuak argitaratu ditu Les Bascos elkarteak
  • Plazaratutako galdeketa baten bidez jasotako erantzunen emaitzak eman ditu jakitera elkarteak. Prebentzio eta sentsibilizazio lanen beharra azpimarratu dute.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 14a
Les Bascosek deitutako elkarretaratze bat (Argazkia: Les Bascos)

Egindako galdeketaren emaitzak aurkeztu ditu Les Bascos elkarteak astelehenean, Baionako Txalaparta egoitzan. Abenduan abiatutako inkestaren emaitzak eskuan, LGBT kolektiboak Ipar Euskal Herrian bizi duen egoeraren berri eman dute.

Duela lau urte egoitza ireki zutenetik jasotzen joandako erasoak tarteko, eta egoera hobeto irudikatzeko asmoz, Les Bascoseko kideek sarean galdeketa zabaldu zuten abenduan. 247 izan dira jaso dituzten erantzunak. Orain arte egindako lehen inkesta izanik, jasotako datuak konparatzeko modurik ez daukate, beraz ezin dezakete esan erasoak areagotu ala apaldu egin diren. Dena den, datozen urteetan inkesta errepikatzeko asmoa agertu dute, konparazioak egitea ahalbidetuko diena.

Galdeketa erantzun dutenen erdia erasoren baten lekuko izan da, eta erasoren baten biktima herena. Eraso gehienak ahozkoak badira ere, %8,4 fisikoak dira. Salaketei dagokienez, ordea, kasuen %9 besterik ez dira salatu. “Salaketa ezartzeak homosexualitatea publikoki onartzea erran nahi du batzuentzat, eta horrek frenatzen ditu. Baina biktimek ere jasotako erasoak ezerezten dituzte maiz”, elkarteko Beñat Gachenen arabera.

Arreta eman die erasoen laurdena eskola eremuan eman izana, horietatik %13,2 kirol edo aisialdi ekintzekin loturan. Lan eremuan jasota egoeraren berri ere eman dute erantzunek, erantzun dutenen laurdenak onartu baitu lanean deseroso sentitzen dela.

Prebentzio eta sentsibilizazio lanaren beharra

Datuak mahaigainean, prebentzio eta sentsibilizazio lana indartzeko beharra ikusi du Les Bascosek. Batetik, beren lana ezagutzera emateko nahia agertu dute, laguntza behar duenak eurengana jo dezan. Horrez gain, botere publikoak interpelatu dituzte, homofobia aztertzeko Ipar Euskal Herriko behatoki bat sortzea proposatuz.