Intimoaren babesean

Leire Ikaran / ARGIA CC BY SA

2026ko uztailaren 1ean - 11:15
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

La Rate Timide eta Alai
Non: Mefsst! jaialdian, Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean.
Noiz: Ekainaren 20an.

-----------------------

Arratsaldeko 17:00ak, udaberriko azken larunbata da, sargori dago eta Getarian aparkatzea ez da gauza erraza izan. Kotxeko aulkiak lepoaldean uzten duen hezetasun itsaskor hori ezin kenduta egin dut Getariako Gaztetxerako bidea. Gazte Asanbladak eta Graka Kolektiboak Itxiera festa antolatu dute 23 urtez aterpe izan duten espazioari agur esateko.

Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, eta ekainaren 20koa da traka finala. Edo hobeto esanda, matraka: 11 kontzertu, ia gehienak “core” gisakoak, izan fast, izan hard, edo izan melodic. Orokorrean erritmo biziak, oihu asko, eta publikoan beltz koloreko arropa nagusi. Ikusi ditugu Üther, Min, Zaaf, Shibari eta Gal. Meisonen txanda iritsi da, baina Mefsst!-ek antolatutako serigrafia tailerrera ere iritsi nahi genuenez, talde berriztarraren kontzertu erdian egin behar izan dugu alde Zarautzera, bolumen altuak uzten duen piiiiii hori ezin kenduta.

Zarauzko Hiruputzu Gaztetxera iritsi presaka, giro oso desberdin batean murgildu, beste talde bateko kamiseta poltsatik atera, alderantziz jarri, eta pintura gorriz serigrafiatu didate Mefsst! letra larriz, arratoitxo batzuen irudi eta guzti. Ez dut uste kasualitatea izango denik arratoien iruditegi hori, oholtzara igo den lehen taldearen izena ikusita: La Rate Timide.

Duela hiru urte batu ziren Madrilen Paula, Jaione, Carla eta Janire. Lagun artean jotzen hasi, eta orain, Ya lo han hecho antes (2026) diskoa kaleratu dute. Punk elegantea dela beraiena diote, eta hala iruditu zait, frantsesez kantatzeak ere izango du bere eragina nigan, seguru. Guztiaren gainetik lagunak direla nabari da, elkarrekin ondo pasatu dutela, bai oholtza gainean, baina baita intimitatean ere. Abestiak ere beraien istorioa propioen isla dira, horrela ohartarazi digu Paula abeslariak: datorrenak gezur gehiegi kontatzen ditu egia izateko, baina egia gehiegi ezkutatzen ditu gezurra izateko; eta horrela joan gara ezagutzen igerileku batean ostikada ematen dizun matxiruloa, poliziaren aurrean abandonatzen zaituen laguna, edo bizi zaren leku horren parte ez sentitzearen gezur propioa.

Eta kontzertuak aurrera egin ahala, elegantzia amorru bilakatu da, istorio guzti horietan gutaz ere ari direlako. Oihu egitea izan da amorru kolektibo horren askapena, taldekideak ere gure albora jaitsi dira, guztiok elkarren ondoan dantzatzen bukatzeko, batak bestea sostengatuta.

Beste abiadura bat hartu du gauak Alai eszenatokira igo denean. Krisalida (2025), laugarren lan luzea aurkezten dabil ekoizle eta konposatzaile tolosarra. Testura elektronikoek adierazita, intimitatearen narratiba bat izan da. Ahotsaren, pad-en eta sinte-en elkarrekintzak, elektronika hauskor bat eraiki du, eta bedroom pop-ean ohikoa den norbere gotorleku sakonenak erakutsi dizkigu Alaik. Haurtzaroa atzean uzteaz, ardurak hartzeaz eta zaurgarritasuna erresistentziarako tresna gisa erabiltzeaz hitz egin digu. Oroitarazpen bat izan da, norbere gela izateak duen garrantziaz, pertsonala politikoa bihurtzeko bidean.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...