Frantziako Gobernuak aurkeztu duen 2025eko finantza lege-proiektuaren arabera, irrati elkarteek jasoko duten laguntza ekonomikoa %35 murriztuko da. Murrizketak, hamar milioi euro gutxiagoko diru-laguntza jasotzea suposatuko luke. Irratien elkarteak esan du "lurraldearen bizi demokratiko, kultural eta sozialean funtsezko rola duten irratiak" arriskuak jarriko lituzkeela.
Ipar Euskal Herriko Irrati Elkarteak murrizketen aurkako agerraldia egin dute urriaren 25ean. “Oso kezkatuta” daudela adierazi dute Uztaritzen bildu diren elkarteek. Irrati elkarteetako ordezkariek mahaigaineratu dute erabakiak “langileak eta hedapena” arriskuan jarriko lituzkeela. Euskal Irratiak, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta beste hainbat irratik ohartarazi dute “egoera kezkagarria” dela. Irrati Adierazpenaren Laguntza Funtsaren (FSER) murrizketek hainbat irratiren desagerpena eragingo lukeela jakinarazi dute, eta horrez gain, “lurraldeko aniztasuna eta kultural eskaintza ere murriztu” egingo liratekeela.
Jojo Bidartek, Irulegiko Irratiko lehendakariak, euskararen egoera “prekarioa” dela gogorarazi du, eta euskarazko irratiek “funtsezko transmisio eta bizitasun aktore gisa” jokatzen dutela.
Irrati Libreen Sindikatu Nazionaleko (SNRL) ordezkari nagusiak azpimarratu du mobilizazioak fruituak ematen ari direla, eta batzorde batean Frantziako legebiltzarreko hainbat parlamentarik proposatutako emendakina onartu dutela. Diputatu guztien adostasunez onartutako emendakin horrek Frantziako Gobernuak planteatutako aurrekontu murrizketa bertan behera utziko luke, irrati elkarteen laguntza funtsa handituz. Hurrengo pausoa hemizikloan bozkatzea izango da, azken onarpena lortzeko. Hala ere, mobilizazioak egiten jarraituko dutela iragarri dute.