Ipar Euskal Herriko lehen Harrotasun Martxa Erradikala iraganen da larunbatean Baionan

  • Santa Izpiritu auzoko Charles Floquet karrikatik abiatuko da martxa 15:00etan, eta ikuspegi intersekzionaletik eta transfeministatik abiatuta, bere irakurketa politikoa zabalduko du duela zenbait hilabete sorturiko Ipar Euskal Herriko kolektibo transmaribibolloak.

Aurtengo Baionako besta alternatiboen hasieran plazaratu da lehen aldikotz Ipar Euskal Herriko transmaribibollo kolektiboa. Zizpa gaztetxea

2026ko irailaren 17an - 15:53
Azken eguneraketa: 17:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Ekitaldi merkatal bat izan beharrean, ekintza politiko eta erresistentzia gune izanen den Pride bat biziaraztea dugu helburu. Gure Pride-a ez da asimilazioaren ospakizun bat, haatik bada ezberdintasunaren, sormen politikoaren eta intsumisioaren berreste bat". Horrela aurkeztu zuten duela zenbait hilabete Ipar Euskal Herriko lehen Harrotasun Martxa Erradikal hau. Larunbatean 15:00etan abiatuko da Baionako Santa Izpiritu auzoko Charles Floquet karrikako 39 zenbakitik eta hirian zehar geldiune batzuk eginda zabalduko dituzte beraien aldarriak.

Borroka eta festa batzeko gune izanen da larunbateko Harrotasun Martxa eta ekimenak gaztetxean segituko du 20:00etatik aitzina. Performanceak, Alu Zikinak taldearen kontzertua eta Aloe Vera eta Linda Demorrir Dj-ak izanen dira bertan. Sarrera bakar batzuk eman dituzte salgai aitzinetik eta besteak gauean berean izanen dira salgai. Martxa LGBTQI+ pertsonen aliatuei ere irekita baldin bada, gaualdia, ordea, ez-mistoa izanen da –galdeketan edota deseraikuntzan diren pertsonei ateak irekiak izanda–.

Munduaz, zapalkuntza sistemez eta LGBTQI+ identitateei buruzko hausnarketa bat ontzen aritu da berriki sorturiko Ipar Euskal Herriko kolektibo transmaribibolloa. Zehazki, transfeminismotik, hain justu, "borrokak indibidualizatzen dituzten feminismoaren ikuspegi liberalak" ez dituztelako onartzen, baita intersekzionalitatetik ere, zapalduen borroka ezberdinen arteko "elkartasun sare transbertsalak eraiki nahian", beti ere "aliantza konkretuak eta elkar sostengatzeko praktikak bilatzeko". Borroka horiek anitzak dira: kuir borroka, antirrazista, antikapitalista, elbarrituena, ekologistena, antiespezistena, kartzelen aurkakoena eta oro har, beste edozein zapalkuntzaren kontrakoak.

Finean, Kazeta.eus-en antolatzaileek adierazi bezala, heterosexuala ez izatea ez delako nahikoa genero- sexu-disidentea izateko: "Ez da aski homosexuala edo bisexuala izatea disidentea izateko. Gure pribilegioez oharturik, landu egin behar ditugu, egiazko aldaketa sozialak lortzeko. Beraz, ez dugu sinesten LGBT+ mugimenduaren normalizazioan, sistema kontsumitzaile eta zapaltzailea barneratzen duelako".

Bezperan, hitzaldia antolatu dute Planning Familial elkarte feministaren egoitzan: "Harrotasun erradikalak eta kuir borroka Euskal Herrian". Euskal Herri mailako hainbat kolektibo transmaribibollo egonen dira bertan, beraien borrokaren berri emateko eta elkarren artean trukatzeko. 19:00etan jarri dute hitzordua.

Testuingurua: eskuin muturra gora

Ipar Euskal Herriko Hitza-ri eskainitako elkarrizketan antolatzaileek adierazi dute gaur egungo testuinguru soziopolitikoak ere hauspotu diela antolatzeko gogoa: "Sare bat sortu nahi genuen, ikusiz egoera politikoa okertzen ari dela, eskuin muturra eta orotako erasoak goiti egiten ari direla, zerbait egin behar genuen". LGBTQI+ borroka antifaxismotik eramateko beharra ikusten dute.

Azken urteetan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gaindi loratzen ari den genero- eta sexu-disidenteen borrokaren ekimen berria izanen da larunbatekoa. Hitzordu nagusien artean, Atharratzen (Zuberoa) egin ohi den Bekat'Uros hitzorduari gehitu behar zaio beraz Harrotasun Martxa Erradikala. 


LGBTI kanalean gehiago
2026ko irailaren 21
Harrotasun Martxa Erradikala Baionan
Hesien gainetik, harrotasunez

2026ko otsailaren 11
Berriketa gutxi
Bixente

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.