Jon Torner
jontorner@argia.eus
EGMk (Estudio General de Medios) Internetek azken hilabeteetan espainiar Estatuan izan duen bilakaeraren inguruan eginiko galdeketaren datuak ezagutarazi berri ditu. Horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa hirugarren postuan dago Internet erabiltzaileei dagokienez, Madril eta Kataluniaren atzetik. Madrilen biztanleen %35,2k erabiltzen du Internet, Katalunian %30,8k eta EAEn %29,1ek. Nafarroa, bestalde, zazpigarren lekuan dago, %25,5arekin. EAEn 2001ean internauten kopurua %25,1ekoa zen eta 2002an %27,1ekoa. Nafarroan hazkundea handiagoa izan da. 2001ean biztanleen %17,3k erabiltzen zuen Internet eta 2002an %20,9k.
Maila sozial ertaineko herritarren artean dago internauta gehien
Espainiar Estatuan azken zortzi urteetan Internetek izan duen bilakaerari so egiten badiogu, zulo digitala dezente murriztu dela konturatuko gara. 1996an Internet erabiltzen zuen biztanleen %67,5 klase sozial ertain edo altukoa zen eta azken inkestaren arabera zifra hori %39,3koa da. Egun, erabiltzaileen %41,3 erdi mailako klase sozial horretan kokatzen da eta %17,4 erdi-beheko mailan. Duela zortzi urte internauten %32 maila sozial altukoa zen eta egun %16 soilik dira.
Txat-ek indarra galdu dute
Interneten arrakasta handiena izaten jarraitzen duten zerbitzuak nabigazioa eta posta elektronikoa dira. Nabigatzeko internauten %92,3k erabiltzen du (1996an %72k) eta mezu elektronikoak bidaltzeko %82,2k (96an 66,2k). Hirugarren lekuan bat-bateko mezularitza zerbitzua eta fitxategien transferentziak ageri dira (%27,9), laugarrenean txat-ak (%22,2) eta bosgarrenean zerrenda honetan lehen aldiz agertzen diren P2P artxiboen trukatze zerbitzuak (%17). Bereziki aipagarria da txat-ek izan duten beherakada. Eztabaida taldeek ere gero eta arrakasta gutxiago dute.
Yahoo! ataria da nagusi
EGMk eginiko galdeketaren arabera,
Yahoo! ataria da bisita gehien izaten dituen web gunea. Azken hilabetean adibidez 3,5 milioi bisita jaso ditu. Bigarren postuan
Terra dago (3,1 milioi bisitari), hirugarrenean
Ya.com (1,2 milioi bisitari), laugarrenean
Marca aldizkaria (milioi bat bisitari), bosgarrenean
Páginas Amarillas (967.000 bisitari) eta seigarrenean
El País egunkaria (904.000 bisitari). Bisita kopuruari dagokionez beherakada nabarmen samarra jasan dutenen artean, besteak beste, ekonomiari buruzko
Expansión eta
Invertia web guneak daude. Bestalde, 20 gune bisitatuenen artean bakarra da euskalduna:
El Correo , alegia. 200.000 bisitari izan ditu azken hilabetean.
* Google bilatzaileak 2003an bilaketak egitean gehien errepikatu diren hitzak ondorengo helbide honetan bildu ditu:
www.google.com/press/zeitgeist.html
Datuok interneten daude kontsultagarri
Aipatu datu horiek guztiak bere web gunean bildu ditu
Komunikabideen Ikerketarako Elkarteak (AIMC). Beste hainbat sailkapen ere aurki daitezke bertan, sexuaren eta erabiltzaileak Internetera konektatzen diren lekuen araberakoak, adibidez. Datu guztiak ondorengo helbide honetan daude:
www.aimc.es/03internet/31.html