Pirinio Atlantikoetako Turismo Agentziak uztaileko eta abuztuko departamentuko turismoaren kopuruak eman ditu. Bi urteko beherakadaren ondoren, egonkortu egin da aurten Ipar Euskal Herriko bisitarien kopurua.
Guztira, bisitariek sei milioi gaualdi igaro dituzte udan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Lapurdiri dagokionez, Donibane Lohizunek igarotako gaualdiak %5 igo dira –774.000– iazkoekin alderatuta; kontrara, %3 eta %10 arteko behera egin dute Hendaian –593.000–, Bidarten –776.000–, Biarritzen –milioi bat– eta Angelun –794.000–. Baionan –830.000– iazkoen antzeko datuak izan dira.
Ipar Euskal Herriko barnealdeari dagokionez, berriz, azken urteetan beherakadak jarrai du: %11ko jaitsiera izan da Hazparnen –110.000– zein Donapaleun –49.000–; %7koa Donibane Garazin –69.000– eta %3koa Zuberoan –106.000–. Besteak beste, turismo agentziak 2023an Ipar Euskal Herrian indarrean sartu zen alokairu turistikoak mugatzeko legeari egotzi dio zenbait herritan turismoaren datuek izandako beherakada.
Bisitari espainiarren nagusitasuna
Bisitarien jatorriari helduta, Ipar Euskal Herriko Turismo Agentziak Espainiako Estatutik etorritako bisitarien kopurua azpimarratu du: %13 gehiagok bisitatu dute departamentua aurtengo udan, Hego Euskal Herriko turistak barne.