Ipar Euskal Herriko 115 profesionalek osasun zentroetan “lehentasunez” euskaraz artatzea eskatu dute

  • Osasungintzako ehundik gora langilek, Euskal Herrian Euskarazekin elkarlanean, manifestua sinatu dute. Euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatuak direla salatu dute. Euskal Herriko osasun zentro guztiei eskatu diete “lehenik euskaraz aritzea, eta gehienik ere bai”, pazienteak euskaraz artatua izan nahi duela eskatzeko beharrik gabe.


2026ko otsailaren 16an - 10:59
Donostiako ospitala, horman euskaraz egitera bultzatzen duen ikurra agerian dela. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Arlo askotako osasun profesionalek sinatu dute manifestua, besteak beste, medikuek, farmazialariek, psikomotrizitatekoek, ergoterapeutek, erizainek, ortofonistek, pediatrek eta psikologoek. Ipar Euskal Herriko hamarnaka herritakoak dira.

Gaur egun, Euskal Herriko osasun zentro gehienetan euskaldunek bizi duten tratua salatu dute. Bigarren mailako herritartzat hartzen dituztela diote, zentro gehienetan euskara bigarren mailako hizkuntza delako, eta “kasurik txarrenetan ez da kasik batere erabiltzen”. Osasun zentro guztietan ahozko eta idatzizko komunikazioak lehentasunez euskaraz izatea eskatu dute.

Pazienteek arreta eta arta euskaraz jasotzeko eskubidea dutela azpimarratu dute, baina gogoratu dute eskubideaz haragoko kontua dela pazienteak bere hizkuntzan artatzea: batetik, garrantzi handia dauka osasun langilea eta pazientea elkar ondo ulertzeko, eta bestetik, arta euskaraz eskuratu nahi dutenentzat profesionalekin hizkuntza horretan aritzea “terapeutikoa da”. Gehitu dute arta euskaraz eskaintzea garrantzizkoa dela, pazientea eskatzen aritu beharrik gabe. Urteak dira osasungintzako hainbat profesional eskaintza aktiboa kontzeptua zabaldu eta aldarrikatzen ari dela. Eskaintza aktiboa egiteak esan nahi du osasun profesionalek lehen kolpean eskainiko diotela pazienteari euskarazko arta, pazienteak berak eskatu gabe. Egoera zaurgarrian egon ohi da pazientea osasun zentrora jotzen duenean, eta eskaintza aktiboaren alde egiten duten profesionalok adierazi izan dute ezin zaiola gaixoari eskatu hizkuntza kudeaketan aritzea. Bestalde, euskaraz artatzea hizkuntza eskubideaz harago kokatzen dute, manifestu honetan profesionalok jaso duten ildo beretik: euskaraz artatzeko eskubidea izateaz gain, kalitatezko arreta eskaintzeko ezinbestekotzat dute profesionalak euskaldunak izatea, ez da nahikoa bere alorreko ezagutzak izatea, pazientearen hizkuntza jakin behar du profesionalak.

Pazientearen eskubideaz gain, langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea ere aldarrikatu dute manifestuan, eta osasun zentroen betebeharra dela, berriz, euskaraz zerbitzuak eskaintzea.

Lehentasunez euskaraz arituko diren osasun zentroak eskatzearekin batera, kalitatezko osasungintza publikoa aldarrikatu dute, eta horretarako inbertsio handiagoak egitea eta profesionalen lan-baldintzak hobetzea.


Irakurri gehiago: Euskara Osasuna Gizartea
Euskara kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua)
"Bageneukan susmoa baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu"

2026ko martxoaren 11
Bixente Claverie, AEK-ren Nazio Kontseiluko Ipar Euskal Herriko kidea
"Borondatea baldin badugu, lortuko dugu 2050ean hiztunen kopurua %30 izatea"

2026ko martxoaren 4
Berriketa gutxi
Premium

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.