2.470.000 euro banatu dituzte Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) eta EAEko Gobernuaren artean, hizkuntza politikarako mugaz gaindiko lankidetzaren barruan. Iaz baino 540.000 euro gehiago banatu izana baikorki baloratu du Euskal Konfederazioak.
"Emendaketa polit horrek, zailtasun ekonomikoan diren hainbat eragileri on eginen die beren jarduera baldintza hobean garatu ahal izateko, lasaitasuna emanen die, urte bakar batez bada ere". Horra nola baloratu duen Euskal Konfederazioak EEPk eta EAEko Gobernuak aurtengo banaturiko diru poltsa. 2.470.000 euro banatu dituzte Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileei, iazko urtean baino 540.000 euro gehiago –2017az geroztik ez zen izan emendiorik–. Zehazki, EEPren ekarpena 1.970.000 eurokoa da –+440.000 euro– eta Eusko Jaurlaritzarena, berriz, 500.000 eurokoa –+100.000 euro–.
"Bi partaideek aurten ere lehentasunezko sostengu ekonomiko eta teknikoa adierazi nahi diete eskaintza iraunkorra egituratu duten eta euskararen transmisioan, ikaskuntzan, erabileran eta hedapenean modu eraginkor eta iraunkorrean ari diren hizkuntza politikako eragile identifikatuei", adierazi dute EEPko eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako saileko ordezkariek, Baionan egindako agerraldian. Zehazki, 2.300.000 euro dituzte hitzarmen bidez banatu, orotara hamahiru eragileri (Seaskari 405.000 euro, AEK-ri 750.000 euro, 260.000 euro Euskal Irratiak sareari, Uda Lekuri 240.000 euro...). Bestalde, 170.000 euro partekatu dituzte bestelako eragile batzuen artean, proiektu-deialdien bidez (Oreka zirko eskolari 13.500 euro, Euskal Monetari 16.000 euro, UEUri 4.000 euro...).
Hala eta guztiz ere, euskalgintzaren behar guztiak ez dira estalirik, diru-poltsa 1.280.000 eurotik 2.560.000 eurora pasatzeko beharra mahai gaineratu zuelako duela hamar urte egindako ikerketak. Hori horrela, irakurketa gazi-gozoa egin du euskalgintzako eragileak batzen dituen Euskal Konfederazioak. Oharpena egin du bere irakurketan: euskalgintzako egiturak bizirik mantentzeaz harago, "Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko epe luzeko inbertsio iraunkorra egitea" da dirulaguntza horien helburua. Hots, 2050era Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %30 euskalduna izatea da finkaturiko lehen urratsa –EEPk ere 2024an bere egin zuena–. Helburua partekatzen badu ere, EEP osatzen duten lau eragileek –Frantziak Estatua, Eskualdea, Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa– ez dute behar den dirutza bideratzen. "Laguntza ekonomiko sendoago eta iraunkorragoa" eskuratzearen beharra azpimarratu du, beraz, Euskal Konfederazioak.
2007an abiatu zuten EEPren eta EAEko Gobernuaren arteko hizkuntza politikarako mugaz gaindiko lankidetza. Iazko apirilaren 4an Baionan izenpeturiko hitzarmen berriarekin lankidetza berretsi zuten 2025-2029 epealdirako.